GURASO-ESKOLA           13. SAIOA

GAIA : ZER EGIN BEHAR DA DROGA-ARAZO BATEN AURREAN?
HELBURUAK:
  • Drogak, oro har, hartzen dituzten pertsonei buruz gurasoek duten iritzia eta bereziki beren seme-alabek drogak hartzen dituztela jakin dutenean izan duten portaera aztertzea.

  • Egoera honi aurre egiteko ideiak eta estrategiak eskaintzea.

METODOLOGIA :

1.- Gaineratzen den galde-sorta emango zaie, bakoitzak berea bete dezan.

(galde-sortak bete direnean jaso egingo dira)

(Denbora: 10’)

2.- Bakoitzaren esperientzia eta galde-sortan aditzera eman duena kontuan izanik, ondokoa lortzen saiatuko gara:

Drogen arazoari aurre egiteko bost ekintza, gutxienez, iradokitzea.

(Denbora: 30’)

3.- Taldeen feedback-a eta gaineratzen den testuan oinarritutako monitorearen ekarpenak. Komeni da iradokizun hauek beste arbel batean idatzita egotea edo gardenki baten bitartez aurkeztea, hala talde desberdinen irtenbideak alderatu ahal izateko.

(Denbora: 50’)

4.- Amaieran "Saihestu eta sustatu beharreko heziketa-jarrerak" testua banatzea.

Bibliografia:

  • La prevención de las drogodependencias en la familia" – Plan Nacional sobre Drogas

  • "Familia y Drogodependencias" – Plan Municipal de Drogodependencias - Valentziako Udala.

ZER EGIN DAITEKE TOXIKOMANIAREN ARAZOAREN AURREAN?

ARAZOARI AURRE EGITEKO IRADOKIZUNAK

Norbaitek drogaren bat gehiegi hartzen duela antzeman denean edo, drogak denbora-tarte handi batez hartu gabe izan ondoren (drogak hartzeari uzteko tratamendu bat egiten ari delako esate baterako), drogak berriro hartzen hasi dela antzematen denean, komeni da Aguar-ek eta beste batzuek (1) proposatzen dituzten iradokizunak eta drogazaleen gurasoekin lan egitearen ondorioz dugun esperientzia aintzat hartzea. Bi esperientzia hauetan oinarrituta ondoko gomendioak edo iradokizunak eman daitezke:

  • Egoerari lasaitasunez egin behar zaio aurre.

Lehenik eta behin ez da beldurra, larritasuna, izua, urduritasuna edo inpotentzia nagusitu behar, zure seme-alabarekin zer gertatzen ari den jakiteko kezka azaldu beharko duzu eta arreta handia jarri beharko duzu. Itxaropenik edo lasaitasunik gabeko jarrera hartuta sor daitezkeen erreakzio emozionalak ez dira egokiak izaten edozein motatako arazoei aurre egiteko eta are gutxiago drogamenpekotasunaren arazoari aurre egiteko. Arazoari lasaitasunez, ausardiaz, aurrez aurre eta sakon-sakon egin behar zaio aurre. Baldarkeria saihestu behar da, planteatzen den egoerari buruz lasai egin beharko dugu gogoeta.

  • Arazoaren dimentsioa baloratu behar da.

Arazoaren benetako egoera, hau da, larritasun-maila ezagutzen saiatu beharko dugu, arazoarekiko erreakzioak arazoaren larritasunarekiko egokia eta koherentea izan beharko du-eta.

Arazoa zehatz-mehatz aztertu ondoren planteatuko dira arazoari irtenbidea emateko estrategiak. Ez da komeni arazoaren garrantzia exageratzea edo gutxiestea.

  • Arazoari aurre egin behar zaio.

Arazoa ezagutu eta sakontasunez aztertu ondoren, arazoari aurre egin beharko zaio. Ez da komeni arazoari ihes egitea eta zure seme-alabaren arazo hutsa dela eta berak bakarrik konpondu behar duela pentsatzea, hala jokatzea ez da egokia eta ez zaio errealitateari egokitzen. Gazteen drogamenpekotasunaren oinarrian familia-mailako arazoak ere egon daitezke.

  • Ez da arazoa ezkutatu behar.

Seme-alaba baten drogamenpekotasuna ezkutatzea edo faltsutzea ez da lagungarria. Gainerakoek arazoa ezagutzeak sortzen digun beldurra gainditu egin beharko dugu. Arazoa ezkutatzeak lotsa edo "bekatu" sentimendua baino ez du sortzen. Drogamenpekotasuna ez da ez bizio bat, ez bekatu bat, hurbilago dago gatazka edo krisialdi pertsonaletik eta hauetan aparteko eragina dute gizarte-mailako alderdiek.

ARAZOARI AURRE EGITEKO ESTRATEGIAK

Arazoari lasaitasunez, aurrez aurre, arduraz eta laguntzaz aurre egitea erabakitzen denean komeni da ondoko estrategiei jarraitzea:

  • Menpekotasuna uztarazteaz arduratzen diren profesionalekin lankidetza estuan jardutea.

Seme-alabek drogen menpekotasuna utz dezaten etengabe aritu beharko dute lankidetzan gurasoek. Tratamenduaren prozesua ez da Tratamendu Zentroaren edo prozesua zuzentzen duten profesionalen lan hutsa, esperientziak erakutsi digu gurasoek garrantzi handiko zeregina betetzen dutela prozesu hau eraginkorra izan dadin.

  • Familiaren jarrerak eta baloreak berraztertzea eta auzitan jartzea.

Errudun-sentimendura heldu gabe ere, gurasoek beren seme-alaben heldutasun-prozesuan egin ahal izan dituzten hutsegiteak edo akatsak aztertu beharko dituzte (edo hauek aztertzeko prestasuna azaldu beharko dute). Adierazitako akatsen edo hutsegiteen artean ondokoak egon daitezke:

  • Paternalismoa.

  • Gehiegizko babesa.

  • Autoritarismoa.

Era berean, gurasoek pentsatu beharko dute beren baloreek eta beren portaeraren oinarri diren sinesmenek ez dutela zertan beren seme-alabenekin zehatz-mehatz bat etorri behar. Gerta daiteke balore asko komunak izatea, baina balore guztiek ez dute zertan komunak izan behar.

  • Seme-alabarengana hurbiltzea.

Gurasoek beren seme-alaben konfiantza bereganatu behar dute. Pertsonen arteko harremana izan beharko dute hauekin eta inola ere guraso eta seme-alaben arteko botere-harremana. Harreman pertsonal hauek gauzatzeko beharrezkoa da bestea onartzea, errespetatzea eta ulertzea. Laburbilduz, elkar ezagutzeko eta elkarrekin hazteko asmoa duten bi pertsona harremanetan jar daitezen lortu nahi da. Hau lortzeko, gurasoek beren seme-alaba drogazaleen hazkuntza pertsonala bultzatu eta erraztu egin behar dute, ez diete ezer aurpegiratu behar eta ez dituzte baztertu behar.

  • Komunikazioa eta elkarrizketa lortzea edo areagotzea.

Seme-alabengana hurbiltzeko komunikazioa gehitu egin behar da. Edozein arrazoi dela-eta komunikaziorik ez badago, komunikazioa lortu beharko da. Nolanahi ere, komunikazioa baliagarria izan dadin parekoen arteko komunikazioa izan beharko du eta hau elkarren arteko ulermenaren, errespetuaren, onarpenaren eta estimuaren bitartez soilik lor daiteke. Gurasoek "beren egia" horixe bera, beren egia alegia, besterik ez dela eta ez duela zertan egi bakarra izan onartu behar dute; gainerakoen (kasu honetan seme-alabaren) egia beraiena bezain baliagarria izan daitekeela onartu behar dute.

Komunikaziorako bide berriak zabaldu behar dira, aldez aurretik daudenak zabaldu egin behar dira eta etengabe hobetu. Familiako giroan ez du debekatutako gairik egon behar, familian edozein gairi buruz hitz egin ahal izango da.

  • Drogei buruz hitz egin aurretik gaiaz informatzea.

Orokorrean seme-alabek gurasoek baino informazio gehiago dute drogei buruz. Honek ez du esan nahi, ordea, behar beste informazio dutenik eta informazio hori egokia denik, baina ezin da ukatu gurasoek baino informazio gehiago dutela. Horrenbestez, gurasoek beren seme-alabekin gai honi buruz hitz egin aurretik informazioa jaso beharko dute eta hala arazora hurbiltzea eragotzi besterik egiten ez duten liskar kontraesankorrak saihestuko dituzte.

Gurasoek drogen arazoarekin eta dagokion tratamenduarekin lotzen diren alderdiak ezagutu beharko dituzte, "zertaz hitz egiten ari diren jakin dezaten, bestela seme-alabek gaitzetsi egingo dituzte, ondokoen gisako esaldiak esango dizkiete-eta: <zu ez zara garai honetakoa> edo <zuk alkohola edaten duzu eta ez dizu inork ezer esaten>" –Aguar-en hitzetan (2)–.

  • Jarrera ulerkorra hartzea.

Ulerkor izatea arazoa antzeman edo ezagutzen den unetik bertatik kontuan izan behar den garrantzi handiko alderdia da. Ulerkor izateak ez du tolerante izatea, amore ematea, baimena ematea edo onartzea adierazi nahi, ez du "seme-alaben atzetik joatea" adierazi nahi, Aguar-ek esaten duen moduan. Aitzitik, ulerkor izatea beste pertsona hori nolakoa den eta zer gertatzen zaion eta halako egoera batera eraman duten arrazoiak zein diren jakiteko eta ulertzeko ahalegina egitea da. Bestearen barne-barnean sartu behar da eta ez da erasotzeko eta nolakoa den eta zer egiten duen aurpegiratzeko asmorik izan behar; aitzitik, hobeto ezagutzeko, ulertzeko eta pertsona gisa hazi dadin bere ahaleginetan laguntzeko asmoa izan behar da.

  • Familiako zereginetan erantzukizuna eta parte-hartzea eskaintzea.

Gazte hauek erantzukizuna eskura eta gara dezaten eta familia bateko kide izatearen sentimendua izan dezaten modurik praktikoenetako bat familiaren dinamika osatzen duten zereginak eta lanak beraiekin batera planteatzea, programatzea eta burutzea da. Seme-alabek familiako erabakien eta zereginen parte gisa eta erantzule gisa hartu behar dute beren burua eta horretarako zeregin hauetako batzuk bete beharko dituzte eta familian hartzen diren erabakietan parte hartu beharko dute. Familiaren dinamikan partehartze erabakigarria dutela antzeman behar dute. Beraiei dagozkien arloetan (beren buruaren eta beren gelaren garbiketa…) eta hainbat zeregin kolektiboetan (etxea garbitzea, bazkaria prestatzea, harrikoa egitea…) erantzukizuna izan dezaten bultzatu behar da.

  • Jarduera desberdinetan elkarrekin parte hartzea.

Atseden, kirol, kultur, gizarte eta beste arlo batzuetako jardueretan beraiekin batera parte hartzea komeni da, betiere gure ahalmenen barruan badaude. Garrantzizkoena jarduerak eta nahiak familian partekatzea da.

  • Irtenbideak elkarrekin bilatzea.

Seme-alabekin batera bilatu behar dira beti drogamenpekotasunaren arazoari aurre egiteko irtenbideak. Seme-alaba ez dugu bere arazoaren inguruan planteatzen diren erabaki edo alternatibetan baztertu behar. Hedaduraz, seme-alabek familiaren dinamikan hartu behar diren erabaki guztietan hartu behar du parte. Honela, familian benetako lotura sor dadin lortu ahal izango dugu eta familian sor daitezkeen arazoei guztien artean aurre egiteko behar besteko lotura izango dugu, indarraren eta elkarren arteko laguntzaren ideia sendotuz. Familiaren barruan halako dinamika lortzeko, gurasoek zentzu kritikoa garatu behar dute eta beren seme-alabek bizitzaren aurrean jarrera kritikoa har dezaten bultzatu beharko dute.

  • Drogaren baten eraginpean dagoenean berarekin ez eztabaidatzea.

Seme-alabak drogaren baten eraginpean daudenean alferrikakoa da beraiekin eztabaidatzea edo beren buruari eta familiari zer kalte egiten dioten jabetu daitezen saiatzea. Oro har, une horretan eztabaidatuta subjektuaren erreakzio negatiboa besterik ez da lortzen eta, gainera, une horietan hartzen diren erabakiek ez dute inolako baliorik. Eraginkorragoa da arazoa lasaiago eta sakontasunez eta sendotasunez planteatzea, beti drogaren efektuak amaitu direnean.

  • Hartutako erabakiei eustea.

Seme-alabarekin batera aukerak aztertu, eztabaidatu eta erabakiak hartu direnean, gurasoek hartutako erabaki hauei eusten saiatu beharko dute. Izan ere, hartutako erabakiei eusterakoan gazte drogazaleak anbibalentziak, kontraesanak eta etenak antzematen baditu, ez dio batere onik egingo bere garapen pertsonalean.

SAIHESTU BEHARREKO HEZIKETA-JARRERAK
  • Arazoa ukatzea. Drogak hor daude eta edozein familiak izan ditzake arazoak drogarekin. Arazoa ukatzeak ez du ezertarako balio, arazoaz jabetzea eta drogen kontsumoari aurrea hartzeko elementuak daudela jakiteak drogei aurre egiteko indartsuago, eraginkorrago eta prestatuago egiten gaitu.

  • Era berean, ez da komeni seme-alabei beldurra sartzea, zenbait gaztek beren burua ahalguztidun eta suntsiezintzat hartzen baitute.

  • "Drogak hartzen badituzu gaizki egongo zara" gisako oharrek ez dute ezertarako balio, gazteak hasiera batean drogaren ondorio atseginak baino ez baititu antzemango.

SUSTATU BEHARREKO HEZIKETA-JARRERAK

  • Aurrea hartzea eta informatzea, drogekin lotzen diren gaiei buruz seme-alabek baino lehen ikastea, ondoren beraiei irakasteko.

  • Drogen kontsumoari buruzko ideia argiak, baliagarriak eta errealistak izatea.

  • Drogen kontsumoari dagokionez aurkako jarrera sendoa azaltzea.

  • Seme-alabekin drogei buruz hitz egitea, beraiek zer iritzi duten ezagutzea eta drogak hartzen hastea erabakitzen badute, zer arrisku duten ebaluatzen laguntzea.

  • Erabakiak hartzeko eta erantzukizunaren zentzua areagotzeko seme-alabek duten ahalmena aditzera emango duten mezuak ematea, esate baterako seme-alabei ondokoa esatea: "orain zer egingo duzun erabaki dezakezunez gero, drogak hartzen badituzu zer gerta dakizukeen ere ikasi beharko duzu".

  • Seme-alabaren batek drogarekin arazoak izan ditzakeenean erne egotea, betiere aldez aurretik gehiegi beldurtu edo kezkatu gabe.

  • Drogak kontsumitzen hasten badira, gurasoek bidera dezaketen gai bat dela jakitea.

  • Seme-alabaren batek drogak hartu dituenean, gurasoek sendotasunez eta berehala jardun behar dute.

Laburbilduta, seme-alabek drogei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea komeni dela esan dezakegu; hala ere, ez da komeni eskatzen dutena baino informazio gehiago ematea, beraien jakin-mina ez piztearren. Nolanahi ere, seme-alabek gai honi dagokionez egiten dituzten galdera guztiak erantzun beharko ditugu.

Gurasoek seme-alaben galderei erantzuteko behar besteko informazioa ez badute, hobe da erantzuna atzeratzea eta informatzea.

Drogen gaia familia barruan, naturaltasun osoz eta moralismorik gabe aztertzea komeni da, betiere zalantzak argitu eta elkarrizketa bultzatuta.

1. TAULA

NIRE SEME-ALABAREN ARAZOA EZAGUTZEN DUDANETIK, GU BION ARTEKO HARREMANETAN HONELA JOKATZEN DUT.

 
 

EHUNEKOAK

  Beti Ia beti Askotan Gutxitan Inoiz ez
1. Bere arazoak konpontzen ditut, hau da, bere gaiez arduratzen naiz eta askotan bera baino gehiago egiten dut.          
2. Bere arazoen arrazoiez kezkatzen naiz.          
3. Bere arazoen arrazoiei buruz hitz egiten dugu lasaitasun osoz.          
4. Gertatzen ari dena ulertzen dut.          
5. Bere bizitzarekin egiten ari dena aurpegiratzen diot.          
6. Drogekiko duen jarrera kritikatzen diot.          
7. Drogekin duen arazoaz mintzatzen garenean, elkarrekin haserretzen gara eta garrasika eztabaidatzen dugu.          
8. Etxeratzen denean drogaren bat hartu duela konturatzen naizenean, egunen batean drogak utziko dituen itxaropena galtzen dut.          
9. Drogak utz ditzan aholkuak ematen dizkiot: bere hondamendia izango direla, hil egingo dutela eta familia suntsituko duela esaten diot.          
10. Bere ondasunak, bere gela, arropak eta abar miatzen ditut.          
11. Etxeko zereginetan erantzukizunak eskaintzen dizkiot.          
12. Esaten didanaren gaineko konfiantza azaltzen dut.          
13. Bere arazoari irtenbideak bilatzeko ahaleginean gurekin batera esku har dezan bultzatzen dut gure seme-alaba.          
GAZTEEN PROGRAMA – GURASO-ESKOLA

GURASOENTZAKO GALDE-SORTA (bil ezazu zirkulu baten bitartez aukeratutako erantzunaren zenbakia eta jar ezazu X bat beste aldeko taulako lerro bakoitzean)

A.- NIRE IRITZIZ DROGAK HARTZEN DITUENA:

  1. DELINKUENTEA DA.

  2. LOTSARIK GABEKO BIZIOZALEA DA.

  3. INKONFORMISTA EDO BIHURRIA DA.

  4. GAIXOA DA.

  5. BURUA NAHASTUTA DU.

  6. PERTSONA NORMALA DA.

  7. EZJAKINA DA.

  8. KRISIALDIAN DAGOEN PERTSONA BAT DA.

  9. BESTE BAT (zehaztu) ..........................................................................

B.- GURASOEK EZER GUTXI EGIN DEZAKEGU GURE SEME-ALABEK DROGA UTZ DEZATEN, BEREN GAUZA EDO DROGAMENPEKOTASUNAREN ARLOKO ADITUEN GAUZA DA:

  1. EGIA DA.

  2. GEZURRA DA.

  3. EZ DAKIT.

C.- NORBAITEK DROGAK UTZ DITZAN LAGUNTZEKO ONDOKOA KOMENI DELA USTE DUT:

  1. NOREKIN IRTETEN DEN ETA ZER EGITEN DUEN ZAINTZEA.

  2. BERE BURUARI EGITEN DION KALTE FISIKOAZ OHARRARAZTEA.

  3. BERE FAMILIARI EGITEN DION KALTEAZ OHARRARAZTEA.

  4. BERE KONFIANTZA ZUREGANATZEA.

  5. ZIGORREN BATEKIN EDO KARTZELAREKIN MEHATXATZEA.

D.- EGUNEROKO BIZITZAN SEME-ALABAREKIN DUDAN HARREMANA:

  1. EZINEZKOA da: eraso fisikoak, indarkeria eta irainak daude.

  2. GATAZKATSUA da: gaitzespenak, gatazkak, eztabaidak, garrasiak eta desadostasunak daude.

  3. AXOLAGABEA da: ez dugu asko hitz egiten, berak bere bizitza egiten du eta nik ez dakit zertan dabilen.

  4. AFEKTIBOA da: errespetua, onarpena, elkarrizketa lasaia eta ulermena da nagusi.

  5. Batzuetan GATAZKATSUA eta beste batzuetan AFEKTIBOA da: drogak hartzen dituen edo hartzen ez dituen kontuan hartuta.

  6. EZINTASUNEZKOA da: ez dakit zer egin.

HIRUSTA PROGRAMA

GURASO-ESKOLA

ZER EGIN DAITEKE DROGA-ARAZO BATEN AURREAN?

  • Egoerari lasaitasunez egin behar zaio aurre.

  • Arazoaren dimentsioa baloratu behar da.

  • Arazoari aurre egin behar zaio eta ez da ezkutatu behar.

ARAZOARI AURRE EGITEKO ESTRATEGIAK

  • Tratamenduaz arduratzen diren profesionalekin lankidetza estuan jardutea.

  • Familiaren jarrerak eta baloreak berraztertzea eta auzitan jartzea.

  • Seme-alabarengana hurbiltzea, komunikazioa eta elkarrizketa areagotuz.

  • Drogei buruz hitz egin aurretik gaiaz informatzea.

  • Jarrera ulerkorra hartzea.

  • Familiako zereginetan erantzukizuna eta parte-hartzea eskaintzea.

  • Jarduera desberdinetan elkarrekin parte hartzea.

  • Irtenbideak elkarrekin bilatzea.

  • Drogaren baten eraginpean dagoenean berarekin ez eztabaidatzea.

  • Hartutako erabakiei eustea.

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail