GURASO-ESKOLA             20. SAIOA

GAIA: AGINTE-ESTILOAK ETA HEZIKETAN DUTEN ERAGINA

HELBURUAK:
  • Gure seme-alabekin ditugun heziketa-harremanetan bereizgarria zaigun estiloa aztertzea.

  • Aldaketak sartzeko jardunbideak ikustea.

METODOLOGIA :

1.- "El extraño caso de cangurito" eta "Las decisiones del señor búho" izeneko ikus-entzunezko muntaiak proiektatzea).

(Denbora: 15’ )

2.- Lau estiloen azalpen laburra egitea.

(Denbora: 15’ )

3.- Alegia gisa hartu behar direla eta estilo pururik ez dagoela argi utzirik, lau taldetan biltzea eskatuko zaie, ustez dagokien estiloaren arabera hain zuzen ere (autoritarioa, gehiegi babestekoa, saiheskorra edo asertiboa). Ondokoa eskatuko zaie:

  • Erantsitako galdera-sorta betetzea, alde batetik norberaren estiloari dagokion erantzuna eta, bestetik, "egokiena" iruditzen zaiena aukeratuz.

(Denbora: 35’ )

4.- Bateratze-lana eta saioaren laburpena egitea.

(Denbora: 25’ )

Bibliografia :

  • "Adolescentes, Familia y Drogas" Jardunaldietan (Madril, 1998) Cruz Gonzálezek zuzendutako lantegitik egokitutako tipologia eta galdera-sorta.

  • "El extraño caso de cangurito" eta "Las decisiones del señor búho" izeneko ikus-entzunezko muntaiak, "Padres y Maestros" aldizkariak argitaratutako "Relaciones Familiares" monografikoari dagozkionak (Ed. Paulinas, 1982).

LANTEGIA: HEZIKETA-ESTILOAK FAMILIAN – CRUZ GONZÁLEZ

  • Heziketa-estiloa: gurasoen eta seme-alaben artean harremanak ezartzeko eta gatazkak konpontzeko modu errepikatu eta nagusia. Seme-alabekiko pentsamendu eta ekintzetan islatzen da.

  • Heziketa-estiloa ez da inoiz puru-purua baina bat izaten da nagusi.

Bi dimentsio daude beti:

    1. Laguntza, afektua, onarpena.

    2. Seme edo alabaren jarreran "eragiteko ahaleginaren" intentsitate-maila.

  • Seme edo alaba ororentzako helburua, indibiduazioa eta pertenentzia-sentimenduak lortzea.

  • Kanpoko kontrola. Arau eta sari/zigorren ezarpena edota kontrolik eza, diziplinarik eza eta gauzak behin eta berriz esatea.

  • Kontrol psikologikoa (erruduntasunaren bitartez), intrusismoa (harreman edo afektua ukatzeraino). Estiloa, hitzezko alderdiak ez ezik, hitzezkoa ez denak ere –eta batez ere– finkatzen du.

Familia bakoitzak hezteko estilo desberdina du ondoko alderdien arabera:

  • Gurasoen izaera (urduriak, lasaiak...).

  • Gurasoek izan zuten heziketaren esperientzia.

  • Heziketari lotutako moda, heziketa-alderdi batzuei buruz dabiltzan ideiak ("errespetua zor didazu", "seme-alaben adiskidea izan nahi dut" eta abar).

Mota puru-pururik ez badago ere, komeni da zein estilo-motatara jotzen dugun eta horrek seme-alabei zein arrisku ekar diezazkiekeen pentsatzea:

Zer egin

  • Ahalik eta afekturik handiena bilatu.

  • Seme edo alaba den bezalakoa onartu, bere dohain eta akatsekin.

  • Positiboa dena baloratu.

  • Bere gaitasunak kanporarazi.

  • Konfiantza merezi duela ikustarazi.

Norabideari dagokionez:

  • Norabidea adinaren arabera egokitu (haur txiki bati igeri egiten erakusten zaio baina ezin da 15 urteko alabarekin igerilekura joan erortzeko arriskua dela eta).

  • Arauen arrazoia azaldu (etxeko gainerakoek ere bete beharko dituzte).

  • Adinari egokitutako erantzukizunak eta erabil dezakeena baino askatasun handixeagoa eman, treba dadin.

Hirusta Programa* - Guraso-Eskola

Heziketa-estiloak familian

Estilo-motak:

Autoritarioa:

  • Kontrolik handiena / afekturik txikiena. Gurasoak, seme-alaben beharrak finkatzen dituzten bakarrak ("nik esan dizudalako").

  • Arauen jarraipen zakar eta zorrotza, eskaera berehala betearaztea ("Egin ezazu oraintxe bertan…"). Seme-alabei esandakoen %60 aginduak izaten dira.

  • Zigor fisikoak, hitzezkoak edo gaitzespen-errietak maiz erabiltzea (orain ere…, beti bezalaxe) eta pribilejioak, sariak eta maitasuna ukatzea.

  • Oro har, gurasoek baliabide emozional urriak izaten dituzte. Zailtasun handia dute seme-alabekiko haserre- edo gaitzespen-sentimenduak kontrolatzeko eta seme-alabei egozten dizkiete. Ondorioz, komunikazioa zaildu egiten da.

  • Negoziatzeko trebetasunik eza, norabide bakarreko komunikazioa gurasoen eta seme-alaben artean, elkarrizketarik eza.

  • Sentimenduen eta egoeren kontrolik eza.

  • Normala denari ez dio kasurik egiten / Ezohikoa dena kontrolatzen du / Akatsik txikiena ere zigortzen du.

Saiheskorra:

  • Seme-alabak beren kabuz ikas dezaten uztea ("ikasiko du denborarekin"), akats arin edo larriekiko tolerantzia handia ("edonork egiten du huts", "egingo du irakasleak").

  • Gatazkak saihestea eta aurre ez egitearren amore ematea. Ez dago jarraipenik.

  • Negatiboagoa afekturik ez dagoenean.

  • Seme-alabentzako arau, laguntza eta jarraipenik eza. Gurasoek ahalik eta denbora gutxiena ematen dute seme-alabekin.

  • Heziketa-jarraibideak beste batzuen esku uztea (hezitzaileak, irakasleak, bizilagunak).

  • Seme-alaben jarrera positibo eta negatiboekiko axolagabetasuna, permitibitatea eta pasibotasuna. Zenbaitetan amorru-eztandak agertzen dira seme-alabek neurritik kanpo jokatzen dutenean.

  • Ez da erreferentziazko eredurik eskaintzen.

Asertiboa:

  • Adinari egokitutako afektu eta kontrolik handiena.

  • Seme-alaben beharrekiko sentikortasuna azaltzea eta izaki bereizi eta bakar gisa onartzea (baldintzarik gabeko onarpena).

  • Arau argiak eta jarraipen irmoa aginduen, errefortzu positiboen eta, beharrezkoa izanez gero, zigorren bidez.

  • Seme-alaben independentzia adinari egokitutako erantzukizun eta askatasunarekin estimulatzea.

  • Gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazio irekia eta norabide bikoa.

  • Seme-alabek bereganatu beharreko "kanpoko kontrola (arauak) barneko kontrola (barneratutako baloreak)" moduko prozesu bat sustatzen da.

  • Estilo honetan ezagunak dira arauak betetzearen edo ez betetzearen ondorioak eta hori ez da gertatzen gurasoen gogo-aldartearen arabera, aldez aurretik hitz egindakoaren arabera baizik. Normala dena baloratzen da, ongi egindakoa indartzen da, ezohikoa dena nabarmentzen da, desbiderapen txikiak ahaztu egiten dira (ikaskuntzaren berezkotzat hartzen dira) eta handiak aldiz, zuzendu.

Gehiegi babestekoa:-

  • Benetako afekturik ez / kontrol afektibo psikologikoa. Seme-alabei eskatzen duten guztia ematen dieten gurasoak izan daitezke. Afektua oso txikia da; ez dituzte seme-alabak maite, beren burua baizik.

  • Saiheskor bihur daiteke gurasoek seme-alabak hurbil edukitzeko edozer gauza egiten uzten badiete.

  • Seme-alabak kontrolatu nahi izaten dituzte afektu txantaje emozionalaren bidez ("Egin nahi duzuna, ni etxean geratuko naiz bakarrik, zure zai…").

  • Gurasoek seme-alabak beren ekintzen ondorioez babesten dituzte eta beraiek pairatzen dituzte. Adibidez, seme edo alabari txistorra-ogitartekoa jan aurretik "Almax" bat ematen dion ama.

  • Bikotearen eta seme-alaben rolen arteko muga zehaztugabeak. Elkartasun handia izaten da amaren eta seme edo alabaren artean eta, oro har, aita autoritarioari gauzak ezkutatzen zaizkio.

  • Seme-alabei dena ematen diete, ezin dute seme-alaben frustrazioa jasan eta ondorioei aurrea hartzen diete.

  • Castells-en arabera, gurasoek ez dute nahi beraiek heziketa- eta ekonomia-mailan jasan zutena seme-alabek ere pairatzea, ez eta seme-alabek gaixotasunagatik, bikotearen hausturagatik, erru-sentimenduengatik edo gurasoek denbora gutxi eskaintzeagatik (bai amak eta bai aitak lan egiten dutelako) sufritzea ere. Afektibitate-gabezia (bikotean adibidez) duten beste guraso batzuek seme edo alabarekiko lotura sendotzen dute.

  • Gehiegizko babesa ematen dutenek seme-alaben arazoen erruduntzat hartzen dute beren burua. Oso erredun sentitzen dira arauak ezartzean eta, horrexegatik, ez dituzte ezartzen edo ez dituzte exijitzen. Gainera, seme-alabek betetzen ez badituzte, txantaje emozionala egiten diete edo errua kanpoan bilatzen dute (seme-alabei ez egoztearren).

"Erretratu robota" ondokoa izango litzateke:

  • Seme edo alaba txikia eta babesgabea da.

  • Bereganako maitasuna adierazten duten opari ugari jasotzen ditu.

  • Gurasoak seme-alaben beharrak asetzeko daude eta behin eta berriz gogorarazten diete beraiengatik egindakoa.

Egon daitezkeen arrazoiak:

  • Gurasoek ez dute elkar ulertzen eta dena seme-alabengatik ematen dute.

  • Haurrak zainketak eskatzen dituen gaixotasun bat izan du edo du.

  • Ekarri nahi ez zen seme edo alaba izan daiteke; horrela, sortzen den erruduntasuna "gehiegizko maitasunarekin" estaltzen da.

  • Aita edo ama heldugabea da eta beharrezkoa zaio bere seme edo alabak bere beharra izatea. Nola edo hala, seme edo alabaren menpekotasuna lortzen du.

Estiloek seme-alabengan dituzten ondorioak.

Autoritarioa:

  • Gerta daiteke seme-alabak ikasketetan nabarmentzea eta arauak behar bezala betetzea (edota kontra egitea).

  • Seme-alabak errudun sentitzen dira gurasoen iguripen guztiak bete ezin izateagatik. Horregatik, etsi egiten dute, ihes egiten dute (ihesaldiak) edo "mozorroa" erabiltzen dute (gurasoen aurrean edo gurasoak ez daudenean desberdin jokatuz).

  • Oso zorrotzak, planak aldatzeko zailtasunak.

  • Autokontzeptu eta autonomia pertsonal txikia.

  • Autokontrol handia baina kanpotik (trafikozainaren antzera) eta beren aurrean.

  • Epe laburrean sozializatzen du; epe luzera aldiz:

Arau zorrotza desafioa arau zorrotzagoa desafio handiagoa.

  • Herra, angustia eta erruduntasuna sentitzeko eta guztiaz ihes egiteko joera du.

Agresiboak izan ohi dira. Agresibitatea norberarengana bideratzen dutenean zaputz eta arrazoirik gabe errudun agertzen dira, beren burua gutxiesten dute, gaixotasun psikosomatikoak, ultzerak, fobiak eta gaueko izuak izateko joera dute, otzanak diruditen arren gaixo daude. Agresibitatea besteengana bideratzen dutenean berriz, gurasoekin eta eskolan duten afekturik ezaren errua txikienari egotzi eta jo egiten dute, gauzak puskatzen dituzte… Ondorioz, besteak are gehiago urruntzen zaizkie, maitasun-falta handiagoa sentitzen dute eta agresibitatea areagotu egiten da = amaitzen ez den soka.

Saiheskorra:

  • Ezegonkortasuna, oreka pertsonalik eza arauak bere gain ez hartzeagatik.

  • Irmotasunik eza helburuetan, talde-lanerako zailtasuna.

  • Emaitza eskasak ikasketetan (ahaleginerako ohiturarik eza).

  • Autonomia pertsonal txikia.

  • Afekturik ez badago, autokontzeptua oso txikia izaten da eta afektua beste edonon bilatzen da. Jarrera desbideratuak hartzeko joera.

  • Ikasketen ausazko aukeraketa edo atzerapenak ikasketetan (ez dago jarraipenik).

Gehiegi babestekoa:

  • Frustrazioarekiko tolerantzia txikia, independentziaz jokatzeko zailtasuna, autokontrol eskasa.

  • Autoestimu txikia, ingurunearekiko menpekotasun handia. Familia-girotik irteten denean ez da gauza bere kabuz defendatzeko, larritu egiten da zailtasunen aurrean, ez du segurtasunik.

  • Gauzak ez ditu baloratzen, dena eginda eman zaio. Berekoia eta esker txarrekoa, beretzat normala baita besteak berarekin kezkatuta egotea.

Asertiboa:

  • Autoestimu handia, sormena, bere buruarekiko konfiantza.

  • Erabakiak hartzeko gaitasuna (aukeratzean beti galtzen da).

  • Besteekin harremanak ezartzeko eta lankidetzan jarduteko gaitasuna.

GALDERA-SORTA: ARAZO-EGOERA

Ondorengo galderek, zure seme-alaben heziketan eta hazieran sarritan izan dituzun, izaten dituzun edo izan ditzakezun arazo txiki eta handiak deskribatzen dituzte. Erabili zure esperientzia eta aukeratu egoera horretan egongo bazina emango zenukeen erantzuna. Bat baino gehiago eman nahi izan arren, mesedez aukeratu erantzun bakar bat galdera bakoitzean.

1. Mikelen amak telebista ikusi nahi duen bakoitzean, Mikel zarata ateratzen hasten da eta amari ez dio uzten haren programarik gogokoena ikusten. Zer egingo zenuke ama izango bazina?

  • Haserretu eta errieta egin zarata ateratzen duen bakoitzean.

  • Arreta jarri, laudorioak bota lasai jolasten denean eta kasurik ez egin zarata ateratzen duenean.

  • Telebista ikusteari utzi, haurrak arreta eskatzen dit eta.

  • Telebista itzali eta beste zerbait egin.

2. Zer esango zenioke zure seme edo alabari etxekolanak egin ditzan?

  • "Etxekolanak amaitzean parkera joan ahal izango zara".

  • "Etxekolanak egiten ez badituzu, bihar ez zara parkera joango".

  • "Etxekolanak egiten ez badituzu, haserretu egingo naiz".

  • "Tira, zurekin eseriko naiz eta elkarrekin egingo ditugu".

3. Aitak alabari logela garbitzeko emandako hitza ez betetzeagatik berarekin erosketak egitera eramango ez duela esaten dio. Alaba negarrez eta kexaka hasi eta itzultzean garbituko duela agintzen dio aitari. Zer egingo zenuke aita izango bazina?

  • Tratua bete ez duenez gero, kasurik egin gabe bakarrik joan.

  • Erosketak egitera eraman bihar logela garbituko duela agindu ondoren.

  • Alaba lasaitu eta logela garbitzen lagundu.

  • Alabarekin haserretu eta arratsaldean telebista ikusi gabe zigortu.

4. Luisak biraoak botatzen ditu batzuetan, baina amaren aurrean dagoenean soilik. Amak argi eta garbi adierazi dio hitz horiek entzutea oso desatsegina dela beretzat. Zer egingo zenuke ama izango bazina?

  • "Zure adiskideek esaten badituzte ere, ez duzu biraorik esan behar" esan.

  • "Ikusiko duzu berriz esaten baduzu..." esan.

  • Kasurik ez egin hitz horiek erabiltzen dituenean eta arreta jarri erabiltzen ez dituenean.

  • Ahoan zaplasteko bat eman, ikas dezan.

5. Zure seme edo alabak bere platera jasotzeko ohitura har dezan nahi duzu. Zer egingo zenuke?

  • Prest dagoenean berak bakarrik, erakutsi behar izan gabe, egingo duela pentsatu.

  • Platera jasotzen erakutsi eta, jaso ondoren, oso ongi egin duela esan.

  • Bere platera jaso, badu nahikoa egunero eskolara joatearekin.

  • Platera jasotzen ez duen bakoitzean haserretu.

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail