GURASO-ESKOLA           16. SAIOA

GAIA:AUTOESTIMUA (1)
HELBURUAK :
  • Seme-alaben hezkuntzan nork bere buruarekiko ikuskera (autokontzeptu) positiboak duen garrantzia azpimarratzea.

  • Seme-alaben autokontzeptu positiboa eta negatiboa indartzen duten gurasoen portaerak aztertzea.

METODOLOGIA :

1.- Aurreko saioan etxerako bidalitako lanarekin lotutako oharrak eta zailtasunak. Etxerako lan hartan, astean zehar seme-alabei ikusitako alderdi positiboak idatzi behar ziren, bai eta gauza positiboak zenbatetan egin zituzten ere)

( Denbora : 15’ )

2.- "Pigmalion" efektuaren eta Autoerrealizazioaren Profeziaren aurkezpena, bai eta "Pigmalion gurasoen" ezaugarriena ere, erantsitako testuaren arabera.

( Denbora : 10’ )

3.- Kafkaren "Aitarentzako gutuna" ematea, bai eta taldean lan egiteko galde-sorta ere.

( Denbora : 40’ )

4.- Taldean azaltzea

( Denbora : 25’ )

Bibliografia :
  • "¿Cómo organizar una Escuela de Padres?" – JJ Brunet eta Jose Luis Negro –Ed. San Pío X – Madril 1.994

  1. Sarrera: "Pigmalion efektua"

Pertsonok oso eragin handia izan dezakegu besteengan, askotan horretaz jabetzen ez bagara ere. Psikologoek frogatu dutenez besteekiko ditugun espektatibek edo itxaropenek eragina izan dezakete besteen jokabidean. Fenomeno honi Autoerrealizazioaren Profezia edo Pigmalion Efektua deitu izan zaio. Jendea batzuetan zera bihurtzen da: besteek bihurtzea espero dutena.

Denbora luzean pentsatu izan da, sen onak hala erakusten zuelako, pertsona baten espektatiba edo itxaropenak beste baten jokabidean eragina izan zezakeela. Istorio honetako Pigmalion delakoa, Greziako eta Erromako mitologiako printze bat zen. Printze honek emakume idealaren edo perfektuaren estatua bat egin zuen marfilean. Hain irudi ederra eta naturala egin zuenez, estatuarekin maitemindu zen. Maitasun hartan zuen sinesmenak bizia eman zion estatuari. Mito honen bertsio berri bat "Pretty Woman" filman aurki dezakegu.

Hezkuntzaren munduan asko dira euren buruaz seguru egongo diren seme-alabak hezteko gai diren gurasoak; euren buruarengan konfiantza duten gurasoak dira, autoerrealizazioa estimulatzen dutenak. Non dago sekretua?

Pigmalioi positiboak diren gurasoek ezaugarri-sorta jakin bat izan ohi dute, ondoko hauetan biltzen direnak:

  1. Eurengan eta egiten ari direnarengan duten konfiantza.

  2. Seme-alaben hezkuntzan laguntzeko, estimulatzeko eta motibatzeko gaitasuna dutela sinetsita daude.

  3. Seme-alabei euren asmoak egiazkoak eta egin daitezkeenak direla jakinarazteko erraztasuna dute. Seme-alabei helburu eskuraezinak lortzeko ahalegina eskatzen bazaie, baliteke ahalegina alde batera utzi eta berez lor ditzaketen emaitzak baino emaitza apalagoak lortzea.

  4. Sinetsita daude seme-alabek erabakiak euren kabuz hartzen ikas dezaketela, bai eta ekimenak hartzeko gai direla ere. Gauzak horrela, erabakiak eta ekimenak hartzeko motibatzen dituzte eta seme-alabengandik gauzarik onenak espero dituzte, ez gauzarik txarrenak.

  5. Seme-alabak sariaren bidez estimulatzeko gaitasuna, ez sari material batez ordea; seme-alabek egiten dutenaren arrakastan dago saria, euren gaitasunak kontuan hartzea eta baloratzea da saria.

  1. Aitarentzako gutuna

"Haurra nintzenean, zure garrasi guztiak zeruko agindutzat hartzen nituen: zuk esandakoa ez nuen sekula ahazten, eta handik aurrera hura zen niretzat, mundua juzkatzeko neukan irizpiderik garrantzitsuena, bai eta zeu juzkatzekoa ere: zuk erabat huts egiten zenuen ordea. Haurra nintzenean bazkarietan ikusten zintudan batez ere, eta zuk orduan ondo hezitako haurra bezala jan behar nuela esaten zenidan, hori zen zure irakaspen nagusia. Mahairatzen zuten guztia jan behar zen, baina ez zen jakien kalitateaz hitz egin behar: baina zuri maiz iruditzen zitzaizun janari hura jangaitza zela, eta jaki haiek zaborra zirela esan ohi zenuen, ergel hark (sukaldariak) hondatu zituela esaten zenigun. Oso jatuna zinenez eta dena bero-beroa, bizkor eta hozka handiz jateko joera zenuenez, haurrak ere bizkor ibili behar zuen. Bazkarietan isiltasun goibela zen nagusi, zure oharrak bakarrik entzuten ziren: "Lehenengo jan, hitz egingo duzu gero", edo bestela: "bizkorrago, bizkorrago, bizkorrago": edo: "aspaldi bukatu dugu". Nik ez nuen ozpina zurrupatzeko eskubiderik, zuk bai ordea. Ogia garbiki mozteak garrantzi handia zuen; baina zuk saltsaz zikindutako aiztoaz mozten zenuen, eta horrek ez zuen garrantzirik. Ogi-apur bakar batek ere ez zuen lurrera erori behar; zure lekuaren azpian zeuden ogi-apurrik gehienak ordea. Bazkaltzen ari ginenean jateaz besterik ez genuen arduratu behar; baina zuk atzazalak garbitzen zenituen, moztu ere egiten zenituen, arkatzei punta zorrozten zenien, belarri-zuloak txotxekin garbitzen zenituen. Mesedez, aita, uler ezazu; gauza horiek guztiak garrantzirik gabeko xumekeriak ziren, baina itogarriak egiten zitzaizkidan, zuk, nire begien aurrean zenuen aginte handi hura izanik, niri ezartzen zenizkidan legeak zuk errespetatzen ez zenituelako.

"Gauzak horrela, mundua hiru zatitan banatu zen: bata, ni esklabo bezala bizi nintzeneko zatia, niretzat bakarrik asmatutako legeen menpe nengoela, inoiz ere behar bezala bete ezin nituen legeak ziren, zergatik jakin gabe gainera; bestea, izugarri urrun ikusten nuena, zu bizi zineneko zatia, non gobernatzen, aginduak ematen eta betetzen ez zirelako haserretzen hain lanpetuta zeundenekoa; eta azkenik, hirugarrena, gainerakoak pozik bizi ziren zatia, agindurik eta obedientziarik gabe".

"Zure gustukoa ez zen zerbaiti ekiten nionean eta huts egingo nuela eta lortuko ez nuela esaten zenidanean, zure iritziarekiko hain errespetu handia nuenez, azkenean huts egiten nuen, huts egiteko garaia oraindik iritsi ez zen arren. Neure ekintzekiko konfiantza osoa galdu nuen; dudatsu eta zalantzakor bihurtu nintzen. Heltzen ari nintzen neurrian, gero eta gauza gehiago aurpegiratzen zenizkidan nire balio eskasa frogatzeko. Poliki-poliki, nik egindakoak ikusirik, neurri baten arrazoi zenuela ikusi zenuen".

"Ez dut gogoan inoiz zuzenean iraindu ninduzunik edo hitz lodiko irainik bota zenidanik...".

"Ironia erabiliz heziko ninduzula pentsatzen zenuen, ironia hura bat zetorren gainera nirekiko zenuen nagusitasunarekin. Zure ahotan, errietak itxura hau izan ohi zuen: Ezin al duzu hori honela edo horrela egin? Gehiegi eskatzea izango da noski, ezta? Jakina ba, ez duzu horretarako astirik!, eta beste antzeko hainbat eta hainbat. Esaldi hauetako bakoitza barreaz eta aurpegi ozpintsuz esan ohi zenidan. Zerbait gaizki egin nuela jakin baino lehenago ere, nabari nuen zure zigorra ".

"Ez zenidan inoiz ere jo, hori ere egia da. Zure oihuak ordea, zure aurpegi gorrituak, gerrikoa kendu eta aulki gainean ipintzeko zenuen modu bizkorra, hori guztia ia kolpeak baino mingarriagoa zen. Lepotik zintzilikatuko duten gizonaren egoera bezalakoxea da. Benetan zintzilikatzen badute, hil egiten da eta dena amaitzen da. Baina urkamendiko prestakuntza guztiak ikustera behartu eta gero, barkamenaren berri korapiloa lepoan eduki arte ematen ez bazaio, baliteke bizitza osoan zehar izatea sufrimendu hori barnean sartua. Hori gutxi balitz, gainera, argi eta garbi esaten zenidanez, jotzea merezi nuen une guztiei zure errukiagatik barkatu zenizkidan une guztiak gehitzerakoan, errudun-sentimendu beldurgarria sortzen zitzaidan. Dena zen zuri huts egiteko arrazoia ".

Franz Kafka

HIRUSTA EGITASMOA – GURASO-ESKOLA

Kafkaren "Aitarentzako gutuna" irakurri ondoren:

1.- Adierazi, zure bizitza errepasatu ondoren, ziurgabetasuna eta zeureganako konfiantza eza eragin dizuten 2 pertsona (gurasoak, bikotea, lagunak, nagusiak... ) edo egoera:

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

Eta, aldiz, beste 2 pertsona edo egoera zure buruarekiko konfiantza eman dizutenak:

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

2.- Zure seme-alabei dagokienez,

* Egin ezazu zerrenda bat eurei maizenik esaten dizkiezun eta euren autoestimuan eragin positiboa edo negatiboa izan dezaketen esaldiekin:

Positiboak

Negatiboak

_______________________________

_______________________________

"Oso ondo. Horrela egin behar da"

"Heu etxerako"

_______________________________

_______________________________

_______________________________

_______________________________

"Ez duzu ezertarako balio" "Traketsa! "

" Esan dizut"

_______________________________

_______________________________

* Zure seme-alabei konfiantza ematen dieten keinuak edo jarrerak erabiltzen al dituzu? Eta konfiantzarik eza eragiten dietenak? Esan nola egiten duzun

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

* Adieraz itzazu zuk egin dituzun gauza edo ekintza jakin batzuk, zure seme-alaben jokabidean eragin positiboa edo negatiboa izan dutenak :

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail