GURASO ESKOLA          4. SAIOA

GAIA : ADOLESZENTZIA - TALDE-BIZIPENA.
HELBURUAK:
  • Taldeak adoleszentzian duen garrantziaz jabetzea.

  • Taldeko presioa maneiatzen laguntzea.

METODOLOGIA :

Lehenik eta behin, taldeko presioak helduengan dituen baldintzak adieraztea (=itxurak).

Interesgarria da ondoko gai hauek lantzea: taldearen presio positiboa, taldeko idazkariak aurkezten dituen ondorioekin ados ez nagoen arren ez dut deus ere esaten, irizpide pertsonalak nola jorratzen ditugun (gizarte-arauak onartuz edota horien aurka borrokatuz, baina inoiz ere ez alde batera utziz), sentitzen dudanari edo besteen irizpideei garrantzia ematea.

1.- "Una de marcha" bideoa ikustea (tabernako eszenatik hasi - jendea ezagutzea kontagailuaren 255 zk. -3’20"- eta "yo controlo/kontrolatzen dut" arte, 469 zk. -6’25") edo bestela Mark Twain-en "Tom Sawyerren abenturak" nobelaren testua entregatu.

(Denbora: 5´)

2.- Irakaslearen azalpena eranskineko materialarekin

(Denbora: 25´)

3.- Talde-lana, honako galderarekin:

* Nola lagun diezaioket nire semeari taldearen presioa gainditzen?

(Denbora: 20’)

4.- Bateratze-lana

(Denbora: 40’)

Bibliografia:
  • Psicología de la adolescencia – Angel Aguirre Baztán.

  • "Una de marcha" Bideoa eta Unitate Didaktikoa –Rafael Mendia, Beatriz Basterretxea eta Mª Purificación Pinilla– Bilboko Udalak argitaratuak.

GURASO-ESKOLA - 4. SAIOA

ADOLESZENTZIA: TALDEKO BIZITZA

Gizatalde nagusia familia da. Haur baten jaiotzak bikotea desorekatzen duen bezala, nerabe edo adoleszente baten "berpizteak" familia desorekatzen du.

Taldea frogarako espazio bilakatzen da. Honela, kanpoaldean kokatuta dago eta "entsegua errakuntza" metodoaren bitartez afektiboki nola erreakzionatu, zer jokabide izan, nola komunikatu eta erlazionatzen ikasten dute.

Lehen, iniziazio-erritoak bazeuden, familiatik banatzeko erritoak. Gaur egun ere badaude, baina ez daude hain argi: boto-eskubidea, adin-nagusitasuna, Soldadutza... baina indarra galdu dute eta desagertzear daude eta beste batzuk "nabarmenagoak" dira, esate baterako 14 urterekin motorra edukitzea edo 18 urterekin gida-baimena lortzea.

Taldeak ondoko ezaugarriak ditu:

- lurralde edo gune jakin bat, taldea elkartzeko (parkea, taberna).

- denbora jakin bat: astegunak (betebeharrak) eta asteburuak (nahi dudana egiten dut).

- nortasun-ezaugarriak: janzkera (uniforme bezala), hizkera edo argota, tribu bakoitzaren musika, ideologia.

Nerabe-taldeetan bi ezaugarri berezi daude:

* Lotura: bere zalantzak, sentsazio berriak eta bizipenak helduen munduari ezkutatu behar dizkiolako, helduen mundua agresiboa iruditzen baitzaio "gauza guztietarako erantzuna baduelako". Bakarrik ez sentitzeko beharra dute (helduek taldean bezalaxe). Oso garrantzitsua da beraiei gertatzen zaiena arraroa ez dela, gainontzeko adiskideei ere gertatzen zaiela jakitea, bere kideekin identifikatzeko modu bat da.

* Elkarren behar afektiboa: Garrantzitsuena ez da zer egiten den edo zer hitz egiten den, taldeko kide izan eta elkarrekin egotea baizik.

Adiskide-taldearen eragina handitzen den arren, gurasoen eragina ez da txikitzen: etorkizunari begira, gurasoen eraginak bere horretan jarraitzen du, eta taldearen eraginak egungo nahiei eta premiei erantzuten die.

Zenbaitetan, gazteek etxean gurasoen argudioei aurka egiten diete, baina ondoren beren kideekin argudio horiek erabiltzen dituzte. Zaila da gure seme-alabek arrazoia dugula onartzea, eta zailagoa oraindik gure aurrean onartzea, baina horrek ez gaitu kezkatu behar, normala da.

Eta gauza bat argi izan behar dugu: gure seme-alaba talde problematikoren batekin erlazionatzeak beldur handia ematen digun arren, askoz larriagoa da inorekin ez erlazionatzea.

TALDEAREN PRESIOA: (talde-lanean egiteko)
  • Garrantzitsua da beste kideekiko dituen desberdintasunak mantentzeko gai izatea taldetik egotzia izan gabe (ez da egokia "obedientzia itsua maitasunaren truke").

  • Gure seme-alaba ez aspertzeaz, eta berarengan sormenerako gogoa bultzatzeaz arduratu behar dugu, "norbaiten alboan egotea denbora-pasarako modu bezala" kontzeptua gainditu eta beste zenbait gauza egin ditzan.

  • Ez da taldea gogor eta zuzen-zuzenean kritikatu behar, hobe da bere ondorioak ateratzen lagunduko dioten ideiak "elkarrizketa positiboan" ematea ("pasa egiten diren" lagunak, sortzen zaizkion arazoak...). Askotan, "zure lagun horiek ez zaizkizu komeni" eta antzeko deskalifikazioek nortasun negatiboa indartzen dute.

  • Beste harreman batzuk sortzen dituzten jarduera ezberdinak eskaini behar dizkiogu.

"TOM SAWYER-EN ABENTURAK"

Mark Twain

(...) Mutilek, beraz, jolasten jarraitu zuten, Tom-en planari eta ideia bikainei buruz hitz egiten etengabe. Arrautzak eta arraina bazkaldu ondoren, Tom-ek erretzen ikasi nahi zuela esan zuen. Joe-ri ideia asko gustatu zitzaion eta berak ere ikasi nahi zuen, eta Huck-ek, gai horretan jantziagoa zegoenez, pipa batzuk egin zituen, gero bete egin zituen, eta ordura arte parraren hostoaz egindako zigarro batzuk besterik erre ez zituzten "nobizio" haiei eman zizkien.

Une haren garrantziaz jabetuz, zupada indartsuak ematen hasi ziren. Kearen gustua ez zen batere atsegina, eta gainera pixka bat pikatzen zuen, baina zupadak ematen jarraitu zuten.

- Hau oso erraza da! –esan zuen Tom-ek-. Erretzea hain erraza zela jakin izan banu, aspaldidanik jakingo nukeen erretzen.

- Bai eta nik ere –esan zuen Joe-k-. ez da ezer egin behar.

- Jendea erretzen ikusten nuenean niri ere erretzeko gogoa ematen zidan, baina ez nuke sekula pentsatuko hain erraza izan zitekeenik –esan zuen Tom-ek-. A zer gauzak pentsatzen ditugun, ezta Huck? Zuk niri askotan entzun didazu hori esaten, ezta? Esaiozu Joe-ri hori egia den ala ez.

- Bai, bai, askotan esan duzu –erantzun zuen Huck-ek-.

- Zenbat aldiz esango ote nuen, –adierazi zuen berriro Tom-ek-, ehunka aldiz. Behin harategian esan nuen. Gogoratzen al duzu, Huck? Esan nuenean Bob Tanner, Johnny Miller eta Jeff Thatcher gurekin zeuden. Gogoratzen al zara?

- Bai. Noski gogoratzen naizela –esan zuen Huck-ek-, nik hartxintxar zuri bat galdu nuen egunean izan zen, hain zuzen..., ez, bezperan izan zen.

- Nik uste dut -esan zuen Joe-ek- pipa honetan erretzen egun osoa pasa dezakedala batere zorabiatu gabe.

- Baita nik ere –esan zuen Tom-ek-, egun osoa erretzen pasa dezaket, baina ziur nago Jeff Thatcher-ek ezin izango zukeela.

- Jeff Thatcher? Arkakuso hori? Ikusiko duzu, egunen batean pipan erre arazi behar diogu.

- Bai noski, eta Johnny Miller-i..., Johnny Miller pipan erretzen ikusi nahi nuke.

- Ba nik uste dut ez duzuela inoiz ere ikusiko –esan zuen Joe-k-. Ziur nago Johnny Miller-ek ezin duela hau egin, ez hau ezta beste ezer ere. Zupada bakarrarekin konortea galduko luke.

- Noski, Joe. Esan, ez al litzaizuke gustatuko besteek gu pipan erretzen ikustea?

- Bai horixe!

- Hara, ez dugu ezer esango, eta edozein egunetan, denok elkarrekin gaudenean, nik hauxe esango dizut: "Ba al duzu tabakorik pipa betetzeko, Joe? Erretzeko gogoa dut". Eta zuk hauxe erantzungo didazu, batere garrantzirik eman gabe: "Bai, hementxe daukat nire pipa zaharra, bai eta beste bat ere zuretzat. Nahi baduzu, tabakoa emango dizut, baina ez da oso ona". Eta nik, orduan, hauxe erantzungo dizut: "Berdin dio, gero eta fuerteagoa, hainbat eta hobeto niretzat!". Orduan, pipak atera eta piztu egingo ditugu, besteek nola begiratzen gaituzten ikusteko.

- Alajaina, oso barregarria izango da! Oraintxe bertan egingo nuke.

Bai eta nik ere! Piratak izan garen bitartean ikasi dugula esaten diegunean, piratak izateko amorratzen egongo dira.

Ez litzaieke gustatuko, baina uste dut hori pentsatuko dutela.

Eta elkarrizketan jarraitu zuten, baina gero eta gutxiago hitz egiten zuten, azkenean hitz solte batzuk besterik ez. Isilaldiak gero eta luzeagoak ziren. Mutilek gero eta karkaisa gehiago botatzen zituzten, eta aurpegia izerditan blai zuten; listua irensten ari ziren, uholdea saihesteko. Pixkanaka zurbiltzen hasi ziren, limoi bat baino horiago zeuden. Geroxeago, Joe-ri pipa eskutik erori zitzaion, eta Tom-i ere horixe gertatu zitzaion.

- Labana galdu dut -esan zuen Joe-k makal-makal-, bilatzera noa.

Bilatzen lagunduko dizut -esan zuen Tom-ek, ezpainak dardara bizian zituela, totelka hitz eginez-. Zu joan zaitez hortik, eta ni iturri aldera joango naiz. Ez da beharrezkoa zu etortzea, Huck..., gu bion artean aurkituko dugu.

Hori entzun eta gero, Huck berriro eseri egin zen eta ordu betez haien zain egon zen, patxadaz. Orduan, asper-asper eginda, bere lagunen bila joan zen, eta basoan aurkitu zituen, oso zurbil eta lotan. Baina haien alboan ikusi zuen zerbaiten ondorioz, une batez gaizki sentitu izan arren jadanik ongi zeudela ohartu zen. Gauean, afaltzeko unean, ez zeuden oso berritsu, ez horixe; oso begirada apala zuten, eta Huck-ek afalostean bere pipa prestatu eta besteentzat prestatzen hasi zenean, ezetz esan zioten, oraindik ere ez zirela oso ongi sentitzen, eguerdian bazkaldutako zerbaitek kalte egin ziela adieraziz.

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail