GURASO-ESKOLA           5. SAIOA

GAIA: AGRESIBITATEA
HELBURUAK:
  • Adoleszentearen agresibitatea bere ingurunean kokatzea.

  • Gurasoentzat hain latza den gaia desdramatizatzea.

  • Agresibitatea geldiarazteko moduak elkarrekin bilatzea.

METODOLOGIA:

1.- Irakaslearen azalpena erantsitako materialarekin.

(Denbora: 30')

2.- Azaldutakoaren arabera, talde-lana zeregin honekin:

Zuen seme-alabaren agresibitatea geldiarazteko edo agresibitate horretan esku hartzeko lau modu adierazi.

(Denbora: 30')

3.- Ideiak bateratu eta ondorioak atera.

(Denbora: 30')

Oharra: Azken orrian aipatzen den liburua euskarri gisa erabili, eta ondorengo pasarteak ikusi. Bide batez, liburua gomendatu.

AGRESIBITATEA ETA INDARKERIA

Sexu, hormona nahiz psikologia aldetik nerabeek edo adoleszenteek jasan behar dituzten aldaketek nerabeen hain ezaguna den suminkortasuna dakarte, horregatik sentitzen dira ohi baino urduriago eta sentiberago. Horren ondorioz, beren buruaren defentsan eta era berean besteei erasoka jarduten dira beti, baina batez ere beren burua babestu nahian ("ez dago eraso on bat baino defentsa hoberik"). Eraso egin nahi diotela uste duen gaztearekin harremanetan jartzeko, beraz, seguru senti dadila lortu behar dugu.

Etxeko segurtasunetik kanpo dagoen mundu arriskutsuaren aurrean, nerabeak bere indarra eta segurtasuna neurtzeko modu bat da agresibitatea. Hortaz, AGRESIBITATEA FISIOLOGIA kontu bat da, eta, familiaren testuinguruan batik-bat, sortzailea izan daiteke. Baina familiak onartzen ez badu, agresibitate patologiko bihurtzeko arriskua dago: kasu honetan nerabeak konpultsioz eta arrazoimenik gabe jokatzen du, eta "gai naiz" ideia finkoan obsesionaturik bilatuko du bere nortasuna. Horregatik, "bizirik ateratzeko gai" dela bere buruari etengabe frogatu nahian ibiliko da. Ondorioz, nerabearen agresibitateak bilakaera normala izan dezake baldin eta onartua bada; baina gurasoek ez badute inondik inora onartzen, indar handiagoa behar izango du segurtasun-bilaketa hori gauzatzeko, eta horrek indarkeria ekarriko du.

Hori oso larria da honako arrazoiengatik:

  • Gazteak mugak non dauden erakutsiko dion norbait behar duelako.

  • Kontrola galtzeko beldurrez, gazteak bere agresibitate sortzailea zapaltzen duelako, eta hori oso txarra da bere hazkunderako. Gainera, geroago mugak ezarri nahi izanez gero, gazteak ez du ulertuko.

  • Gurasoak inkongruenteak badira, batek arauak jarriko ditu eta besteak ez. Horrela arauetatik ihes egiten eta "legea saihesten" erakusten zaio, eta horrek delinkuentziarako jarrerak sortzea ekar lezake.

  • Ez dugu ahaztu behar nerabeek ez dutela ezer egiten gauzen zergatia galdetu gabe, ez egiteko dauden arrazoiak ikusi ahal izateko hain zuzen ere; horregatik, erantzunik ematen ez bazaie, egin egingo dute.

Batzuetan aita-semea elkarri joka ibiltzen dira txantxetan, agresibitatea uxatuz; baina egiaz eginez gero aitak autoritatea galduko luke. Bestalde, oso gogorra da gazte bati haserrea edo desadostasuna adierazten nahiz birao egiten ez uztea, laztanik ez egitea desegokia den bezalaxe.

Ez ahaztu nerabeak bere aurkako bortizkeria sumatzen badu –ez derrigor fisikoak, baizik eta batez ere psikologikoak-, berak ere indarkeriaz jokatuko duela.

  • Gurasoek epailearengana jotzen badute arazoak hark konpon ditzan.

  • Banandutako gurasoetako aitak alabari bere etxeko telefono zenbakia ematen ez badio, oso berandu hots egiten diolako; alabak, ordea, aitarengandik jaso nahi du hain zuzen ere berari nortasuna ematen dion zera, eta behar-beharrezkoa du hori eskuragarri duela jakitea.

  • Araurik ez jartzeak eta semeari dena egina emateak hazten eragotziko dio. Amarentzat semea nartzisista hutsa izango da, bere gaitasunak frogatzeko semearen beharra baitu; eta semearen erregresioa bultzatzeraino hel daiteke, gazte sentitzeko haur txiki baten beharra duelako.

  • Semeari ikasketa jakin batzuk egiten derrigortzea, gurasoen itxaropenak soil-soilik betetzeko. Semeak inposaketa horri kontra egiteko modurik aurkitzen ez badu, ez ditu ikasketak gaindituko.

  • Baina alderantziz, jo dezagun ikasketarik eta independentziarik gabe senarraren menpe bizi den amak ahalmen ekonomiko eta intelektual handia dituen alaba hazi duela. Amak berak nahi duen mailaraino besterik ez du heziko alaba, eta hori erabat kastratzailea izango da alabarentzat.

Sarritan kanpora zuzentzen du nerabeak bere agresibitatea; baina onartzen ez badute edo eraginkorra ez bada, orduan bere buruaren kontra bideratuko du (esate baterako eskizofrenia duen nerabe batek hortzak hautsiko ditu).

Batzuetan nerabearentzat normala dena bere ingurukoentzat onartezina da. Gaztearen agresibitatea aitaren antsietatea erantzun okerra Gaztearen antsietatea gaztearen agresibitatea (igoera simetrikoa) Agresibitate funtzionala

Kasu horietan, zaila bada ere gurasook baretsu jokatu beharko dugu, eta haserrealdiei (ona baita haiek haserreak eta desadostasunak adieraztea) tolerantziaz baina mugak argi eta garbi agertuz aurre egingo diegu. Itxuraz beheak eta goiak irentsi behar dituela dirudien arren, nerabe batek bene-benetan behar duena maitatua sentitzea da; eta horrez gain, beste segurtasun psikologiko mota bat, alegia, badela mugak jarriko dizkion norbait, berarentzat ez baitaude batere argi. (Batzuetan noraino joan daitezkeen ikusten saiatzen dira: gurasoek seme-alaba babestu nahian "horma" jartzen ez badiote, beste norbaitek ipini beharko dio, hots, poliziak, epaileak...).

  • Baina gazte baten agresibitateak askotan egiten badu gainezka -esate baterako ateak hautsiz edo gurasoak mehatxatuz-, zer edo zer egin beharra dago. Geure eskarmentuan oinarrituta, lau kasu nagusi deskriba ditzakegu:

  1. Gurasoak dira indarkeria-giroaren iturri. Batzuetan indarkeria fisikoa da, eta horrek gurasoen autoritateari kalte egiten dio (batzuetan seme-alabek hitzez probokatzen dituzte gurasoak jipoia hartzeko, horrela garaile sentitzen dira eta). Horrek komunikazioa eten egiten du

  2. Bestetan, sarriago, biolentzia psikologikoa izaten da, eta seme-alaba iraindu egiten dute "ez duzu ezertarako balio" edo "alfer hutsa zara" motako esaldiak botaz; edo bestela gurasoen itxaropenak beteko dituzten ikasketak ezartzen dizkiote ("ni ezin izan nintzen mediku izan, hortaz berak izan beharko du"). Kasu horietan guri dagokigu, noski, jarrera aldatzea.

  3. Nahi dutena biolentziaren bidez lortzen dute.

  4. "Gurasoek dirurik eman nahi ez didatenean atea ostikoka hautsiz lortzen badut, hurrengoan ere gauza bera egingo dut".

    Edo "amari leihotik behera jauzi egingo dudala esango diot, eta gainera dirua eta droga aurkitu dituela kontatuko dio aitari gero"; horrela lortuz gero ama txantajearen menpe izango da beti.

    Oso ohikoak eta heltzeko oso zailak ditugu kasuok. Izan ere, gazte horrek ez du inoiz mugarik izan, eta orain ezarri nahian badabil ere, hasieran ez ditu ez onartuko ezta ulertuko ere.

    Berak sortutako txantajea hautsi beharko dugu, lasai baina tinko: dirurik ez emanez, hautsitakoa ordaindu araziz... eta bere buruaz beste egiteko mehatxu kasuetan, joko hori onartzen ez dugula adierazi beharko diogu, psikiatrarengana jo beharko duela esanez edo une horretan bertan ospitaleko larrialdietara eramanez.

  5. Drogaren bat hartzen du (normalean speed-aren antzeko bizigarriak izaten dira). Aste bukaera amaitu berri denean, adibidez, asaldatuagoa egoten da. Bestela ere desoreka psikologikoa izan liteke. Bi kasu horietan, aditu batengana jotzea komeni da.

Nerabe bizkor batek inguruan bera baino ikasle okerragoak edo porru-erretzaileak diren adiskideak izanez gero, bere alde "mesprezagarria" edo zitala agertzeko aukera izango du, eta lagunen artean onena dela irudituko zaio. Baina gurasoek laguntalde hori gaitzesten badute eta lagunak ongi aukeratzeko ere gai ez dela adierazten badiote, bere ziurtasun eza areagotu egingo da, eta hartara lagun okerragoak behar izango ditu. Ondorioz, ez dugu sekula lagunen mundua eraso edo gaitzetsi behar, ziurtasun ezak muturreko jarrerak ekartzen ditu eta. Bestalde, gazteak bere nortasuna finkatzeko behar duen lagunartea gurasoen gogoko ez bada, gurasoengandik urruntzeko behar duena horixe dela frogatuko diote.

Nerabeen zenbait jarrera taldean bideratzen dira askotan, agresibitatea justifikatzen dutenak: hemen Jarrai daukagu, beste tokitan Ultrasur, skinhead-ak... Hori hala izan da beti, eta ziurrenik berdin segituko du. 50eko hamarkadan, EEBBetako banda kaletarrak elkarren artean borrokatzen ziren -ez agintarien aurka-, beren gaitasuna eta indarra erakusteko lehian: hildakoak izaten baziren ere, ez zuten ongi jakiten zergatik: "kaleko muga pasatu du" (giro hori West Side Story filmean irudikatzen da). Eskoletako rugby taldeen arteko lehia ere "etsaia" identifikatzeko neurri bat da, hartara eskolako bertako agresibitatea kontrolatzeko modu bat ere bai. Hala ere, kirolariek indarra kanporatu egiten dutela azpimarratu beharra dago, eta ez direla sedentarioak bezain agresiboak.

.

ADOLESZENTZIAKO AGRESIBITATEA

Elkarbizitzarako zortzi arau:

("Entre el amor y la ira. El dilema de los padres" liburuan oinarritua

Nancy Samalin. Ediciones plural. Bartzelona, 1.992).

1.- Ihes egin edo itxoin

"Ezin zaio igeri egiten erakutsi itotzeko zorian dagoenari". Urduritasunak hartuta geure onetik ateratzekotan baldin bagaude, ezer ez egitea gero ez damutzeko modu on bat da. Batzuetan geure artean zera diogu, "garaitu nauela pentsatuko ote du?"; baina kontrakoa da, egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den adieraziko diogulako, eta aldi berean geure burua kontrolatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugulako.

2- "NI" "ZU"-REN ORDEZ

"Zu" izenordea daramaten baieztapenak iraingarriak eta erasotzaileak izan ohi dira, errua aurrekoari botatzen dioten horietakoak ("Bai zarela ergela!", "ez duzu erremediorik!"). "Ni" daramatenek, berriz, nola sentitzen garen adierazten dute gehienbat, haurraren nortasunari buruzko iritziak eman beharrean. "Oso haserre nago soineko berria zikindu duzulako", honen ordez: " Zikin hori, beti dena zikintzen ari zara..."

3.- Orainean pentsatzen bizi. Gauzak argi eta garbi esan

Ez erabili oraingo gertakizun bat iraganeko gauzak gogoratzeko edo etorkizunekoak aurreratzeko. Gauzak argi eta garbi eskatu, labur eta behin eta berriz esanez ("Sukaldean botarik ez"). Izugarrizko erretolika gogaikarriak saihestu, bestela bigarren esaldia hasi orduko seme-alabak ez du gehiago entzungo.

4.- Indar fisikoa eta mehatxuak saihestu

Amorruz ez jokatzen kontu izan behar dugu; lasai bagaude zailagoa baita hitz mingarriak esatea eta kolpeak ematea, edo "ez duzu sekula telebista berriro ikusiko" gisakoak botatzea.

5.- Patxadaz hitz egin

Ez ozen hitz egin; jendea dagoen lekuetan ez eztabaidarik piztu; eta hitz egiteko, zutik egon.

6.- Arazoa idatzi

Lehen arauak bezalaxe, distantzia eta lasaitasuna gordetzeko balio du, baita pentsatzeko denbora hartzeko ere; halaber ideiak zehaztera behartzen gaitu.

7- Funtsezkoa denari heldu

"Egin ezazu aukera, egiteko aurrera". "Zuk egin behar duzu" esaten dugunetan ongi pentsatu, eta negoziagarriak diren arauak ez direnetatik ongi bereizi. Gainera, seme-alabek berehala nabari dute ezezko baten azpian "beharbada" bat.

8- Bakea ezarri

Geure onetik ateratzen bagara eta kontrola galtzen badugu, garrantzia kendu beharko diogu. Ondoren, gertatutakoa eztabaidatu eta oker egin dugula uste badugu, onartu. Azkenik, geure sentimenduak azaldu beharko genituzke, eta besteari aurrerantzean beste era batean joka dezala eskatu.

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail