GURASO-ESKOLA           24. SAIOA

GAIA: KOMUNIKAZIOA (4) - JOKOAK BIKOTEAN
HELBURUAK:
  • Gurasoak euren "komunikazio-jokoez" eta sendotzen dituzten jarrerez ohartaraztea.

METODOLOGIA :

(García Márquezen testua sarrera bezala erabil daiteke)

1.- Irakaslearen azalpena, "Gizon baten eta emakume baten arteko sei haserrealdi" materialaz baliatuz.

(Denbora: 30’)

2.- 4 laguneko taldetan,

Izan duten haserrealdi bat bi esalditan laburtzen eta izan den gurutzaketa aztertzen saiatuko dira.

(Denbora: 40’)

3.- Talde bakoitzak bere esaldiak azaltzea.

(Denbora baldin badugu eta interesgarria iruditzen bazaigu, gurutzaketaren bat antzeztea, horretarako boluntarioak eskatuz)

(Denbora: 20’)

Bibliografia :
  • "Relaciones Familiares", "Padres y Maestros" aldizkariak argitaratutako liburua. Ediciones Paulinas - Madril 1.982

  • "Cuadernos de Terapia Familiar" – Nº 26 – 1.994

FAMILIAKO TERAPIA ETA LITERATURA

  • AUKERATUTAKO TESTUA:

"...elkarrekin igarotako lehen 30 urteak amaitzeko zorian egon ziren, egun batean bainugelan xaboirik ez zegoelako (1).

Errutinazko sinpletasunarekin hasi zen (2). Juvenal Urbino doktorea logelara itzuli zen, oraindik ere inolako laguntzarik gabe bainatzen zen garai hartan, eta argia piztu gabe janzten hasi zen. Bera, emakumea, ordu hartan ohi zen bezala, bere egoera fetalean zegoen, begiak itxita, arnasa ahula, eta dantza sakratuko beso hura buru gainean (3). Baina erdi lo zegoen, beti bezala, eta gizonak hori bazekien. Iluntasunean, linuzko almidoien zurrumurru luze baten ondoren, Urbino doktoreak ondoko hau esan zion bere buruari (4):

- Aste bete daramat xaboirik gabe bainatzen.

Emakumea guztiz esnatu zen, gogoratzen hasi zen eta... hura amorrua eman ziona! izan ere, bainugelan xaboi berria jartzea ahaztu baitzizaion (5). Zuela hiru egun konturatu zen ez zegoela xaboirik, eta dutxaren azpian zegoenez ateratzerakoan jartzea pentsatu zuen, baina gero ahaztu egin zitzaion eta hurrengo egunera arte ez zen gogoratu. Hirugarren egunean gauza bera gertatu zitzaion. Benetan ez zen aste bete igaro, gizonak emakumearen errua areagotu asmoz esan ohi bezala, baina bai hiru egun barkaezin, eta hutsegite hartan harrapatua izanak eragin zion amorruak bere onetik atera zuen. Beti bezala, bere burua defenditzeko erasoari ekin zion (6):

- Ba ni azkenaldi honetan egunero bainatu naiz –esan zuen garrasika, bere onetik aterata- eta beti xaboia izan da (7).

Gizonak emakumearen gerra-metodoak aski ezagutzen zituen arren (8), une horretan ezin izan zuen jasan. Lanari loturiko edozein aitzakiaz baliatuz, Erruki-ospitaleko internoen logela batera joan zen bizitzera, eta etxera arropaz aldatzera bakarrik agertzen zen, arratsaldeetan, etxez-etxeko kontsultak egitera abiatu baino lehen. Gizona etxean sartzen zela entzun bezain azkar, emakumea sukaldera joaten zen, zerbait egiten ari zenaren itxurak egiten, eta bertan geratzen zen kalean zaldigurdiaren hotsa entzun arte (9). Ondorengo hiru hilabeteetan liskarra konpontzen saiatu ziren, baina liskar hura areagotzea besterik ez zuten lortu (10). Gizona ez zegoen etxera itzultzeko prest emakumeak bainugelan xaboirik ez zegoela onartu arte, eta emakumea ez zegoen gizona hartzeko prest bera atsekabetzeko gezurretan nahita aritu zela onartu arte (11).

Gertakari hura, noski, aukera bikaina izan zen beste zenbait gertakari, egunsenti nahasi askotan izandako eztabaida txiki ugari gogoratzeko. Erresuminak azaleratu egin ziren, itxita zeuden zauriak berriro ireki zituzten (12), eta hainbeste urtetako "ezkontza-zezenketaren" ondoren (13) gorrotoa larreratu besterik ez zutela egin konturatu zirenean (14), atsekabetu eta beldurtu egin ziren. Gizonak, biok elkarrekin aitortza ireki bat egitea proposatu zuen, behar izanez gero artzapezpikuaren aurrean, Jaungoikoak, azken epailea zenez gero, bainugelan xaboia bazegoen ala ez zegoen erabaki zezan (15). Emakumea, oso jokamolde finekoa izan arren, guztiz asaldatu zen eta ondoko oihu historikoa egin zuen:

- Kaka zaharra artzapezpiku jaunarentzat!

Irainak hiri osoa goitik behera astindu zuen, alegia edo atso-ipuin asko ekarri zituen (gero gezurtatu zirenak), eta herriko hizkeran barne hartuta geratu zen zarzuela-txurarekin: "Kaka zaharra artzapezpiku jaunarentzat!" (16). Muga erabat gainditu zutela ohartu zirelarik, emakumeak espero zuen senarraren erreakzioari aurrea hartu zion, eta bere aitaren etxe zaharrera bakarrik joatearekin mehatxatu zuen (17), etxea oraindik berarena baitzen, bulego publikoetarako alokatuta egon arren. Ez zen arrandia edo erronka hutsala izan: benetan alde egin nahi zuen, gizarte-eskandalua bost axola zitzaiolarik, eta senarra garaiz konturatu zen (18). Gizona ez zen bere aurreiritziei aurre egiten ausartu: eta amore eman zuen. Gizonak ez zuen onartzen bainugelan xaboirik bazegoenik, hori egiari iraintzea izango litzatekeelako (19), etxe berean baina logela banandutan (20), eta elkarri hitz egin gabe bizitzeko amore eman zuen soilik. Eta horrelaxe bazkaltzen zuten, mahaiko alde batetik bestera seme-alaben bitartez elkarri mezuak abilezia handiaz bidaliz, seme-alabak ez baitziren inoiz ere ohartu gurasoek ez ziotela elkarri hitzik egiten (21).

Estudioan bainugelarik ez zegoenez, formulak goizeko zarataren gatazka konpondu zuen, gizona eskolak prestatu ondoren bainatzen zelako, eta emaztea ez esnatzeko kontu handiz aritzen zelako (22). Askotan topo egiten zuten, eta oheratu aurretik hortzak txandaka garbitzen zituzten. Lau hilabete horrela igaro ondoren, gizona ezkontza-ohean etzan zen emakumea bainugelatik irteten zen bitartean, beti bezala, baina oraingo honetan loak hartu zuen. Emakumea bere alboan zarata handia sortuz etzan zen, gizona esnatzea eta alde egitea nahi zuelako (23). Gizona esnatzea lortu zuen, noski, baina ohetik altxa beharrean argia itzali zuen eta burukoa erosoago ipini zuen (24). Emakumeak bizkarretik heldu zion estudiora joan behar zuela gogorarazteko, baina gizona birraiton-amonen lumadun ohean oso gustura zegoenez gero, amore ematea erabaki zuen:

- Utz nazazu hemen geratzen -esan zion-. Bazegoen xaboia.

EGILEA ETA OBRA:

GARCÍA MARQUEZ, G.: "El amor en los tiempos del cólera" Edit. Bruguera. Bartzelona. 1. ed. 50-52 orr.

AUKERAKETA ETA KOMENTARIOAK:

José Antonio Ríos González

(Madril)

ORRIALDEAREN BEHEALDEKO OHARRAK:

  1. Gatazka handiak, itxuraz inolako garrantzirik ez duten gauzekin hasten dira.

  2. Bikotearengan eragin sakona duten arazoak errutinazko gertakari txikiekin nola sortzen diren ikustea interesgarria izan daiteke.

  3. Baretasun handiaren erdian suaz grabatuta gera daitekeen dantza-pauso baten irudi plastikoa dirudi.

  4. Askotan, gaitzespen edo kexarik handienak nork bere buruari hitz eginez egin ohi dira.

  5. Senarrarekin ados zegoen "edukian". Baina senarrak gertakariaren eta bere ustez emaztearen betebeharra zena ez betetzearen artean egiten zuen "erlazioarekin" ez zegoen batere ados.

  6. Ia bikote-gatazka guztietan gertatzen da hori.

  7. Zenbat aldiz eusten zaio gatazkari norbera ikusten ari den errealitateari uko eginez?

  8. Eztabaida, leunki edo eztiki hasten den ia kasu denetan bezala, borroka edo gerra itxura hartzen hasten da. Ikus ezazue hemendik aurrera hizkera nola aldatzen den.

  9. Bikotearen harremanetan hoztasuna dagoenean "topo ez egiteko" gertatzen denaren deskribapen zehatza da.

  10. Egoera horretan egon ohi dira bikoteak gauzak konpondu nahi dituztenean baina zer egin behar duten ez dakitelako terapia egitera etortzen direnean. Hitz egiten duten bakoitzean, gauzak okerrera doaz. Badirudi frogatuta dagoela pertsonek zer egin behar den ez dakitenean oso gauza bitxiak egiten dituztela.

  11. Gatazkak gora egin du. Eta erruduntasun-osagaia ez dadila falta, ez horixe.

  12. Berriz ere, bikote "historikoek" iraganeko aztarnak berreskuratzen dituzte, orain eztabaidatzen ari diren gaia soilik hartu ordez. Ez. Edertasunarekin baina gordinki "egunsenti nahasiak" izenarekin deskribatzen den iraganera itzultzen dira.

  13. Lehenago gerra bat bezala deskribatzen zenak ("gerra-metodoak", 8. oharra), une honetan benetako zezenketa-itxura hartuko du, senar-emazteen arteko zezenketa, hain zuzen.

  14. Hemen, artzaintzako hitzekin, gatazkan dauden bikote askok urte asko zertan igarotzen dituzten adierazteko modu polita aukeratu da. Gorrotoak zaintzen dituzte, goizero larreratzen dituzte, eta maitasun handiz bazkatzen dituzte.

  15. Zenbait kasutan, txikikerien epaile inpartziala izendatu beste erremediorik ez dago. Zenbait kasutan, senar-emazteek gatazka jakin batean zer den egia eta zer gezurra terapeutak erabaki dezala eskatzen dute. Terapeuta guztiek horrelako egoera gogorrei aurre egin behar izan diegu. Gauzak horrela, kasu honetan arazoa maila transzendentalean kokatzen da, eta beharbada teologiak argitu dezake bainugelan zer gertatzen den. Bikote-dinamikan gertatzen denari buruzko informazioa jaso behar dut, adibidez bainugelan gertatzen dena bezalako txikikeriak. Bikote-dinamikan gertatzen denari buruzko informazioa jaso behar dut, adibidez bainugelan gertatzen dena bezalako txikikeriak, hala nola, gizonak hortzetako pasta tutuaren alde bat zanpatuz ateratzen duenean eta emakumeak beste aldean zanpatuz ateratzea nahiago duenean. A zer nolako drama, Jainko maitea!

  16. Familiako sistema baten zimenduak astintzea, inork gezurtatu edo ukatzen ez dituen alegia edo atso-ipuinak sortzea, horiek sistema horretako kulturan barne hartuz... Horixe da familiak eta bikoteak torturatzen dituzten mitoak sortzeko prozesu saihestezina.

  17. Alfredo Canevaro nire lagun minari testu hau lantzeko erabili dudan nobela osoan, Urbino Doktorearen emazte Fermina Daza familia "kohesibo" batekoa zen ala ez zen iker dezala eskatu diot. Izan ere, bertan ikasi dudana ongi ulertu badut, bikote bat banantzen denean, familia "dispertsibokoa" den ezkontidea "beste leku batera" joaten da, eta familia "kohesibokoa" bere jatorrizko familiara itzultzen da, kasu honetan "bere aitaren etxe zaharra" izango litzatekeelarik.

  18. Bikote-gatazka gehienetan, emakumea da banantzeko lehen urratsak ematen hasten dena. Guk landutako lagin batean, datu hori aztertu ditugun kasuen %82ra iristen da. Eta zenbait kasutan, ez beti, senarrak "garaiz konturatzen dira".

  19. Gatazkan dauden bikoteei gatazka hori nola hasi zen ba al dakiten galdetzea oso interesgarria da. Une jakin batean, errealitatea onartzea "egiari iraintzea" da. Eta horrek gatazka jarraitzea dakar.

  20. Logela bananduen gaian bitxikeria ugari aurkitu daiteke. Terapian izan nuen bikote batekin gatazkaren antzinatasuna zehazteko ahalegina egiten ari ginenean, senarrak oso adierazpen bitxia egin zuen. Emakumeak adierazi zuenez, egoera krisian sartu zen "bananduta lo egiten hasi ginenean", baina senarrak hauxe erantzun zion: "egoera krisian sartu zen elkarrekin amets egiteari utzi genionean". Egia borobil hori nire pazienteari zor diot, eta bere errealitateak esanahi hori duten zenbait egoera aukeratzen lagundu nau. Bikote-terapian entzun dudanaren arabera, "elkarrekin amets egiteari uztea" da, adibidez, emakumeak senarrari ondokoa esaten dionean : "ea noiz ekartzen didazun lore-sorta bat", eta senarrak hau erantzuten dionean: "Zuri lore-sorta bat erostea, hiru mila pezeta 48 ordu barru zaborrontzira botatzea da". Edo emazteak honakoa esaten dionean: "Udan, asteburutan mendira ni bisitatzera etortzen zinenean, ez zinen zu etortzen, "nire arazoa" etortzen zen", edo beste hau: "nik ez daukat senarra, txeke-taloitegi hankaduna daukat". Edota senarrak ondokoa erantzuten dionean: "Zuk niretzat duzun balioa, hilean 65.000 pezetarekin lor dezaket".

  21. Gatazkan dagoen bikotearen beste arte edo trebetasun bat: elkarri ez hitz egitea besteak egoera horretaz ohartu gabe. Etxea ohartxoz betetzen dute, ohar pila idazten dute ("utz iezadazu dirua eskolarako", "bihar ez dut etxean bazkalduko"/"nik ostiralean ez dut etxean bazkalduko", "ez ahaztu dentistara joan behar duzula"/"gogoratzen nintzen"). Zenbait kasutan, txiste zahar batean bezalaxe, egoera nahiko komikoa izan daiteke: hilabete asko emazteari mezuak idatzita utzi ondoren, erantzuna gaizki kalkulatu zuen gizasemea: etxera oso berandu itzuli zen, eta mezuak uzteko erabiltzen zuten altzarian emazteari ohar bat utzi zion: "Dei nazazu zazpi t'erdietan". Hurrengo goizean berandu esnatu zen gizona, eta haserre bizian altzarira joan zen emazteak gauean oharra ikusi ote zuen egiaztatzeko. Emazteak oharra ikusia eta irakurria zuen. Eta, komunikatzeko modu bitxi horri jarraiki, senarrari beste ohar bat utzi zion: "Zazpi eta erdiak dira". Eta lantokira abiatu zen lasai ederrean.

  22. Etxera itzultzeko estrategia arduratsu eta finak.

  23. Makurrarazteko estrategia arduratsu eta finak.

  24. Puntu honetan -aukeratu dudan testuaren hasieran emakumeari ere gertatzen zitzaiona adierazten zen bezala: "erdi lo zegoen, beti bezala, eta gizonak hori bazekien"- ezkontideak oharkabetasun, ahanztura edo ukatze bezala erabili ohi duen funtzionamendu-mekanismo bat deskribatzen da: lo-itxurak egitea. Doitzeko mekanismoa da, egokitzeko ahalegina. Estela Troyak horixe aipatzen du (1993), bikoteak maitasun-oreka lortu nahi du bat-egitearen ("simetrikoak izan daitezkeen norbanakoen artean mugak galtzea") eta "bat-egite horrek sortzen duen itolarritik ihes egiteko trikimailu txikiak" bilatu beharraren artean. Honi loturik zera dio: "bat-batean, bainugelan denbora gehixeago egoteko, eta lantokitik beranduago ateratzeko, edo lo-itxurak egiteko gogoa sentitzen dugu" (1993, 69). Eta hori eginez gero ez da inolako traiziorik egiten, baina beti horrela jokatuz gero "traizionatzen ari izanaren sentsazioak edo ziurtasunak erruduntasuna sortzen du" eta "erruduntasunak agresioa sortzen du" (idem, 69). Zenbat bikote ote daude jolas diaboliko horretan harrapatuta!

Testuaren gaiarekin erlazionatzen diren OINARRIZKO HITZAK.

Gatazkak bikotean.

Nola sortzen den ezkontza-gatazka bat.

Gatazkak gora egitea.

AUKERAKETA ETA KOMENTARIOAK:

José Antonio Ríos González

(Madril)

GIZON BATEN ETA EMAKUME BATEN ARTEKO SEI HASERREALDI

Haserretu, guztiok haserretzen gara ia egunero. Haserrealdi hori nahita sortzen denean dator arazoa, hau da, gure haserrea adierazteko aitzakiatzat hartuko ditugun egoerak bilatzen ditugunean. Gizon batek emakume bati zera esaten badio: "ba al dakizu non utzi nituen kotxeko giltzak?" horrek ez du esan nahi haserre-egoera denik; baina emakumeak, adibidez, une hori afektibitate-egoera bat deskargatzeko aprobetxatu dezake eta "desordenatua dela", "gauzetan arretarik ez duela jartzen", "berak azken unean dena konpondu behar diola", "etxera beti berandu iristen dela", eta abar esan diezaioke.

Alderantziz, emakume batek gizon bati zera esaten badio: "zer alfonbra erosiko dugu?", ez da haserre-egoera bat, ez eta gutxiagorik ere, baina gizonak, dendaz denda ibiltzeaz eta beti emakumeak agintzen duen beste zenbait gauzetaz nazkatuta, ondokoa erantzun diezaioke: "zertarako nahi duzu nire iritzia? Azken finean, zuk nahi duzuna egingo duzu...".

Bi kasu horiek "gizon baten eta emakume baten arteko 6 haserrealdi" gaiaren sarreratzat har ditzakegu. Barneko tentsio-egoera baten adierazgarri gisa bakarrik dira garrantzitsuak. Berdin dio kotxe baten giltzak edota alfonbra baten erosketa izatea. Baina gizonak edo emakumeak tentsioz betetako afektibitate-egoera deskargatzeko erabiliko dute. Honela, senarrak emaztea "haur" bat bezala tratatzen duenean, emakume horrek zeregin horretatik askatzeko aukerak bilatuko ditu etengabe (edo senarraren menpe geratuko da erabat), senar-emazteen artean desoreka sortuz. Emakumeak "manipulatu egiten duela" uste duen senarrak, era berean, bere menpeko izaera hori lasaitzeko egoerak edo kasuak bilatuz.

Beraz, bietako bat -edo biak- bestearekin duten harremanean barru-barruan gaizki sentitzen direla eta edozein egoera, oso txikia izan arren, hori adierazteko aprobetxatuko dutela azal dezaketen 6 egoera aztertuko ditugu.

PERTSONA, BESTEEKIN HARREMANEAN DAGOEN IZAKIA

"G" hizkia gurasoa da, "gure benetako aita eta amarekin, irakasleekin eta, oro har, autoritatea, morala, tradizioa, errespetagarritasuna, erantzukizuna, erruduntasuna eta abar ordezkatzen dituzten irudi guztiekin bizi izandako mezu eta esperientzia guztiekin hezita dagoena".

"H" hizkia, barruan daramagun haurra da: "gure bizitza bera, gure desirak, sena, sormena, egoismoa, burugogorkeria, parranda egiteko gogoa...".

Eta "N" nagusia da, G eta Hren arteko etengabeko borrokan zentzua eta gogoeta jartzen saiatzen dena. Nolabait adierazteko, kontzientzia, erabaki-hartzea eta adiskidetzea da, eguneroko borroka honetan zentzudun agertzea, alegia.

Hori guztia gehiago nahasiko da barruan daramagun borroka pertsonaletik gainontzeko pertsonekin erlazionatzera igarotzen garenean, eta gure GNHk besteen GNHri aurre egiten dionean. Zenbaitetan, askotan, konpentsatu egiten da. Horrexegatik pertsonek elkar maite dute eta bata bestearen osagarri bihurtzen dira. Beste zenbait kasutan, gauzak nahasi egiten dira gure barruko borroka besteen mundura lekualdatu nahi dugunean. Horrela, adibidez, baliteke "guraso-zati" handia duen pertsona batek, bere haurra isilarazten saiatzeaz gain, hurbiltzen zaien gainontzeko pertsona guztien haurra isilarazten saiatzea ere. Horregatik, pertsona bakoitzak besteekin izango duen erlazioa, pertsona horrek berak bizi duen afektibitate-egoeraren (G-N-H gehiago edo gutxiago) araberakoa izango da. Hori, hasiera batean, baliteke asko ez nabaritzea; baina gero, ezkontza-urteek kanpora atera, tipifikatu eta borroka sor dezakete, eta horrek gizonarengan edo emakumearengan hiru indar horietakoren bat ongi ez dabilela adierazten du. Orduan, edozein aitzakia (alfonbra bat, giltzak...) baliagarria izan daiteke kanpora ateratzeko.

NOIZ DAGO HASERREALDIA?

Bi pertsonetako baten ekintza edo akzio baten (estimulua) ondoren erreakzio (erantzun) "gurutzatu" bat dagoen kasu guztietan dago haserrealdia. Eta ez dago haserrealdirik, ordea, akzio baten ondoren erreakzio "paralelo" bat dagoenean. Adibidez (ikus eskema): NN akzioaren ondoren NN erreakzio bat dago. Eta HH akzioaren ondoren HH erreakzioa. Ez dago haserrealdirik. Erantzuna paraleloa da.

"Iñakiri zapatak erosiko al dizkiogu?" (NN). "Bai, noski. Badu zapaten premia" (NN). Bi pertsonak zentzuzko agertzen dira, eta estimuluaren ondoren paraleloko erantzuna izan da. Gauza bera gertatuko litzateke HH-HH adibide batean: "Beste izozki bat erosiko al dugu?" (HH). "Primeran!" (HH).

Zer gertatuko litzateke "Iñakiri zapatak erosiko al dizkiogu?" (NN) esaldiaren ondoren "beste modelito bat? Aizu, haurra ez da eskaparate bat" (GH) erantzuna izango balitz?. Kasu horretan, erantzuna ez da NN; esan daiteke ohartarazpen edo abisu bat bezala dela, aitak beste pertsonaren haurrari errieta egiten diola. Iñakiri zapata berriak erostea, haur-kapritxo bat dela iruditzen zaio. Honi erantzun gurutzatua deritzo, eta erantzun gurutzatu horiek dira gure haserrealdiak sortzen dituztenak.

1. GURUTZAKETA: NN-HG

NN: "Zer alfonbra aukeratuko dugu?"

HG: "Zergatik galdetzen didazu? Izan ere, beti zuk aukeratzen duzu..."

Emakumea, dirudienez, gurasoaren zeregina hartzen ari da, senarraren gustuak eta ideiak bere arau eta balioen menpe jartzen ari da. Senarrak egoera hori NN erantzun paralelo batekin konpon dezake: "nire ustez, han ongi geratuko den eta zuk atsegin duzun edozein, zuk hobeto dakizu zein den guretzat egokiena, eta abar". Baina ez du hori egiten. Etxerako erosketen gaian, behintzat, jasaten ari den menpeko egoera bat azaleratzeko aprobetxatuko du une hori: "Zergatik galdetzen didazu? Izan ere, beti zuk aukeratzen duzu...". Beharbada, ondoren haserrealdia dago: emaztea haserretu egiten da eta erantzun hori zergatik eman dion galdetzen dio. Senarra isildu egiten da eta dena irentsi edo tragatzen du, edo ironiaz erantzuten dio. Gauzak horrela, alfonbra erosita edo erosi gabe ere, barruko jarrera baten sinboloa izango da: senarrak ez du atsegin gai honetan bete behar duen zeregina. Beharbada emaztearen menpeko sentitzen da. Eta bi aukera daude: lehenengoa, sakoneko egoera hori konpontzea da; eta bigarrena, alfonbrak (eta antzeko artikuluak) agertzen diren bakoitzean haserrealdia izango da. Senarrak ez du emaztearen G atsegin, bere gustu eta erabakien menpe dagoen "H" bezala tratatzen baitu.

2. GURUTZAKETA: NN-GH

NN: "Kotxeko giltzak falta zaizkit"

GH: "Pozten naiz. Hainbeste denbora igaro duzu jende guztiarekin sinpatikoarena egiten, gauza garrantzitsuak ahaztu egin dituzula"

Beste modu batean esanda: ezkontza baten festa amaitu berria zen, non gizonak hiru kopa eta erdi edan zituen eta alde batetik bestera ibili zen, emakumeak etxera itzuli nahi zuela behin eta berriz esan arren. Berandu zen eta euria ari zuen. Baina gizonak nahiago izan zuen aretoan zehar beste buelta bat eman eta berak badakien eta emakumeari interesatzen ez zaion pertsonari agur esan. Emakumea pixkanaka kanporantz joan zen eta kotxearen aparkalekuan zain egon zen. Aterkiarekin zegoen, beroki estreinatu berria babestuz. hamar minutu pasa ziren. Bera bakarrik zegoen. Gizona presaka etorri zen. Kotxea ireki nahi izan zuen, baina ez zituen giltzak aurkitu. Orduan, ahal izan zuen modurik egokienean (N), ondokoa galdetu zion andreari:: "Aizu, barkatu, non utziko ote nituen nire giltzak?". Emakumea, ordea, konturatu zen hain presaka etorri izanagatik gabardina hartzea ahaztu zuela (giltzak bertan zeuzkan).

Baina, erantzun hori aukeratu ordez (N), buelta bat eman eta berak badakien eta emakumeari interesatzen ez zaion pertsonari agur esateko duen maniari buruz errieta egiteko aprobetxatu zuen aukera hura: "Pozten naiz. Hainbeste denbora igaro duzu jende guztiarekin sinpatikoarena egiten, gauza garrantzitsuak (hau da, "emakumea bera") ahaztu egin dituzula" ("G"k "H"ri errieta egiten dio).

Hauxe dugu, beraz, NN erantzun paralelo batekin ("Begira, gabardinan utzi dituzu") erraz konpon zitekeen gurutzaketa bat. Baina emakumeak gizona zigortu nahi izan zuen, GH bihurtuz.

3. GURUTZAKETA: GH-GH

GH: "Jantzi itzazu galtza hauek".

GH: "Nor zara zu nik gaur zer traje jantzi behar dudan esateko?".

"Gurutzaketa" hau, non bakoitzaren "G"k bestearen "H" menpean hartu nahi duen, oso arriskutsua da. Horrek, funtsean etengabeko balio-gatazka dagoela eta bakoitzak bere legea eta arauak inposatu nahi dituela esan nahi du. Hori maiz gertatzen baldin bada, harremana zaila da eta une oro tentsioa izango da. Ez gara ari eguneroko borrokan aberasgarriak izan daitezkeen diferentziei buruz hitz egiten, noski, gerra argi eta garbi dagoen kasuari buruz baizik: balioen mundua aurkakoa da eta kontraesanean dago. Edozein egoerak hori berehala erakutsiko du.

"Galtzak" ez dira batere garrantzitsuak. Sinbolo soila dira. Hotz zegoen. Baina gizonak ez zuen kalera atera behar. Egun osoa bulegoan igaro behar zuen, alkandora hutsean. Emakumeak ez du hori ulertzen. Horrexegatik erosi dizkio franelazkoak. Baina gizonak ez ditu janzten. Azkenean, nazkatuta, ondokoa dio: "Nor zara zu...?". Esan ohi den bezala, eraso pertsonala egitea erabaki du. Lehen aldiz entzuten duenarentzat, garrantzirik gabeko gai bat besterik ez da. Baina horrelako gauzak behin eta berriz gertatzen direla badakienak, ordea, funtsean "etxean nork agintzen duen" eta legea nork inposatzen duen jakiteko borroka izan daitekeela pentsa dezake.

4. GURUTZAKETA: HG-HG

HG: "Neskatila nintzenean, jende guztiak opariak egiten zizkidan: osaba-izebek, lagunek, nire aitak... (ni gogoratzen naiz...)".

HG: "Aizu, gaur gauean pixka bat beranduago iritsiko naiz. Ni agertzea espero dute eta ezin diet hutsik egin, ez al da hala?".

Gauzak argitu behar ditugu: ez emakumeak ez eta gizonak ere, normalki ez dute etxean "harrera" deritzon gauza hori aurkitzen, hori ere "G"ren funtzioa izanik. "N" izaten jarraitu nahiko lukete, bai eta bizitza osoan babesa eta estimazioa jasotzen jarraitu ere. Emakumea bakarra izan zen, anaiak izan zituen arren. Beti oso ederra eta oso maitea eta oso goretsia. Gizona, nolabait esateko, galai klasikoa zen. Beti txalotua izan zena. Emakumeak orain, ezkondu eta hilabete gutxi igaro ondoren, ez du bere senarrarengan bera babestu eta mimatuko duen pertsona ikusten ("H"k "G" bat nahi du). Senarrak ere ez du emaztearengan bera zainduko duen pertsona ikusten (bere "H"rentzat "G" iraunkor bat izan nahiko luke). Orduan, biok etxetik kanpoko "G"ren batekin oroitzen hasten dira etsipenez. Emakumeak, bere haurtzaroan eta ezkongai bizitzan. Gizonak, bere adiskideekin, beti hots egiten diotelako eta haiekin babestuta sentitzen delako.

Berriro ere gauza bera dugu: ez dio axola bakoitzak euskarri edo "G" osagarri bat izateak, zirkunstantzia. Baina hemen funtsezkoenak huts egin du: batek, oso jarrera egoistarekin, besteak ere berari eskatzen dion gauza bera eskatzen dio hari. Biok "H" izan nahi dute eta bestea "G" izatea nahi dute. Biok heldutasunik eza azaldu dute. Bikote hau kaskarina, kapritxosoa, batere seriotasunik gabekoa eta heldugabea dela diote, egunero banantzen ari dena. Bai penagarria! hain ziren ederrak biok...

5. GURUTZAKETA: HG-NN

HG: "Ez prestatu ezer ez niretzat; ez nigatik lanik hartu. Ez dut afaltzeko gogorik."

NN: "Zuk nahi duzun bezala. Gogorik gabe jatea ez da batere ona."

"Gurutzaketa" burutsua da. Gizonak entzuna izan nahi du, babestua, laguntza nahi du. Arazo bat du. Baina ez da esatera ausartzen. Eta orduan esaldi adierazgarria esaten du: "Ez prestatu ezer ez niretzat ("H"tik "G"ra). Ez dut afaltzeko gogorik". Beharbada ez du afaldu nahi, baina, funtsean, emakumea berataz errukitzeko eta bera zaintzeko aitzakia da. Zerbait gaizki doa bere bizitzan. HG erantzun "paraleloa" espero zuen. Baina emakumea gaur ez dago fin, ez dago sentsible, eta ez da horretaz ohartu. Eta nagusi bat bezala erreakzionatzen du: "Gogorik gabe jatea ez da batere ona" (NN). Erantzuna gurutzatu egin dio. Eta arazoa ezkutuan geratu da. Gizonak ez du afaltzen (edo geroago egiten du presaka eta ezkutuan). Baina komunikazio eder baterako bidea eten da, berak zerbait adierazi nahi zuelako eta emakumearen babesa nahi zuelako.

Hori pare bat aldiz gertatzen bada, ez dago inolako arazorik. Baina beti nagusiaren edo helduaren jarrera hori izatea ("zerbait esan nahi badit, argi eta garbi esan dezala"), gizonak babestua izateko eta gauzak pixkanaka eta zeharka (egin duen huts egite bat zuzenean onartu beharrik gabe) esateko duen beharraz ez jabetzea da. Gero beste norbaiti kontatuko dio edo nolabait ere lasaituko da. Bere barrualderako hauxe pentsatuko du: "emakume honek ez du bakar bat ere harrapatzen; ez du sentsibilitaterik". Pena da. Hain erraza izanda.

6. GURUTZAKETA: GH-NN

GH: "Begira: afaria labean, seme-alaba oheratuta eta laranja-zukua hozkailuan utzi dizkizut. Parrokiako bilerara noa"

NN: "Nahiago nuke egunen batean etxean geratuko bazina, zure familiarekin".

Emakumeak, parrokiara hainbestetan egiten dituen irteerengatik nolabait ere errudun sentituz, bere senarraren "H"ri irabazi nahi dio: "afaria labean, zukua hozkailuan, seme-alabek ez diote nekerik sortuko...". Baina gizonak ez du bere burua saltzen, saria onartu izan arren. Orduan pertsona nagusi bezala erreakzionatzen du, eta emaztea hausnarketa egitera behartzen du: NN. Senarraren erantzunak emaztea guztiz "lur jota" utzi du. Horrexegatik sentitzen zen errudun, hain zuzen ere.

Oso egoera arrunta da. Batek edo besteak garrasirik ez egiteko, erosi egiten zaio bere "H"ri saria emanez. Baina, zenbaitetan, bietako batek erreakzionatu egiten du eta lasaitasun handiz ohartarazpena egiten dio. Erantzun "gurutzatu" horrek, gauzak oso ongi ez doazela adierazten du: hori egiaztatzen duen ezaugarri nagusia "sari susmagarriak" maiz ematea da, elkarrekiko amodio-ekintza bat baino gehiago, zerbait justifikatzeko ekintza dirudielako.

Bibliografia:

Berne, E.: Los juegos en que participamos. Ed. Grijalbo.

Berne, E.: Análisis transaccional en psicoterapia. Ed. Grijalbo.

Berne, E.: ¿Qué dice usted después de decir hola? Ed. Grijalbo.

Harris, T.: Yo estoy bien, tú estás bien. Ed. Grijalbo.

FAMILIAKO TERAPIA ETA LITERATURA

AUKERATUTAKO TESTUA: GARCÍA MARQUEZ, G.: "El amor en los tiempos del cólera" Edit. Bruguera. Bartzelona. 1. edizioa. 50-52 orr.

"...elkarrekin igarotako lehen 30 urteak amaitzeko zorian egon ziren, egun batean bainugelan xaboirik ez zegoelako. Errutinazko sinpletasunarekin hasi zen. Juvenal Urbino doktorea logelara itzuli zen, oraindik ere inolako laguntzarik gabe bainatzen zen garai hartan, eta argia piztu gabe janzten hasi zen. Bera, emakumea, ordu hartan ohi zen bezala, bere egoera fetalean zegoen, begiak itxita, arnasa ahula, eta dantza sakratuko beso hura buru gainean. Baina erdi lo zegoen, beti bezala, eta gizonak hori bazekien. Iluntasunean, linuzko almidoien zurrumurru luze baten ondoren, Urbino doktoreak ondoko hau esan zion bere buruari:

- Aste bete daramat xaboirik gabe bainatzen.

Emakumea guztiz esnatu zen, gogoratzen hasi zen eta... hura amorrua eman ziona! izan ere, bainugelan xaboi berria jartzea ahaztu baitzizaion. Zuela hiru egun konturatu zen ez zegoela xaboirik, eta dutxaren azpian zegoenez ateratzerakoan jartzea pentsatu zuen, baina gero ahaztu egin zitzaion eta hurrengo egunera arte ez zen gogoratu. Hirugarren egunean gauza bera gertatu zitzaion. Benetan ez zen aste bete igaro, gizonak emakumearen errua areagotu asmoz esan ohi bezala, baina bai hiru egun barkaezin, eta hutsegite hartan harrapatua izanak eragin zion amorruak bere onetik atera zuen. Beti bezala, bere burua defenditzeko erasoari ekin zion:

- Ba ni azkenaldi honetan egunero bainatu naiz –esan zuen garrasika, bere onetik aterata- eta beti xaboia izan da.

Gizonak emakumearen gerra-metodoak aski ezagutzen zituen arren, une horretan ezin izan zuen jasan. Lanari loturiko edozein aitzakiaz baliatuz, Erruki-ospitaleko internoen logela batera joan zen bizitzera, eta etxera arropaz aldatzera bakarrik agertzen zen, arratsaldeetan, etxez-etxeko kontsultak egitera abiatu baino lehen. Gizona etxean sartzen zela entzun bezain azkar, emakumea sukaldera joaten zen, zerbait egiten ari zenaren itxurak egiten, eta bertan geratzen zen kalean zaldigurdiaren hotsa entzun arte. Ondorengo hiru hilabeteetan liskarra konpontzen saiatu ziren, baina liskar hura areagotzea besterik ez zuten lortu. Gizona ez zegoen etxera itzultzeko prest emakumeak bainugelan xaboirik ez zegoela onartu arte, eta emakumea ez zegoen gizona hartzeko prest bera atsekabetzeko gezurretan nahita aritu zela onartu arte.

Gertakari hura, noski, aukera bikaina izan zen beste zenbait gertakari, egunsenti nahasi askotan izandako eztabaida txiki ugari gogoratzeko. Erresuminak azaleratu egin ziren, itxita zeuden zauriak berriro ireki zituzten, eta hainbeste urtetako "ezkontza-zezenketaren" ondoren gorrotoa larreratu besterik ez zutela egin konturatu zirenean, atsekabetu eta beldurtu egin ziren. Gizonak, biok elkarrekin aitortza ireki bat egitea proposatu zuen, behar izanez gero artzapezpikuaren aurrean, Jaungoikoak, azken epailea zenez gero, bainugelan xaboia bazegoen ala ez zegoen erabaki zezan. Emakumea, oso jokamolde finekoa izan arren, guztiz asaldatu zen eta ondoko oihu historikoa egin zuen:

- Kaka zaharra artzapezpiku jaunarentzat!

Irainak hiri osoa goitik behera astindu zuen, alegia edo atso-ipuin asko ekarri zituen (gero gezurtatu zirenak), eta herriko hizkeran barne hartuta geratu zen zarzuela-txurarekin: "Kaka zaharra artzapezpiku jaunarentzat!". Muga erabat gainditu zutela ohartu zirelarik, emakumeak espero zuen senarraren erreakzioari aurrea hartu zion, eta bere aitaren etxe zaharrera bakarrik joatearekin mehatxatu zuen, etxea oraindik berarena baitzen, bulego publikoetarako alokatuta egon arren. Ez zen arrandia edo erronka hutsala izan: benetan alde egin nahi zuen, gizarte-eskandalua bost axola zitzaiolarik, eta senarra garaiz konturatu zen. Gizona ez zen bere aurreiritziei aurre egiten ausartu: eta amore eman zuen. Gizonak ez zuen onartzen bainugelan xaboirik bazegoenik, hori egiari iraintzea izango litzatekeelako, etxe berean baina logela banandutan, eta elkarri hitz egin gabe bizitzeko amore eman zuen soilik. Eta horrelaxe bazkaltzen zuten, mahaiko alde batetik bestera seme-alaben bitartez elkarri mezuak abilezia handiaz bidaliz, seme-alabak ez baitziren inoiz ere ohartu gurasoek ez ziotela elkarri hitzik egiten.

Estudioan bainugelarik ez zegoenez, formulak goizeko zarataren gatazka konpondu zuen, gizona eskolak prestatu ondoren bainatzen zelako, eta emaztea ez esnatzeko kontu handiz aritzen zelako. Askotan topo egiten zuten, eta oheratu aurretik hortzak txandaka garbitzen zituzten. Lau hilabete horrela igaro ondoren, gizona ezkontza-ohean etzan zen emakumea bainugelatik irteten zen bitartean, beti bezala, baina oraingo honetan loak hartu zuen. Emakumea bere alboan zarata handia sortuz etzan zen, gizona esnatzea eta alde egitea nahi zuelako. Gizona esnatzea lortu zuen, noski, baina ohetik altxa beharrean argia itzali zuen eta burukoa erosoago ipini zuen. Emakumeak bizkarretik heldu zion estudiora joan behar zuela gogorarazteko, baina gizona birraiton-amonen lumadun ohean oso gustura zegoenez gero, amore ematea erabaki zuen:

- Utz nazazu hemen geratzen -esan zion-. Bazegoen xaboia..

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail