GURASO-ESKOLA           15. SAIOA

GAIA : OINARRIZKO BEHAR PSIKOLOGIKOAK

HELBURUAK :

  • Gurasoei oinarrizko beharrak zeintzuk diren azaltzea, eta behar horien asetzea edo satisfazioa heziketarekin zuzenki lotua dagoela erakustea

  • Behar horiek egoki asetzeko gurasoentzat lagungarriak diren jokaerak aztertzea

METODOLOGIA :

1.- Irakaslearen azalpena erantsitako materialarekin

(Denbora : 40’)

2.- "Laztan positiboak" galdera-orria banatu. Lehendabizi banaka hausnartu, eta ondoren, egin beharreko galdera taldean eztabaidatu

(Denbora : 30’)

3.- Erantzunari buruzko bateratze-lana egin, eta etxerako lana azaldu.

(Denbora : 20’)

Bibliografia
  • "¿Cómo organizar una Escuela de Padres?"- JJ Brunet eta Jose Luis Negro Ed. San Pío X – Madrilen, 1.994

  • " Manual para el Educador Social" – M. Costa Cabanilla eta López Méndez –Gizarte Gaien Ministerioa

BEHAR PSIKOLOGIKOAK

* Beharrezkoak dira bilakaera psikiko normala izateko.

* Sistema hierarkikoa da, hau da, urrats batetik hurrengora igarotzeko beharra edo nahia agertuko da, baldin eta aurreko beharra beteta badago bakarrik. Esate baterako, Somaliako pertsona bat ez da erretiro-pentsioagatik (segurtasun beharra) kezkatuta ibiliko, gaur jatekorik ez badu (behar fisiologikoa).

1.- Behar fisiologikoak ( gosea, egarria, sexua, logura...)

- Orokorrean dirua dela medio betetzen ditugu. Askotan baina, arazoa ez da seme-alabek jaten ez dutela, soilik gogoko dutena jaten dutela baizik; edo ez dutela nahikoa lorik egiten telebista ikustearren.

- Iragarkiak eta publizitateak sexu-beharraz baliatzen dira (berdin da zertarako: "Danone gorputzak", autoak saldu...)

2.- Segurtasun beharra:

- Ekonomikoa: lanpostu finkoa, aseguru-polizak...

- Psikologikoa: garrantzitsuagoa da. Bigarren mundu-gerraren garaiko umeei buruzko ikerketa baten arabera, bonbardaketetan gurasoen ondoan izan ziren haurrek segurtasun-falta txikiagoa sufritu zuten gurasoengandik bananduta toki "ziurretara" bidali zituztenek baino.

. Haurrek hiru urte inguru dituztenean, arauek segurtasuna ematen diete.

. Lau eta sei urte bitartean, beldurrak (suari, kalea zeharkatzeari) inguruneko arriskuez bere burua babestera bultzatzen ditu, guk geuk beste beldur batzuk sortzen dizkiegun bitartean: "Lo hartzen ez baduzu, Infernuko Patxi etorriko da". Azken horiek batere hezitzaileak ez izateaz gain, segurtasun-falta areagotzen diete.

. Nerabezaroa edo adoleszentzia: Itxuraz beren buruan segurtasun handia dute, baina beren ohiko egoskortasuna barnean duten segurtasun-faltaren irudia besterik ez da. Haurtzaroko ereduak zalantzan jartzen dira, kolokan; horregatik helduengandik eredu egonkorrak behar dituzte, orekatuak, erosoak, eta erretolikarik gabekoak.

3.- Afektuen eta kidetasunaren beharra:

"Talderen batekoa izatea, onartua eta maitatua sentitzea"

Hamabost urteko mutiko batek dio: "Ni ez naiz familiarekin hiru urte baino gehiago bizi izan; gainerako denbora eskola eta harrera-etxe batetik bestera eman dut. Agian horregatik egiten ditut honelako gauzak, besteen arreta neureganatzeko".

Seme-alabak maitatzea ez da nahikoa, adierazi egin behar diegu, maitasuna ez baita berez badagoen zerbait. Hortaz, krisialdi-garaietan erne ibili beharko dugu (anai-arreba jaiotzen denean, eskolan hasten direnean...). Beharrezkoak dira laztan fisikoak eta psikologikoak; irribarreak, maitekiro mintzatzea, laudorioak esatea.

Laztan baikorrak edo positiboak: onarpena eta pertsonaren alde onak azpimarratzen dituzte, ongi sentiarazten digute:

"Soineko hori oso ondo doakizu"

"Egin duzun horrek pertsona zintzoa zarela erakusten du"

Laztan ezkorrak edo negatiboak: Balioa kentzen eta gaizki sentiarazten digute:

"Desastre hutsa zara"

"Banekien lan hori bukatzeko gai ez zinela izango"

Bietakoak, mistoak: Itxuraz positiboak dira, baina mezu negatibo bat ere gordetzen dute:

"Zeuk erosita izateko oso arropa polita daramazu"

"Harrigarria dirudi zuk hain nota ona ateratzeak"

Positiboak jasotzen ez baditut, negatiboak bilatuko ditut. Axola eza edo indiferentzia baino hobea da hori, horregatik: pixa egingo du berriro, edo janaria eskatuko du anai-arreba txikiagoari ematen zaion arreta ikustean, edo besteei zirikatzen ibiliko da atentzioa emateko... Jokaera horien muturra droga hartzea edo delinkuentzian sartzea izan liteke.

AT-n zera esaten dute, "egoera bat ulertzen ez baduzu, azter itzazu ematen eta eskatzen ari diren laztanak".

4.-Balorazio beharra: Autoestimua eta ospea

. Baliagarria izateko beharra, gaitasuna eta ahalmena izatea... "Arrakastaren pedagogia" egin behar dugu, gaitasun errealetan oinarritua, mugetan baino gehiago.

Adinari egokitutako HELBURUAK finkatu behar dira:

. ez errazegiak, bestela ez baitute interesik piztuko

. ezta zailegiak ere, frustrazioa sor dezakete eta

. KONPARAZIOAK baztertu behar dira: nire erreferentzia beste norbait bada, beste lagunak lehiakide bihurtzen dira nire nortasuna eta ospea arriskuan jartzen dituztelako.

"Ez da oso bizkorra; ahizpa, ordea..."

"Utzazu, zeuk ez dakizu eta..."

Mezu horiek behin eta berriro esanez gero, autoirudi ezkorra sortzen dute, eta ondoren konplexu bihurtuko dira, luze iraungo dutenak.

. Oso garrantzitsua da gurasoek eta hezitzaileek lehen urtetan transmititzen diguten irudia, bizitza osoan irauten du eta. Erretiroa heltzen denean krisialdiak; seme-alaben gainean bizi izan diren emakumeak; burujabeak ez diren elbarriak; langabezian geratu direlako ezertarako balio ez dutela pentsatzen duten langileak... etsipenera eta esistentziaren zentzua galtzera ere hel daiteke horrelako egoeretan.

. Gazte batek ikasketetan arrakastarik ez badu, beste zerbaitetan nabarmentzen ahaleginduko da: kiroletan, besteekiko sexu-harremanetan eta abar. Inon lortzen ez badu (familia, ikasketak, lagunak), litekeena da jokaera desorekatuak agertzea, delinkuentziakoak edo asozialak.

Alorretako bati gehiegizko garrantzia edo dimentsioa ematen badiogu (ikasketei adibidez), eta porrotak bakarrik azpimarratzen badizkiogu, kale egin duela sentituko du, ez bakarrik ikasketetan, baizik eta pertsona modura ere bai."Gure seme-alabak ikasleak dira, baina EZ BAKARRIK IKASLEAK"

5.- Norberaren errealizazio beharra :

Pertsonari haztea eskatzen dio, norberak bizitzari zentzua aurkitzea, alegia. Ideiak eta baloreak izatea eskatzen du, haien arabera subjektuak bere ekintzak kokatuko ditu eta. Honela deskribatzen du MASLOWek osatuta dagoen pertsona bat:

- Bere burua den bezalakoa onartzen du

- Errealitatean bizi da

- Lagunen arazoetan gogo gehiago jartzeko joera du, bere arazoetan baino

- Moralaren kodigo bat badu

- Maitatzeko gaitasun handia du

- Harreman sakonak izan ohi ditu

- Burujabea da, autonomoa

- Noizbehinka bakardadea bilatzen du, bere buruarekin egoteko

- Naturala da, zorroztasunik gabe jokatzen du, eta sentimenduak eta iritziak agertzen ditu.

- Umore ona du, erasotzailea eta mingarria izan gabe.

HIRUSTA EGITASMOA – GURASO- ESKOLA

* Etxekoen ustez, honelakoa naiz...

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

Heldu bezala nire harremanak aztertzen

Idatz itzazu azken aldian jasotako "laztan positiboen" bi adibide

(bikoteak, familiako norbaitek, lagunek nahiz lankideek emandakoak...):

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

* Idatz itzazu orain dela gutxi zerorrek emandako bi "laztan positibo":

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

* Batean eta bestean nola sentitu zaren aztertuz gero, zure oinarrizko afektuen beharra beteta duzula uste duzu?

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

Orain, taldekoekin batera helduoi behar hori asetzea erraza egiten al zaigun ala ez ikusi, eta zergatik:

__________________________________________________

__________________________________________________

__________________________________________________

Seme-alabekiko harremanak aztertzen (ETXERAKO LANA) :

Hurrengo astean zehar :

* Idatzi seme-alabengan sumatzen dituzun alde positiboak, onak

*Idatzi zenbat aldiz adierazi diozun (laztan positiboa egin duzula, alegia)

"Igandetako arrantzale bat txalupan begira egonean zegoela, halako batean suge bat ikusi zuen, hortzetan igel bat zeukana. Arrantzaleari pena eman zion igelak, orduan eskua luzatu eta sugeari hortzetan minik eman gabe igela aske utzi zuen. Baina orduan, sugea goseak egongo zela pentsatu, eta hark eman zion pena; horregatik, hari jateko zer eman ez zeukanez, pattar botila atera eta ahoan ttantta batzuk bota zizkion. Bada, gizona egindakoaz pozik geratu zen, sugea oso pozik joan zelako eta igela ere aske izateaz pozik zegoelako. Handik gutxira, ordea, berriz txalupan lasai-lasai zegoela, halako batean kolpeak entzun zituen txaluparen alde batean, zein izango eta, sugea berriz ere... hortzetan bi igel zituela!"

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail