GURASO-ESKOLA           2. SAIOA

GAIA : ZER DA HEZTEA?
HELBURUA:
  • Heziketaren zailtasunei buruzko hausnarketa egitea
METODOLOGIA :

1.- (Hasteko, egokia litzateke boluntario edo laguntzaileren batek "Ametsetako Familia" testua irakurtzea, lan-giroa lasaitzeko).

5/6 pertsonako taldetan bilduta (Taldekideek ezin dute elkar ezagutu, eta talde bakoitzak bozeramale bat behar du), eta "Heziketaren gainean..." dioen orria aurrean dutela, honako gaien inguruan ados jartzen saiatu behar dute :

* Zure ustez, zer da seme-alabak heztea ?

* Zer zailtasun aurkitzen duzu hori lortzeko ?

(Denbora: 30’)

2.- Taldeen iritziak bateratu

(Denbora: 15’)

3.- Vicente Madoz doktorearen lanetik hartutako ondorengo testua jarraituz

("Modelos de familia que ayudan a crecer y a madurar a los hijos"), azalpena egin. Azalpenean, autoritarismotik tolerantziarako kultur aldaketaren gainean Domingo Comas-ek egindako ekarpenen berri eman.

(Denbora : 45’)

4.- "Zer da heztea?" dioen orria banatu

Bibliografia :
  • "Hablando de educar" y "Qué es educar" testuak

  • "La familia española y las drogas: Una perspectiva generacional" - Domingo Comas-Libro de actas del 1º Congreso Nacional de Proyecto Hombre - 1994

  • "Modelos de familia que ayudan a madurar y a crecer a los hijos" Dr. Vicente Madoz- Iruñea - 1.996ko urria

HIRUSTA EGITASMOA- GURASO-ESKOLA

2. SAIOA – ZER DA HEZTEA

HEZIKETAREN HELBURUA :

* Libre izatea: Zer aukeratzen duen jabetzeko gai izatea

* Arduratsua izatea :

Motibazio onuragarriak izatea, hau da, ez dezala jokatu babeserako motibazioak eraginda (egoera zail batetik ateratzeko edo norbaitengandik babesteko), baizik eta aurrera egiteko motibazioak bultzatuta (zer edo zer positiboa lortzeko).

Borondate ariketa

* Burujabea izatea :

- Adimenaren aldetik

- Afektuen aldetik: frustrazioak onartzeko gaitasuna izatea, poztasunak geroko uzten jakitea, sufrimendua onartzea (pertsona izateko beharrezkoa), eta sufrimendua gainditzea (haur batek egiten ez duena).

- Seme-alaba bakoitzak izaera (berezko nortasuna) ezberdina du. Gurasook lagundu egin behar diegu beren izaeraren alderdi positiboak jorratzen eta negatiboak kontrolatzen. Eta ezin dugu denekin berdin-berdin jokatu: "berotegi" gisako ingurune orokor bat beharrezkoa da, baina "landare seme-alaba" bakoitzak ongarri, ur eta lantze ezberdina behar izango du.

- Adoleszentzia edo nerabezaroko bi zailtasun hauei aurre egin beharko diegu nagusiki: batetik, haientzat erraza ez izan arren, gurasook pikutara bidaltzen gaituztela, hori euren burujabetzarako ezinbestekoa baita. Gauzak horrela, gurasoen funtzioa gidakidearena egitea dela ematen du, alegia, "arriskuak ikusi eta izututa egotea" besterik ez. Baina bestaldetik, "azkenean geuk egiten duguna egiten dute, eta ez esaten duguna"; eta horrek eragin zuzena du gure kontraesanetan.

  • Zera BEHAR DUTE ordea:

* Oraindik ere maite ditugula jakitea, hala eta guztiz ere, gauza guztien gainetik

* Haien ondoan gaituztela behar duten babesa emateko

* Guk mugak ezartzea; beharrezkoak dituzte protesta egiten badute ere

"Baliteke batzuek guraso autoritarioaren figura berreskuratu nahi dugula uste izatea, baina argitu beharra dago ez gaudela guraso agintzaileen alde; mugak, arauak eta baloreak ezartzen dituzten gurasoen alde baizik. Bizitzaren jokorako ezinbestekoak dira arauak, haiek gabe ez baitago jokatzerik. Familia eta eskola seme-alaben parte-hartzea ziurtatuko duten arauak emateko gai ez badira, beste norabait joko dute haien bila..."

(Hipótesis cultura de la tolerancia, 65 eta 66 orr., aipatutako lana, Domingo Comas)

GURASO-ESKOLA

ZER DA HEZTEA ?

* Pertsona bat heztea independente eta burujabe izaten laguntzea da

"Ezertarako gauza izango ez diren haurrak hezi nahi dituzten gurasoak ikusi izan ditut. Seme-alabak trabarik izan ez zezan ateak zabaldu egiten zizkioten, baina gero hura ez zen bere kasa ate bat bera ere irekitzeko gai izaten. Bide guztiak erraztu egiten zizkioten, baina gero ez zen arazo bat konpontzeko gai izaten... Laguntza eta elkarrizketa behar dituen prozesu baten aurrean gaude, aldi berean seme-alabei erakustea eta ardurak hartzea exijitzen dituen prozesuan; baztertu egin nahi dugu permisibitate ergela, den-dena baimentzen duena eta "kapritxoak" eta gutiziak emanez heldutasunerako garapena eragozten duena; edo beste mutur batean dagoen oskol babeslea, itxuraz babesak hain atsegina dirudien arren...

* Heztea pertsona bat berekoitasunetik irteten laguntzea da

"Oso tentagarria izaten da nahiera guztiak lortu ahal izatea, desira guztiak asetzea; baina, azken batean, handituz doan berekoitasuna mugarik gabe lantzea da hori. Ez dago gauza txarragorik seme-alabari eskatzen duena baino gehiago ematea baino, edo besteei baino gauza hobeak ematea... horrek berak bere kabuz lortutako gauzengatik plazerra edo gozamena sentitzea eragotziko dio. Hori guztia, zoriontsua izateko gaitasuna kenduko dion atea zabal-zabal irekitzea bezala da".

* Heztea norbera izaten laguntzea eta onartzea da.

Zenbatek ez ote duen pentsatu inoiz, "horrelakoa banaiz ez naute maitatuko!". "Haiek nahi bezalakoa izan behar dut". Lehendabizi gurasoek nahi dutena, ondoren lagunek eskatzen didatena, gero gizarteak..."

* Norbera den bezalakoa izateak libre izatea eskatzen du, eta horrek era berean norbere buruarekiko ziurtasuna:

"Dena konpontzen badidate, ez dut sekula neure buruan ziurtasunik izango; beti menperatua bizi izan banaiz, ez naiz neure kabuz ibiltzeko gai izango; ez banaiz maitatua sentitu, ez dut neure indarrean konfiantzarik izango; neure burua onartzen ez badut, ez dut erabakitzen jakingo".

* Heziketak eskatzen duen beste zera, adinera egokitutako arauak ezartzea da, nahiz eta seme-alabek kexak agertu; era berean, gauza guztien gainetik betiere maite ditugula adierazi behar diegu.

GURASO- ESKOLA

HEZIKETAREN GAINEAN ZENBAIT ESAPIDE

* "Ez dago ikasterik, ez badago minik"

* "Gajoa; egingo du, bai, hazitakoan..."

* "Primeran konpontzen naiz alabarekin, lagunak gara"

* "Aita izaten zarenean jango dituzu arrautzak"

* "Ez dut nire semea besteak baino gutxiago izaterik nahi"

* "Ez dut nire semeak/alabak nik jasandakoa sufritzerik nahi"

*"Gogotik ahaleginduko naiz semea/alaba medikua/ezkertiarra/ekonomilaria//fededuna izan dadin"

* "Gure seme-alabak ez dira geureak, euren buruak esandakoari jarraitu behar diote"

... ETA BESTE ASKO ERE. Orain bi galdera hauen inguruan ados jarri beharko duzu zeure taldekoekin:

- Zure ustez, zer da seme-alabak heztea?

- Zer zailtasun aurkitzen duzu hori lortzeko ?

AMETSETAKO FAMILIA

Dubois senar-emazteen ezpainetan irribarreak etengabe dirau. Gazteak dira, dotoreak, dinamikoak, eta ez dute inoiz arazorik izan beren seme-alaba Bertrand eta Isabellekin. Haurrak zirela negar egiten zutenean, nahikoa zen absortzio handiko haur-oihalak ipintzea, edo terrina elikagarriak ematea malkoak uzteko. Noizbehinka komuneko papera korridorean zehar zabaltzen zuten, baina denek barre egiten zuten, hain zen barregarria!

Dubois senar-emazteek azpimarratzeko moduko ezaugarri bat dute, ez daudela sekula nekatuta, alegia. Gainera, seme-alabak zoriontsu hazten ikusi dituzte. Ez Bertrand-ek ezta Isabellek ere ez dute sekula txantxarrik izan. Eskolan primeran egiten zuten lan X koadernoei eta 20 ataleko Y entziklopediari esker. Hazkunde normala izan zuten esne naturalaren zaporea zuten jogurtei esker, eta poztu egiten ziren azken modako galtza bakeroak erosita. Pare bat aldiz arazotxoren bat izan zuten aitarekin: "Aita, ipin ezazu segurtasun-uhala", aurpegiratu zioten gozoki, eta hark ez zuen sekula berriro ahaztu. Amarekin, arazorik ez. Ez lokatzez edo fruitu orbanez zikin-zikin etortzen zirenean, ezta goitik behera tomate saltsaz josita iristen zirenean ere. Horrek xaboi berria eta oso usain freskoa zuen leungarri berria probatzeko aukera ematen zion.

Dubois senar-emazteek oraindik zimurrik ez duten arren, Bertrand eta Isabelle adoleszentzian dira jada. Janzkera aldatu dute, eta beren adineko lagunarteko osasuntsuarekin gas-edariak edaten, eta txiklea mamurtzen ematen dute denbora; baina xarmangarriak dira oraindik ere. Ez dute inoiz garrasirik egiten. Batzuetan Bertrand-ek, usain oneko xanpua erabiltzen duen neska batekin eskutik helduta gari-soroak zeharkatzen ditu; Isabellek, berriz, panty-ak jantziko ditu eta jaiko erregina izango da... Dubois jaunak, bere bizi-aseguruarekin lasai-lasai, Dubois anderearen sorbalda gainean besoa ipini du. Irribarre egin dute, hortzak -zuri-zuriak noski- erakutsiz, eta zera xuxurlatu dute: "Bete dugu eginbeharrekoa. Eta minik gabe".

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail