GURASO-ESKOLA           19. SAIO

GAIA: SARIAK ETA ZIGORRAK (2)
HELBURUAK :
  • Hezkuntza-jarrera komenigarrienetan sakontzea, seme-alaben portaera hobetzeko.

  • Orientabide praktiko batzuk zehaztea, sariak eta zigorrak seme-alabei irakasteko asmoz erabili ahal izateko.

METODOLOGIA :

1.- Begiralearen azalpena erantsitako materialaz baliatuz ( Denbora : 30’ )

2.- Taldekako lana erantsitako orrialdeko galderekin ( Denbora : 30’ )

3.- Bateratze-lana ( Denbora : 30’ )

Bibliografia:
  • "Relaciones Familiares"- "Padres y Maestros" aldizkariak argitaratutako monografikoa- Ediciones Paulinas- 1.982

  • "Los límites en la educación de niños y adolescentes: una necesidad para el aprendizaje y la socialización" – Miguel Costa – 1.998

19. GAIA

SARIAK, ZIGORRAK ETA SEME-ALABEN HEZIKETA

Ziur aski zure alaba bizkorra izango da, maitagarria, samurra eta beste hainbat gauza ere. Bikaina; ia perfektua. Baina zure alabarekin ia beti nekatuta lehertzeko zorian egoten zara: bihotza estu-estu duzula zu aurrean ez zaudenean zer zalaparta antolatu ote duen pentsatzen duzunean, bere gelak badirudi ia denetik aurki daitekeen denda horietako bat eta dena dago guztiz eta bikainki desordenatua.

Eta... zer diozu zure semeari buruz?

David arduratsua da, jatorra eta sentibera. Baina baita burugogorra ere, erantzunzale lotsagabea eta, otorduetan bereziki, bai eta platereko janaria ez amaitzeko aitzakia-asmatzaile txapelduna ere.

Bi seme-alaba normal-normalak, alegia.

1. Nola menderatu eguneroko egoerak: gurasoen burukominetarako errezetak

Eztabaidak eta desobedientzia-egoerak etxe guztietan gertatzen dira: seme-alabek helduei erronka jotzeko beharra izaten dute, diziplinaren mugak zeharkatu eta azken finean, aurka egin.

Hala eta guztiz ere, badakigun arren, ez da erraza izaten nerbiotatik jartzen gaituzten une horietan lasai egotea.

Zer egin dezakegu bizitza erdia seme-alabekin borrokan ez emateko? Ba al da arau praktikorik egoera horiek behar bezala bideratzen lagunduko digutenak?

1.1. Zaindu harremanaren estilo orokorra, une kritikoen zain egon gabe.

  • Hartu zure ingurukoak gonbidatuak balira bezala.

Sekulan ez litzaizuke bururatu ere egingo zure gonbidatuei garrasi egitea, aginduak ematea edo zure hitzek inor iraintzea edo inori minik egitea.

Zure seme-alabek errespetuz eta aintzatespenez tratatzea nahi baduzu, egizu zeuk ere gauza bera. Badakizu haurrek neurri handi batean imitazioaren bidez ikasten dutela, guk ereiten duguna jasoko dugu beraz ziur aski. Inoiz ere ez daude sobera "mesedez" eta "eskerrik asko" bezalako hitzak.

  • Saritu, estimulatu eta goraipatu.

Ezar ezazu batez ere sarietan oinarritzen den estiloa, ez zigorretan oinarritzen dena, estimuluaz baliatu, ez mehatxuaz.

Zaude ziur saririk onena hitza eta keinu adeitsuak direla, perfume iraunkor bat balira bezalaxekoak baitira. Biek eragiten dute pertsona konfiantza-giroan haztea.

Enpresa asko samarretan "salbuespeneko maneiatzea" bezala ezagutzen den harreman-estilo bat izan ohi dute: emandako lanaren akatsei bakarrik erreparatzean datza, maiz gertatzen dena baloratu gabe: ondo egindako lana baloratu gabe alegia. Gauzak horrela, langilea, motibaziorik gabe ari da lanean eta, nagusiak deitzen dionean, lehenengo pentsatzen duen gauza zera da:, nagusiak errieta egingo diola....

Etxean ere, gure arreta eta kemen guztia seme-alabek jokabide desegokia duten aukeretarako gordetzeko arriskua dugu; gauzak euren kabuz jasotzen dituzten uneak ahazten zaizkigu, gure laguntzarik gabe etxerako lanak egiten dituzten egunak, edo mahaian ondo esertzen direneko aldiak...

  • Balora itzazu ahaleginak eta hobekuntzak ere.

Ez itxaron euren jokabidea perfektua izan arte: esaiozu bere ahalegina baloratzen duzula.

Eta ez pentsatu zure goraipamenen ondoren bere akats guztiak ezabatuko dituenik; beti aurkituko zenuke "bai, baina..." moduko arrazoiren bat eta ez zinateke sekulan pozik egongo.

Haur txikiekin oso eraginkorra izaten da euren jokabide ona besteei aipatzea, besteekin hizketan ari garenean; badirudi haurrek badutela radar gisako bat eurei buruz hizketan ari garenean den-dena entzuteko.

1.2. Ikasi zure seme-alaben jokabidea irakurtzen eta erakutsiezu eurei ere gauza bera egiten.

  • Zure arreta erakarri nahi duten jokabide desegoki eta ez "destruktiboei" ez jaramonik egiten saiatu.

Batzuetan jokabide bat ez da dirudiena. Portaera desegoki baten atzean, adibidez galtzetan pixa egitea (jada hori gaindituta daukanean), edo arrazoirik gabe negar egitea, edo anai-arrebari jotzea..., arreta erakartzeko eta maitasuna sentitzeko beharra egon daiteke.

Jokabide horiek desagerrarazten ahalegintzen bagara agian gero eta maizago egingo dituzte, guk jaramon egiteko helburua lortzen baitute horrela.

Ez diegu jaramonik egingo baina, aldi berean, afektu-beharrei erantzun egokia eman beharko diegu.

  • Lagundu seme-alabari bere sentimenduak ulertzen, baina ezarri mugak.

Eztabaidetako askotan, nerabeekin batez ere, eztabaidatzen dena zera izan ohi da: gauza ezberdin bat, adieraztea lortzen ez den gauza bat, hain zuzen ere.

  • "Gorroto zaitut" esaten badigu, ez dugu mesprezu pertsonal bezala hartu behar, gauez irteteko debekatu diogunean esan badigu hori adibidez.

  • Azpian dagoen sentimendua itzuli: "Badakit oso gogorra egiten zaizula zure adiskideekin ez egotea, baina bihar goiz irten behar dugu" eta...

  • Ezezkoari tinko eutsi: "Ez dizkizut ezetz esateko arrazoiak errepikatuko, eta ez dut kontuan hartuko ere haserre zauden une honetan esaten ari zarena, min egiten didan arren".

1.3. Gogoan izan desadostasunak oso normalak direla edozein harremanetan.

Edozein gizarte-harremanetan, goiz edo berandu, desadostasuna agertzen da. Bai eta familian ere.

Baina desadostasuna hezkuntza-faktore edo ikasteko pizgarri gisa erabil dezakezu (baina horrek ez du esan nahi seme-alabari arrazoia eman behar diozunik) edo botere-gatazka gisara ere erabil dezakezu.

Jakina da:

  • Bi ez direla borrokatzen, bietako batek ez badu nahi.

Gerrarako bi etsai behar diren bezalaxe, partaide bat baino gehiago behar dira, halaber, borrokarako.

Batzuetan seme-alabek aurkari bat aurkitu behar izaten dute; errazagoa gertatzen zaie euren modu txarrak justifikatzea beste pertsona ere bere onetik ateratzen denean. Ez erori tranpan; zeu zara pertsona heldua. Gogoan izan heztea dela kontua, ez borrokak irabaztea.

  • Zure seme-alabak eta zuk ez duzue "egun txarretarako" eskubiderik. Eta, bereziki, barkatzeko eskubidea duzue.

Zeren eta, desadostasunari irtenbide on bat lortzeko ahalegin handia egiten baduzue ere, noizean behin arazoak eta liskarrak izan ditzakezue...

Batzuetan zuen seme-alaba da urduri dabilela-eta denboraldi bereziki gatazkatsua duena: azterketak, lagun bat galtzeak eragin dion frustrazioa, etab.; beste batzuetan, geu gara urduri gaudenak lanagatik edo buruko minagatik...

Gure eta euren eskubide gisara errebindikatu behar dugu, egun txar horiek izateko aukera.

Barkamena eskatu beharra dago ordea ekaitza igaro denean eta gure akatsa onartu behar dugu, eurei ere gauza bera egiten erakutsiz.

1.4. Desadostasunetako batzuek borroka merezi dute; gehienek ez, ordea.

  • Ipini hierarkia batean gaien garrantzia eta seme-alaba hezteko duten garrantziaren arabera jokatu.

Gai guztiek ez baitute garrantzi bera: ez amore eman, seme-alaba garrasika hasten bada ere, zure ustez irizpide sakonak irakasten ari bazara. Baina ez eman egun osoa ere bere jokabidea zuzentzen edo txikikeriengatik borrokan. Jokabideak aldatu nahi ditugunean, hautatu beharra dago: bi edo hiru garrantzitsuenekin nahikoa da.

  • Adierazi zure haserrea laburki eta protestei erantzun gabe.

Ez bota erretolika edo "diskurtso" handiak. Azaldu hitz gutxitan eta argi eta garbi zergatik haserretu zaren hainbeste. "Ez!" edo "Nahikoa!", eta ondoren azalpena edo zergatia ematea nahikoa izan daiteke.

Leherketaren ondoren, gelditu. Geldialdiak garrasi guztiek baino eragin handiagoa izaten du. Eta garrasika jarraitzen baduzu galduta zaude, beti berdin erantzun beharko baitiezu, doinu bera erabiliz berak esaten dizkizunei. Akats hori bereziki amek egiten dute.

Kontu handia izan zure hitzek irainik izan ez dezaten, ez eta zure seme-alabaren duintasuna kaltetuko duten ekintzarik ere.

  • Ezarri gogoetarako denbora bat

Zure seme-alabak borrokan jarraitu nahi duela ikusten baduzu, bere gelara gogoeta egitera bidaltzea onuragarria izan daiteke egoera pixka bat hozten laguntzeko. Denbora horrek ez du luzeegia izan behar, ez baita zigor bat hitzaren zentzu edo esanahi tradizionalean. Agresibitatea indargabetzea da kontua, bai zu eta bai bera ere lehertzeko zorian baitzaudete.

Zenbat denbora behar ote den jakiteko, adinaren urte bakoitzeko minutu bat kalkulatzen da; 14 urte baditu 14 minutu beraz.

Konturatuko zara zenbat eta zenbat haserre desagertzen diren formula erraz hau aplikatuz...

  • Ezar ezazu, zure seme-alabarekin adostasunean egoera errepikatzea eragotziko duten arauak eta jokatu koherentziaz, arau horiei eutsiz, alegia.

Behin haserrea pasatu ondoren, baina ez berehalakoan, iritsi da lasai eseri eta akordioetara iristeko unea.

Ez saiatu "bestea menderatuz irabazten", eskaini zerbait trukean eta amore eman bigarren mailakoak diren gauzetan.

Eta eutsi koherentziaz zure eskaerari: seme-alaba hezterakoan oso kaltegarria suertatzen da atzo jaramonik egin ez zenien jarrerak gaur saritzea edo gogor zigortzea.

Koherentziaz jardun eta senar-emazteok ere koherentzia eskatu elkarri.

2. Sariak eta zigorrak... hezteko eragile onak al dira?

Aurreko arauetan, ekaitz-egoerak jorratzen genituen bereziki. Baina familia ororen bizitzan bada zirkunstantzia-mordo bat, lehertzekoak ez diren arren, gure seme-alaben izaera osatzen doazenak: ordenatuak izaten ikasten dute, modu onak erabiliz jarduten, besteen eskubideak errespetatzen, etab.

Eta, eguna joan eguna etorri, ingurutik jasotzen dituzten estimuluen arabera egiten dute; erakutsi genion aurpegi hura, modu jakin batean jokatzen zuenean txiki-txikitatik jaso zuen saria edo zigorra, eta abar. Horiek guztiak pertsona-mota bat osatzen joan dira.

Guraso guztiek, nahita edo nahigabe, erabiltzen ditugu sariak eta zigorrak gure seme-alabekin. Sariak eta zigorrak ondo hezteko edo gaizki hezteko baliagarriak izango ote diren, erabiltzen ditugun moduaren araberakoa izango da.

Horregatik da garrantzitsua tresna horien erabilera ezagutzea.

2.1. Sariak

  • Pertsona batek zerbait egiteko satisfazioa lortzen duenean, jokabidea errepikatzeko joera izan ohi du.

Zure seme-alabaren jokabidea beretzat asegarria eta ona den zerbaitekin saritzen baduzu, ziur aski berriz ere azalduko du jokabide on hori.

  • Sari materialak, dirua, kirol-gauzak edo jostailuak denoi atsegin zaizkigu. Gizarte-sariak dira ordea (arreta, goraipamenak eta maitasuna) geure buruarekin gusturago egonarazten gaituztenak.

Emaiezu lehentasuna, baina ez esklusibitatea, seme-alabekiko harremanetan.

Gizarte-sarien adibideak dituzu honakoak:

  • Animuak eta zorionak emateko esaldiak: "Oso ondo!", "Primeran ari zara!", "Zorionak!".

  • Maitasun-erakustaldiak: musu bat, besarkada bat, irribarre bat, bizkarrean kolpetxo bat...

  • Bere jokoetan parte hartuko duzula hitz ematea, haurtxo txikiekin batez ere: gogoko duen ipuin bat seme-alabatxoarekin irakurtzea, elkarrekin jolastea, piezekin eraikinak egitea, etab.

  • Erabaki ezazu zertan erabiliko dituzun sari materialak. Irizpide on bat aparteko egoeretan egitea da, ahalegin berezia eskatzen duten gauzekin. Baina, kasu horretan ere, gizarte-sariez hornituta joan behar dute, gizarte-sari horien adierazgarriak baitira.

Baina kontuz ibili maiztasunarekin, ez saritu maizegi, bestela zure seme-alabak gauzak sariengatik bakarrik egingo baititu, eta ez ekintza horiek berez dituzten balioengatik.

  • Ez ahaztu haur guztiak direla ezberdinak, ez daude berdin-berdinak direnak. Eta, horregatik, batentzat motibatzailea dena, beste batentzat gerta liteke ez motibatzailea izatea. Sariak seme-alaba bakoitzaren izaerara egokitu beharko dituzu.

  • Nahi duzun portaera ikusi bezain laster eman saria. Jokabidearen eta sariaren (edo zigorraren) artean zenbat eta alde edo distantzia handiagoa izan, orduan eta txikiagoa izango da eragina. Eta haurraren adina zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta lehenago saritu edo zigortu behar da.

  • Bi dira saria emateko modu nagusiak: beti eta noizean behin. Hasieran, portaera berria ondo ikasia egon artean, hobe da portaera hori agertzen den bakoitzean erreforzatzea edo indartzea. Gero, portaera sendotuta dagoenean, errefortzuak erabili behar dira noizean behin eta luzera aldakorreko aldietan.

  • Hobe duzu ikuspegi positiboa hartzea eta aktiboki bilatzea zure seme-alaben portaera ona ondoren saritzeko, zigorren bidez funtzionatzea baino ("salbuespenaren bidez maneiatzea", gogoan duzu?).

2.2. Zigorrak

  • Adierazi dugunez, portaera desegoki bat ezabatzeko modua etengabe eta beti jaramonik ez egitea da, arretarik ere eman gabe, arretaren saria ere jaso ez dezan.

  • Onartezina den portaera amaiarazteko modua da zigorra. Zigorrak eraginkorrak izan daitezke behar bezala erabiliz gero.

  • Ez erabili zigorra zure seme-alabaren portaera zuzentzeko ohiko bitarteko bezala.

Zigorra maiz erabiltzea ez da eraginkorra izaten jokabidea aldatzeko. Aldiz, zuek nahi ez dituzuen eraginak izan ditzake. Honelakoak adibidez:

  1. Gutxi irauten du. Haurrak, zigortutako jokabidea ezabatzen du aldi baterako, baina handik gutxira berriz ere hartzen du jokabide hori.

  2. Gero eta zigor handiagoak eskatzen ditu, hausteko oso zaila den sorgin-gurpila sortuz: jokabide txarra=zigorra... jokabide txarra errepikatzerakoan are zigor gogorragoa, etab.

  3. Zure eta zure seme-alabaren arteko harremanek egoera horren ondorio txarrak jasotzen dituzte eta gaitzespen afektiboko egoerak sor daitezke, eta horrek oso arazo larriak ekar ditzake, orain konpondu nahi ditugunak baino arazo larriagoak, alegia.

  4. Pertsonok imitazioaren bidez ere ikasten dugu. Eta neska-mutiko bat beti zigortuta bizi baldin bada; honakoa pentsatuko du ("arrazoi dute nire gurasoek; esaten didaten guztia merezi dut") edo bere ingurukoak zigortuko ditu: anai-arreba txikia, eskolako ikaskideak, etab.

Seme-alabekin edo ezkontideekin indarkeria etengabe erabiltzen duten heldu asko agresibitate-giro handiko giroetan hazitakoak dira.

  • Zigorra eraginkorra da, baldin eta:

  1. Azken baliabidea baldin bada eta ez jarduteko ohiko modua: garrasika maiz aritzen bazara, garrasiak alferrikakoak izango dira azkenean eta zure seme-alabek histeriko bezala ikusiko zaituzte.

  2. Gehiegi zigortzen duzunean zera esan nahi du: zure seme-alaben hezkuntzan garrantzia duena eta garrantzirik ez duena oraindik ez dituzula hierarkizatu.

  3. Zigorra zergatik jasotzen den argi eta garbi ulertzen bada.

  4. Berehalakoa bada, alferrikako gerorapenik gabe: "ikusiko duzu zure aita etxera etortzen denean"...

  5. Akatsa egiten den guztietan gertatzen bada, umore onaren edo txarraren araberakoa izan gabe.

  6. Neska-mutikoari alternatiba bat eskaintzen badiozu. Ez da jokabide txarra bakarrik zigortzen, baizik eta beragandik zer espero dugun ere azaltzen diogu eta nola lor dezakeen ere adierazten badiogu.

  7. Pertsonarekiko errespetua ukitugabe geratzen bada, autoestimua gutxitu gabe. Ekintzak dira egokiak edo desegokiak, ez pertsona bera. Ez zara "ezertarako balio ez duena" ez eta "gaiztoa", baizik eta "hori gaizki egin duzu".

  8. Ikaskuntza-jarduerekin lotuta erabiltzen ez baduzu hala nola, adibidez, zigor bezala zerbait kopiatu beharra, edo matematika egitea edo irakurtzea jartzen badiezu. Horixe da etorkizunean matematika edo irakurketa gorrotatzeko modurik onena, egoera desatseginekin erlazionatuta ikusten baititu.

2.3. Ondorio naturalak eta ondorio logikoak

  • Sarien eta zigorren sistemaren aurrean, egile batzuek "Ondorio naturalen" eta "Ondorio logikoen" metodoa proposatzen dute. Sarien eta zigorren metodoak planteatzen dituen arazoen aurrean egindako erantzun alternatiboa da; baina bi sistemak elkarren parean erabil daitezke: adina, haurraren izateko modua eta egoera jakin bakoitzak une bakoitzean komenigarriena zer den adieraziko digute...

Metodoa, oinarrian, hauxe da: neska-mutikoaren jokabidea, jokabide horren ondorioekin erlazionatzea; horrela, nerabe batek neguan behin eta berriz takoi altuko zapatak jantzi nahi dituela esaten badu, oinak bustiko zaizkio (ondorio naturala) eta ziur aski zapatak hondatuko ditu eta ez dizkiote beste batzuk erosiko, berriak erosteko garaia iristen den arte (ondorio logikoa).

  • Ondorio naturalen metodoak errealitatea azpimarratzen du, bai eta elkarren betebeharren eta eskubideen aintzatespena ere, helduen balorazioen gainean oinarritu beharrean. Horrez gain subjektuak bere erabaki propioak hartzea ahalbidetzen du eta beraz neska-mutikoak bihurtzen ditu euren ekintzen erantzule.

  • Zure ekintza zigorra ez dela eta ondorioen azalpena dela ziurtatzeko, kontuan izan ondoko alderdi hauek:

  1. Eskaini zure seme-alabari hainbat alternatiba: "gela txukundu dezakezu ala ez. Txukuntzen baduzu zure lagunak ekar ditzakezu" edo "zure aitak eta biok telebista ikusi nahi dugu. Zuk telebistako saioa gurekin ikus dezakezu edo egongelatik irten. Zuk erabaki zer egin nahi duzun..."

  2. Kontu handia izan ahotsaren doinua egokia izan dadin.

  3. Onarpena eta errespetua adierazi behar ditu. Aurreko esaldiak garrasi artean esanez gero, zigorra dira, eta ez benetako alternatiba. Baina zure doinuak eta begiradek mehatxurik adierazten ez badute, aukera egiteko ahalmena egiazko ahalmen bihurtzen da.

    Zure hitzek maitasuna eta sendotasuna adierazi behar dute aldi berean.

  4. Alternatiba bat planteatu aurretik, ziur egon behar duzu zure seme-alabaren erabakia onartuko duzula.

  5. Batzuetan badira erabaki jakin batzuk arriskuak dakartzatenak, guk, guraso garenez, gure seme alabentzako nahi ez ditugun arriskuak hain zuzen ere: zure alabak mendira joan nahi du nahiz eta euria hasteko zorian egon. Aukera honen ondorio naturala zera izango da: bustita etorriko dela eta katarroa hartzeko arriskua izango duela. Bere erabakiaren ondorioak neurtzeko txikia bada, ez eskaini alternatiba bezala; baina nerabe bat baldin bada ez du merezi harekin borrokatzea: utziozu erabakitzeak dauzkan arriskuak probatzen, zure ikuspegiaren arabera okerreko erabakia hartu badu ere. Erabakiak hartzen ikasten da erantzukizunak hartzen ere.

    Hala ere, asteburua etxean igarotzen badu, katarroa dela eta irten ezinik, ez gogoratu antzeko egoeretan erabaki bat hartu behar duenean, honelakorik: "gogoan duzu...?" edo "Esan nizun nik!" esaldiak irabazitako borrokaren itxura dute, eta ez dira, jakina, ezer erakusteko modua.

  6. Ona da bere erabakiaren ondorioak jasatea. Zuk ez dituzu, lastimagatik edo, ondorio horiek leundu behar: ohetik garaiz ez altxatzea, nahiz eta eguna joan eguna etorri behin eta berriz deitzen diozun, eskolako zigorra ekar dezake puntualtasun ezagatik; eziozu bere jarrera justifikatzen duen ohar idatzi (nahiz eta irakasleari deitu oharra ez egiteko arrazoiak azalduz) eta eziozu jolasgarairako otartekorik prestatu ere, presa zela medio, gosaldu gabe joan delako...

  7. Ekintza batek ondorio naturalik ez duenean, ondorio logikoak aplikatu behar dira: arrazoizkoa da nire gela ordenatu gabe baldin badago nire gonbidatuak hara ezin eraman izatea. Ez litzateke arrazoizkoa izango ikasgai bat kopiatu beharra.

HIRUSTA EGITASMOA – GURASO-ESKOLA

"SARIAK ETA ZIGORRAK EMATEN JAKITEA"

GAIAREN INGURUKO GALDERAK

1.- Adierazi zure seme-alabekin erabiltzen dituzun saririk ohikoenak eta ondo ateratzen zaizkizunak:

_______________________________________________

_______________________________________________

_______________________________________________

2.- Adierazi, era berean, erabiltzen dituzun zigor ohikoenak eta seme-alabentzat onak direla uste duzunak:

_______________________________________________

_______________________________________________

_______________________________________________

3.- Zure seme-alabari bere erabakia hartzen eta bere ekintzaren ondorioekin ikasten utzi diozun egoeren adibideren bat ipini:

_______________________________________________

_______________________________________________

_______________________________________________

4.- Adierazi era berean harrituta uzten zaituzten egoeren adibideren bat, nola jardun behar duzun ez dakizun egoeraren bat. Saia zaitez zure taldearekin konpontzen, gai honetan azaldutakoaren laguntzarekin:

_______________________________________________

_______________________________________________

_______________________________________________

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail