GURASO-ESKOLA           6. SAIOA

GAIA : ADOLESZENTZIA : NORTASUN-KRISIA eta SORTZEN DIZKIGUN SENTIMENDUAK

HELBURUAK :
  • Etapa honetan gertatzen den nortasun-osaketaren garrantziaz eta horrek dakartzan sentimenduez gurasoak jabetu daitezela.

  • Geure seme-alaba adoleszenteekin ditugun harremanek sortzen dizkiguten sentimenduak azaleratzea eta garrantzia kentzea.

METODOLOGIA :

1.- Irakaslearen azalpena erantsitako materialarekin

(Denbora: 15’)

2.- Talde-lana "Badakit ergelkeria ematen duela, baina beldurra diot..." testuarekin

* Zer pentsarazten didate esaldiok?

* Ohartzen al naiz semeak/alabak zakarkeriak bota arren, gai honen inguruan buruhausteak ere badituela? Zer esango zenioke aita edo ama bezala?

(Denbora: 15’)

(Iradokizuna: saia zaitez esaldiak zerorrek amaitzen, edo utzi seme-alabari bere ustetan erantzunik egokienak aukeratzen).

3.- "Nola sentiarazten digute...?" orria banatu, eta bete dezatela bakarka eta isilik.

(Denbora: 10’)

4.- Taldean eztabaidatu eta ideiak idatzita bildu. Ondoren, idazkia jaso.

(Denbora: 30’)

5.- Bateratze-lana

(Denbora: 20’)

6.- Banatu "Aita berekoiaren eskutitza"

Bibliografia :
  • "Psicología de la Adolescencia"- Angel Aguirre Baztán – Marcombo . Bartzelona 1.994

  • "¿Cómo organizar una Escuela de Padres?" –JJ Brunet eta Jose Luis Negro – Ed. San Pio X- Madril 94

  • "Guía para madres y padres preocupados por sus hijos e hijas adolescentes (aunque no consuman drogas) "- Jaume Funes – Cuadernos de la FERE

GURASO-ESKOLA - 6. SAIOA

ADOLESZENTZIA : NORTASUN-KRISIALDIA

Krisialdian hausnarketa egiten dugunean hauek izan behar ditugu kontuan: arriskua, eta, behin krisia gaindituz gero, heldutasuna. Gazteari eginkizunen aldaketak sortzen dion arazoa; alegia, haurtzaroko oreka joan denean, bizitzarako erabaki garrantzitsuak hartu beharra: lanbidea, gurasoekiko harremana, sexualitatea, maitasuna...

Gurasoon jarrera anbiguoa eta kontraesankorra: batzuetan, seme-alabari haurrei bezalako obedientzia edo esanak betetzea eskatzen diogulako, eta bestetan, berriz, heldu baten burujabetasuna izatea... Krisialdi honek hainbat alde ditu:

* Ni-a adieraztea: Gazteak besteengandik bereizten duten ezaugarriak azpimarratzeko beharra du orijinala eta deigarria izanez.

- Bakardaderako joera (egunkariak, olerkiak). Bere buruan hausnartzeko guneak bilatzen ditu: logela da bere gogo-aldartearen eta emozioen irudia.

- Helduen aurrean ziurtasuna erakusten du, edo bestela ziurtasun eza haserrearen edo asalduraren bitartez agertzen du.

- Bere kezkez barre egiteak mindu egiten du, edo barregarri uzten badute, oso sentiberak dira eta.

- Bere balioa lehiakortasunaren eta kirolaren bidez frogatzen du. Kezkatuta dabil besteek beraz zer pentsatuko ote duten.

- Egolatria (= norberekoikeria ezkorra), onena dela uste izatea, munduaren zilborra izatea... Aldi edo etapa psikologiko iragankorra.

- Bitxikeriak:

. Janzkeran, orrazkeran

. Iskanbilatsua izatea, "abenturez" harrotasuna agertzea...

. Hizkera: biraoak, hitz-jokoak, argota

. Taldeak elkarren artean eta helduengandik bereiztea ("tribu"-ak).

*Helduen balore-sistemaren aurkako jarrera: familia, erlijioa, gizartea, ohiturak, morala, erakundeak... "beren burujabetasunaren aurka" doan ororen kontra. Berak nahi bezala jokatu ezinik, familia edo gizartearen inposaketa guztien kontra bideratzen du ezintasuna.

"Elkar ulertze falta": Bizipen eta handinahi berriak ditu orain, lehen ez zituenak, baina helduek oraindik haurtzat jotzen dutela sumatzen du.

Horren guztiaren ondorioz sortzen da agresibitatea -indarkeriatik bereizi behar dugu -; eta adoleszenteak kanpoaldera adieraz dezake (gurasoak izutzeko eta nahi duena lortzeko), edo barrualdera, bere burua zaurituz, esate baterako (ukabilkadak hormaren kontra, anorexia, suizidioa).

Nortasun-osaketa :

1.- Bere burua nola ikusten duen: Autoestimua /Norberaren gorputzaren irudia /

Familiaren irudia / gizarte-eta kultur testuingurua

2.- Autonomia eta familiarekiko emantzipazioa: Familiak uzten ez badio –amak, maitasun-loturengatik batez ere; edo inposaketaz, ia beti aitarena-, adoleszenteak hazteari uko eginez erantzun dezake, baita indarkeria erabiltzen edo ihes egiten ere.

3.-Bizitzarako erabakiak:

* Sexu-rol-a

* Lanbidearen aukeraketa. Hemen eragin handia izaten dute familiaren itxaropenek:

- Gurasoen bete gabeko desirak -frustrazioak - edo familia-tradizioa

(epaileak, medikuak)

- Familiaren maila eta baliabide ekonomikoak

- Lanbidearekiko gurasoek duten jarrera

- Gurasoekiko harremana: identifikazioz lanbide bera aukeratzea, edo aldentzearren, ezberdina.

* Ideien eraketa: heldutasunerako eta hazkunderako positiboak dira ideiak, eta motibazioaren zati garrantzitsua osatzen dute. Etengabe eta aldez aurretik zapuzten badizkiegu, ordea, pertsona axolagabe eta eszeptikoak egingo ditugu, borroka egiteak ezertarako balio ez duela ikasten dutelako, edo dituzten helburuak lortzeko gaitasunik ez dutela iruditzen zaielako.

Orokorrean krisialdirik gabe ez da nortasuna lortzen, bestela beste batzuek hartutako erabakien menpe egoten da.

Haur batek lanbidea aukeratzean abentura du gogoan.

Nerabe batek, ospea.

Pertsona heldu batek, ostera, zer aukera nahiz gaitasun duen kontuan hartu beharko du, eta, gainera, agian frustrazioa ere jasan.

" BADAKIT ERGELKERIA EMATEN DUELA,

BAINA BELDURRA DIOT..."

* Heldua izateari.

* Jendeak nire itxuragatik baztertuko ote nauen.

* Heriotzari. Baina bizitzari ere bai.

* Gauza askori. Iluntasunaren beldur naiz. Baina nire baitan dudan beldur handiena bakarrik geratzea eta norekin mintzatu ez izatea da.

* Nire beldur nagusia hau da: nire aurreiritziak direla-eta, gehien eragin nauen eta gehien estimatzen dudan pertsona nitaz nazkatzea, eta ni bakar-bakarrik geratzea.

* Esku hutsik hiltzeari. Estimatzen eta maite dudan jendea urte gutxi barru desagertzeari.

* Norbaitek min emango ote didan. Horregatik jartzen ditut mugak besteen aurrean, eta neure baitan murgiltzen naiz.

* Bakarrik eta lagunik gabe geratzeari.

* Etorkizunari; ez baitut batere argi. Heriotzaren beldur ere banaiz, ikaratu egiten nau egunen batean hemen ez naizela izango pentsatzeak.

(17-18 urteko ikasleei egindako galdeketa baten erantzun sorta.)

"¿Cómo organizar una Escuela de Padres?" - JJ Brunet eta Jose Luis Negro-Ed. San Pio X- Madril 1.994, liburutik hartua.

Nola sentiarazten digute geure seme-alabek ?

* Une honetan zer sentitzen duzu zeure semea/alaba gogoan baduzu?

* Zer izenondo edo adjektibo erabiliko zenuke zeure bizitzako etapa hau definitzeko?

* Zer sentitzen duzu zure semea/alaba ezin menperatuko duzula pentsatzean?

* Hainbeste urte beraiez kezkatuta ibili ondoren, oraindik ere gehiegizko karga emozionala eragiten al dizute?

* Zer itxaropen dituzu seme-alabekiko, betetzen ari ez direnez, frustrazioa eragiten dizutenak?

* Baina ez gaitezen ezkorrak izan: asko arakatu behar baduzu ere, nola sentitzen zara arduratsuak, zentzudunak, xarmagarriak edo atseginak direnean?

Orri hau bete eta gero, taldekoekin eztabaidatu: ideia komunak eta ezberdinak ikusi, zer jarrera eta sentimendu ez zaren onartzen ausartu eta abar. Bete ezazue beste orri bat bateratutako ideiekin, gero talde osoari aurkezteko.

("Guía para madres y padres preocupados por sus hijos e hijas adolescentes (aunque no consuman drogas) liburutik hartuta– Jaume Funes –FEREko liburuxkak)

AITA BEREKOIAREN ESKUTITZA

Seme maitea:

Batzuetan, zu ohartzen ez bazara ere, gure harremanen gainean pentsatzen hasten naiz, eta oraingoan zuri barkamena eskatu behar dizudala ikusi dut, zurekin beti neurekoi jokatu izan dudalako. Harrituta al zaude? Beno, ba hara :

Zu jaio baino lehenagotik zetorren nire jarrera okerra, nahita etorrarazi baitzintugun amak eta biok: zu jaiotzea, ez genuen deskuiduan erabaki; zu haurra izatea gozatu nahi genuen. Neure zoriontasunean besterik ez pentsatu izateak agerian uzten du neurekoia izan nintzela. Gainera, zure adoleszentzian pentsatuta atera genituen kontuak jaioko zinen urtea kalkulatzeko; hau da, orain duzun adinean ni oraindik "gaztea" izan nendin (etzazula barrerik egin, badakit-eta zure ustez zahar hutsa naizela), batez ere geure gogoko gauzak bion artean egiteko. Neure zoriontasuna nuen helburu; neurekoi hutsa izan nintzen, bada.

Zuri esker berriz gaztea izango nintzela pentsatzea izan zen neurekoitasunaren gailurra: zeure arazoak eta abenturak kontatuko zenizkidan (ezkutukoenak ez noski), berriz biziko nituen nik zure urteekin izandakoak -oso antzekoak dira-eta -. Ikusten? Neure gogoan soilik ni, zu ez ... Neurekoi hutsa naiz.

Baina ez hori bakarrik: zure etorkizunean pentsatzean, heldua, gizarteari ongi egokituta eta ongi bizitzen ikusten zaitut; hori baita neure ustetan zuretzat espero behar dudana, eta lortuz gero oso harro izango naiz. Berriz ere ni eta ni, betiko neurekoitasun hori.

Entzun, seme, batzuetan zu zaitut gogoan, eta zeurekoia izatea nahi dut.

Gai hau behin baino gehiagotan hitz eginda daukagula uste dut, ia beti "bronka" baten ondoren, eta onartzen dut ez dela zurekin elkarrizketa bat izateko momentu egokia, ezta zuk ni ulertzekoa ere.

Baina pena izugarria ematen dit txorakeriengatik eta biok ditugun aurreiritziengatik (dela sasi-paternalismoa, belaunaldien arteko borroka, bata bestearen aurrean egiaz azaltzeko beldurra...), elkarrekin egoteko eta ongi pasatzeko denbora galtzen ari garela! Are gehiago oraindik pilotan irabazten zaitudanean! Ala?

Hara, eskutitz hau askoz luzeagoa izan liteke, baina hementxe bukatuko dut zeure tiradera "txukun" horretan sartu eta betiko galdu baino lehen, gehiegi luzatzen badut disko bat jartzera joango zara eta.

Honi buruz luzeago mintzatu nahi baduzu, bazter itzazu nire akatsak eta nirekin dituzun aldeak, eta har ezazu lasai nire bizitzaren edozein une.

Ez ahaztu!: barkaidazu berriro, zurekin beti izango bainaiz neurekoi hutsa.

Aita

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail