GURASO-ESKOLA
26. SAIOA |
| GAIA: GATAZKAK KONPONTZEA |
| HELBURUAK: |
Bakoitzaren ardurak bereiztea eta aztertzea
Kasu bakoitzean nola jokatu ikustea
"Inor garaile inor galtzaile" teknika
sakontzea
|
| METODOLOGIA : |
1.- 6 boluntarioren laguntzarekin, ama eta
seme-alabaren arteko elkarrizketaren "I, II eta III metodoei" dagozkien hiru
eszenak prestatu eta antzeztea, eta ondoren eztabaida egitea: aktoreen eta ikusleen
iritzia, azpimarratu beharreko alderdiak, egoerari buruzko zalantzak edo komentarioak,
taldean lan egiteko aukera emanez. (Aurreko egunean egin zuten zerrendako kasuren bat
berreskuratu eta antzeztu dezakete ere).
(Denbora: 45)
2.- "Guraso eta seme-alaben arteko gatazkak konpontzen
ikasi nahian" izeneko orria banatu eta azaltzea.
(Denbora : 45)
3.- "Seme-alaba batek munduko guraso guztiei
zuzendutako gutuna" izeneko testua entregatzea. |
Bibliografia
: |
"Como resolver conflictos y
solucionar los problemas" - FEREko liburuxkak Herminio Otero Madrilen,
1.993
"¡Ordago!. El desafío de
vivir sin drogas" Edex Kolektiboa - Bilbo 1.996.
"Manual para el Educador
Social" M. Costa Cabanilla eta López Méndez - Ministerio de Asuntos
Sociales.
Agintzari Sociedad Cooperativa
elkarteak landutako materialen testu egokituak.
"¿Cómo organizar una
Escuela de Padres?" JJ. Brunet eta Jose Luis Negro Ed. San Pío X
Madrilen, 1.994
|
I. METODOA |
(Goizeko 1,30ak dira)
AMA: Hauek al dira etxera
itzultzeko orduak? Eta gainera egoera horretan! Berriz ere edaten aritu zara!
SEMEA: Eske... lagun
batzuekin topo egin dut, Ama.
AMA: Bai, mozkor eta
drogazale bihurtuko diren lagun horiekin, eta zuk ere horrela amaituko duzu...
SEMEA: (Moztu egiten dio)
Beti gauza bera esaten didazu, exageratzen ari zara...
AMA: (Ama-semeak aldi berean
hitz egiten ari dira, eta ez diote elkarri entzuten)
Entzun, utz nazazu gauza bat esaten,
exageratzen ari naizela irudituko zaizu...
SEMEA: (bere logelara
abiatzen da...)
AMA: (Kontrola galtzen hasia
dela ohartu da, urduri jartzen da eta garrasi egiten dio) Entzuteko esan dizut!
SEMEA: (Amari
amorrazio-keinuarekin begiratzen dio) Ba nire arrebari ez diozu hori esaten berandu
etortzen denean!
AMA: Zure arreba zure arreba
da, eta zu zeu zara! Eta gainera hori ez da egia!
SEMEA: Egia da, beti niri
egiten didazu errieta!
AMA: (Mehatxatuz) Eta gainera
erantzuten ausartzen zara! Hara, ez dakit zer egingo dizudan...
|
II. METODOA |
AMA: (Hurrengo egunera arte
itxaroten du, Gorkak jadanik atseden hartu du eta kritika entzuteko prest dago) Gorka,
zurekin hitz egin nahi dut, ba al duzu une txiki bat?
SEMEA: Bai, bai... zer nahi
duzu?
AMA: Ba hara, atzoko gauari
buruz hitz egin nahi dizut...
SEMEA: (Moztu egiten dio) Berriro,
uff, beti berdin zaude, ama...! Ezin al dut egun batez normalean baino beranduago
etorri... Nahikoa da!... ez naiz haur txiki bat... jadanik 16 urte ditut ama!
AMA: Badakit, seme, baina
zure ama naiz... eta kezkatu egiten naiz... eta entzutea nahiko nuke.
SEMEA: Betiko hitzaldi
aspergarriarekin hasi behar al duzu? Hara, nire lagun denak beranduago iristen dira, eta
etxean ez diete halako iskanbilarik sortzen. Amona zahar bat baino okerrago zara...
AMA: Beno, hara... zuk ez
edatea gustatuko litzaidake eta...
SEMEA: Bai, eta orain mozkor
bat naiz, ezta? Nire arrebak edaten du ere, eta berari ez diozu deus ere esaten.
AMA: Hori ez da egia. Eta
gainera bera zu baino zaharragoa da.
SEMEA: Bai? ba entzun ongi,
nik nire bizitza egingo dut eta zuk ez duzu nire bizitzan sartzeko eskubiderik, ulertu al
didazu?
AMA: Ongi da, ez zaitez
horrela jarri, ez da hainbesterako.
|
III. METODOA |
AMA: (Hurrengo egunera arte
itxaroten du, Gorkak jadanik atseden hartu du eta kritika entzuteko prest dago) Gorka,
zurekin hitz egin nahi dut, ba al duzu une txiki bat?
SEMEA: Bai, bai... zer nahi
duzu?
AMA: Ba hara, atzoko gauari
buruz hitz egin nahi dizut...
SEMEA: (Moztu egiten dio) Berriro,
uff, beti berdin zaude, ama...! Ezin al dut egun batez normalean baino beranduago
etorri... Nahikoa da!... ez naiz haur txiki bat... jadanik 16 urte ditut ama!
AMA: (semeak esandakoa
arretaz entzuten du. Mugimendu lasaiak egiten ditu, ez du semearenganako begirada
baztertzen, eta ahots-doinu sendoa erabiliz partzialki ados dagoela esaten dio). Badakit,
seme, ez zarela haur txiki bat, eta horrexegatik hitz egin nahi dizut pertsona heldu
bat bezala... Gai honi buruz hitz egitea ez bazaizu gustatzen, sentitzen dut. Nik,
ordea, hitz egin nahi dut! eta gainera entzutea eskatzen dizut...
SEMEA: (amore ematen duenaren
itxurak egiten, eta beste leku batera begiratuz) Ongi da, hasi betiko hitzaldi
aspergarria ematen!
AMA: Ez da hitzaldi aspergarri
bat!... Min handia ematen dit, seme, jarrera hori hartzen duzunean!... Pertsona
helduek hitz egiten duten bezala hitz egin nahi nuke,... dramarik egin gabe,... aurpegi
txarrik jarri gabe,... elkarri aurpegira begiratuz.
SEMEA: (jarrera baretuz eta
amari begira) Ongi da, ama, barka nazazu...
AMA: Ez dakizu nola eskertzen
dizudan nire egoera ulertzea... Beno ba!... eta asko sentitzen dut gauza hauei buruz
hitz egin beharra... Atzo gauean 1,30etan iritsi zinenean, mozkortuta zeundela ikusi
nuenean... oso gaizki sentitu nintzen. Urduri egon nintzen, zerbait gertatu
zitzaizula uste nuen, 11,30tan etorriko zinela esan zenuela eta nahiko mozkortuta etorri
zinela ikusi nuenean... oso deprimituta egon nintzen!
SEMEA: Ama, azken
urteotan ikusi gabeko lagun batzuekin topo egin nuen... eta ez nituen bakarrik utziko!
Ulertu ezazu, ama!
AMA: Ulertzen
dut, seme, jakin badakit zenbait egoeratan zaila dela, ulertuko ez al dut ba!
Zenbait unetan, oso ongi pasatzen ari garenean, ez da erraza etxera ordu jakin batean
itzuli behar dugula gogoratzea... baina... nolanahi ere... hori ez da 1,30tan eta gainera
mozkortuta iristeko aitzakia...
SEMEA: (arreta handiz
entzuten ari da, eta atsekabetuta dago)
AMA: Asko
eskertzen dizut, seme, entzun izana... oso ongi sentitzen naiz pentsatzen dudana
esateko aukera ematen didazunean... eta mesede bat eskatuko dizut seme,
ez dadila berriro gertatu... zure ama hobeto sentituko da... eta mesedez!
ez itzuli berriro egoera horretan.
SEMEA: Zaude
lasai, ama, ez da berriro gertatuko.
AMA: Hala espero dut,
eta asko eskertzen dizut hori ulertzea.
|
GURASO ETA
SEME-ALABEN ARTEKO GATAZKAK KONPONTZEN IKASI NAHIAN |
Gatazkak izatea
normala da, eta are normalagoa nerabezaroan, seme-alaben portaera batzuek beldurra ematen
digutelako, etorkizunean oso pertsona baliodunak izatera iritsi daitezkeela dakigun
arren... gatazka hauei aurre egiteko, asertziozko edo adierazpenezko jarrera
funtsezkoa da:
"Nik eskubideak ditut eta zuk
eskubide horiek errespetatzea nahi dut. Nik badakit zuk eskubideak dituzula, eta
errespetatu nahi ditut".
Pertsonek aldatzeko eta erabakiak
hartzeko duten ahalmenarengan konfiantzazko jarrera azaltzea.
Besteen arazoen erantzule ez
garela, baina arazoak konpontzen lagun dezakegula jakitea, kontuan izanik neuk ere
zoriontsu izateko eskubidea dudala eta ez dagokidala niri nire seme-alabaren bizitza
gobernatzea.
Nire itxaropenek, hala positiboek
nola negatiboek, bere portaerarengan eragina izango dutela jabetuz.
Gurasoen eta seme-alabaren
beharrizanen arteko gatazkak familia guztietan saihestezinak dira, eta gainera maiz
gertatzen dira. Harremanaren arazoa da. Bai gurasoa bai eta seme-alaba ere arazoan
nahasita daude. HARREMANAREN ESKUTAN DAGO ARAZOA.
Bi pertsona elkarrekin bizi
direnean, bi pertsona horiek desberdinak izatea nahikoa da gatazka sortzeko. Beraz,
gatazka ez da derrigorrez txarra izango. Axola zaiguna gatazkak nola konpontzen diren
jakitea da, eta ez zenbat gatazka sortzen diren jakitea.
Zergatik ez da eraginkorra I.
Metodoa?
Gatazkak konpontzeko I. Metodoaz
baliatzen diren gurasoek bidesari garestia ordaindu behar dute "garaile
izateko". Metodo honen emaitzak, neurri handi batean, aldez aurretik iragarri
daitezke: motibazio txikia seme-alaba konponbide batera iristeko, gurasoekiko erresumina,
gurasoek errespetua jartzeko zailtasunak, eta seme-alabak autodisziplina garatzeko aukera
bakar bat ere ez.
Guraso batek gatazkan bere soluzioa
inposatzen duenean, seme-alabak soluzioa aurkitzeko oso motibazio edo gogo txikia izango
du, ez duelako inolako ahaleginik egin behar izan.
Zergatik ez da eraginkorra II.
Metodoa?
Zer gertatzen da normalean
seme-alabek irabazi eta gurasoek galtzen duten etxe bateko seme-alaba horiekin? Seme-alaba
horiek gurasoak menperatzeko haserrealdiak erabiltzen ikasten dute; badakite zer egin
behar den gurasoak errudun sentitzeko; gauza ezatseginak eta iraingarriak esaten ikasten
dute. Beraien beharrizanak beste edozeinen beharrizanak baino garrantzitsuagoak direla
ikasi dute.
Zergatik da eraginkorra III.
Metodoa?
Seme-alabak motibazio handiagoa du,
gatazka konpontzen parte hartu duelako. Gainera gurasoek ez dute inposatu beharrik,
seme-alabaren beharrizanak eta gurasoarenak ere errespetatu direlako. |
KRITIKAK
NOLA EGIN ETA ALDAKETAK NOLA ESKATU BEHAR DIREN: |
Lortu nahi ditugun helburuek,
kritika edo aldaketa hori egiteko modua nabarmentzen dute. Bi izan ohi dira:
Molestatu egiten gaituen,
elkarbizitza nahasten duen edo besteen eskubideak urratzen dituen egoera bat aldatzea.
Kritika egiten zaion pertsonarekin
dugun harremana ez hondatzea. Norbaiti bere jokabidea okerra dela esateak derrigorrez
erresistentzia ekarriko du, eta beraz helburu hori lortzeko ez da pertsona hori behartu
edo makurrarazi behar, kritika onartzeko aukera emango dioten komunikazio-teknikak erabili
baizik.
Egoera deskribatzea,
informazio zehatzarekin, orokortzeak eta "etiketak" saihestuz. "zu...
zara", eta "beti..." gisakoak saihestu, "... duzunean" gisakoak
erabili.
Sentimenduak adieraztea.
Solaskideak aldaketak sartzeko prestasun handiagoa azalduko du sortzen ari den ezinegonaz
"jabetzen bada". Hori arrazionaltasunaren bidez eta errua leporatuz lortzea
ezinezkoa da, baina "Ni-mezuekin" lor daiteke.
Aldaketak argi eta garbi
eta zehazki proposatu edo eskatzea.
Edozein kasutan, kritika onartu
izana goraipatzea, eta noski, gure solaskideak eskatu diogun aldaketa egiten
badu, berriro goraipatzea.
|
GURASO ETA
SEME-ALABEN ARTEKO GATAZKAK KONPONTZEN IKASI NAHIAN |
TEKNIKAREN
AZALPENA: GATAZKA BATI AURRE EGITEKO, JOKABIDEARI LOTURIK EMAN BEHAR DIREN URRATSAK. |
Saio honetan,
gatazkak modu egokian, negoziatuz eta hitz eginez konpontzeko modua aztertuko dugu.
Horretarako, aldez aurretik ikasitako guztia praktikan jarri beharko dugu.
Lehenik eta behin, trebetasun hau
garatzeko jokabideari loturik eman behar diren urratsak azalduko ditugu.
EGOERA PRESTATU:
GATAZKA DEFINITU: Zeintzuk dira
gure beharrizanak eta interesak?
Zehatz-mehatz definituz: gatazka
sortu duen edo sortzen duen portaera deskribatuz.
Arazo bakar bat aztertuz.
Irainak eta etiketak saihestuz.
Errua seme-alabari leporatu gabe,
eta norberak gatazkan duen erantzukizuna baloratuz.
"NI-mezuak" bidaliz:
nola eragiten du niregan gatazkak, nola sentitzen naiz.
ALTERNATIBAK ESKAINI:
ALTERNATIBAK EBALUATU ETA SOLUZIO
NEGOZIATU BAT EDO BATZUK ERABAKI:
ERABAKIA PRAKTIKAN JARRI ETA NOLA
FUNTZIONATZEN DUEN EGIAZTATU:
|
SEME-ALABA
BATEK MUNDUKO GURASO GUZTIEI ZUZENDUTAKO GUTUNA |
Ez iezadazue eman
eskatzen dizuedan guztia.
Askotan, zenbat har dezakedan
jakiteko bakarrik eskatzen dizuet.
Ez iezadazue garrasirik egin.
Garrasi egiten didazuenean gutxiago
errespetatzen zaituztet eta niri ere garrasi egiten erakusten didazue.
Eta nik ez dut egin nahi.
Ez iezazkidazue aginduak eman beti.
Aginduak eman ordez, gauzak eskatu
egiten badizkidazue, nik azkarrago eta gusturago egingo nituzke.
Emandako hitza bete, onerako nahiz
kalterako izan arren.
Sari bat emango didazuela agintzen
badidazue, eman sari hori; baina zigorraren kasuan ere, berdin jokatu.
Ez nazazue inorekin konparatu,
bereziki nire anaia edo arrebarekin.
Besteak baino hobeto sentiarazten
banauzue, norbaitek sufritu egingo du, eta besteak baino okerrago sentiarazten banauzue,
nik sufrituko dut.
Ez aldatu hain erraz nik egin behar
dudanari buruzko iritzia.
Erabaki hori hartu eta mantendu.
Utz nazazue nire kabuz baliatzen.
Nik egin ordez dena zuek egiten
baduzue, ez dut inoiz ikasi ahal izango.
Ez esan gezurrik nire aurrean, eta
ez eskatu nik zuen ordez gezurrak esatea, zuek estuasun batetik ateratzeko izan arren.
Gaizki sentiarazten eta esaten
didazuenarekiko fedea galdu arazten didazue.
Nik gauza txarren bat egiten
dudanean, ez eskatu zergatik egin dudan esatea.
Askotan nik neuk ere ez baitakit,
Gairen batean oker bazaudete, hori
onartu, eta horrela zuei buruz dudan iritzia hobetuko da, eta nik neure okerrak onartzen
erakutsiko didazue.
Zuen adiskideak tratatzen dituzuen
adeitasun eta zintzotasun berberarekin tratatu behar nauzue.
Senitartekoak izateagatik ez du esan
nahi adiskideak izan ez gaitezkeenik.
Ez eskatu zuek egiten ez duzuen
gauza bat nik egitea.
Nik beti zuek egiten duzuena ikasiko
dut, zuek ez esan arren.
Baina zuek egin behar dela esan eta
egiten ez duzuen gauzarik ez dut inoiz ere egingo.
Nire arazo bat azaltzen dizuedanean,
ez esan "ez dut txorakeriatarako astirik", edo "horrek ez du
garrantzirik".
Sai zaitezte ni ulertzen eta
laguntzen.
Eta maite nazazue. Eta maite
nauzuela esan.
Zuen ahotik entzutea entzutea asko
atsegin dut, esan beharrik ez dagoela pentsatzen duzuen arren.
J.J. BRUNET |
  
|
aurreko - hurrengo
azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak
metodologia
- egileak - eranskin - e-mail |