GURASO-ESKOLA           12. SAIOA

GAIA: AUTOMEDIKAZIOA
HELBURUAK:
  • Automedikazioaren kontzeptua ezagutzea eta jarrera kritikoa sustatzea.

  • Sendagaiei familian ematen zaien erabilerari buruz gogoeta egitea.

  • Gurasoei beren seme-alaben osasun-eragile direla jabetzen laguntzea.

METODOLOGIA:
  1. Aurreko saioan beren etxean duten eta sendagaitzat har daitekeen guztiaren zerrenda egitea eskatuko zaie eta zerrenda horretan sendagai horien iraungitze-data ere jaso beharko dute.

  2. 4 edo 5 laguneko taldeak osatuta I. eranskineko fitxari erantzungo diote. (Denbora:15’).

  3. Taldearen feedback-a, erantzunen ezaugarri kuantitatiboei zein kualitatiboei eskainiko diete arreta. (Denbora: 30´).

  4. Azalpen elkarreragilea, atera diren sendagai-taldeen erabilera desegokiaren ondorioz edo kontrolik gabeko erabileraren ondorioz sor daitezkeen bigarren mailako efektuak planteatzea. Horretarako, elikagai-osagarrien (bitaminak esate baterako) zein oso zabalduta dauden produktu naturalen publizitate gisa edo kritika gisa dibulgazioko prentsan edo egunkarietan argitara eman diren artikuluak edo mirari-sendagaien iragarkiak erabiliko dira. (Denbora: 20´).

  5. "Nik erretzen dut, zuk edaten duzu, guk sendagaiak hartzen ditugu, haiek… haiek drogak hartzen dituzte. Gu normalak gara; haiek ez dira normalak, ez daude gizarteratuta, delinkuenteak dira" J. Funes-en esaldia aintzat hartuta, taldean ondoko galderei erantzutea:

  • Nola hezi ditzakezue zuen seme-alabak sendagaiak eta osasun-baliabideak egoki erabil ditzaten?

  • Etxera etorri eta "buruko mina dut", "sabeleko mina dut" edo antzeko beste zerbait esaten dutenean, zer egiten duzue?

  • Etxean egoera hauek "har ezazu hau" esanda konpontzen badira, gerta al daiteke kaleko kulturari jarraituta porro bat erre eta antsietatea lasaitu edo ongi pasatuta konpontzea egoera? (Denbora: 25´).

Bibliografia:

  • Aldizkariak, egunkarietako artikuluak.

  • "Nosotros, los adolescentes y las drogas". Jaume Funes Artiaga. Ministerio de Sanidad y Consumo. PNSD. 1990.

10. GAIA

I. ERANSKINA
  1. Zenbat sendagai desberdin aurkitu dituzu etxean?

  2. Hauetako zenbat zeuden hartzeko epeaz kanpo?

  3. Familia osoak hartzeko modukoak al dira?

  4. Hauetako zenbat dira tratamenduetan erabili eta soberan geratutakoak?

  5. Ba al zenuen sendagai naturaltzat har daitekeen produktu gehiago etxean?

  6. Zein sendagai erabiltzen dituzu berriro? Zertarako? Jarraitu al duzu tratamenduren bat bizilagun baten aholkuei jarraituta?

10 ZURE SEME-ALABAREN HAZKUNTZA OSASUNTSUA SAIHESTEKO AHOLKUAK

1. AUTOESTIMUA ZAPALTZEA

    Ezertarako balio ez duela esan iezaiozu etengabe zure seme-alabari.

2. EZ EZAZU HARREMANIK IZAN

    Zure seme-alabak zurekin hitz egin nahi duenean ez ezazu entzun eta deitzen badizu ez iezaiozu jaramonik egin.

3. BERDIN DIO ERRETZEN BADU ERE

    Zure seme-alabak zigarroak maiz lapurtzen badizkizu, gehitu iezaiozu asteko saria; baliteke zigarro-pakete bat erosteko behar besteko saria ez izateagatik lapurtzea zigarroak.

4. OSPA EZAZU ALKOHOLA EDANDA

    Zure seme-alaba gaztetxoa egunen batean etxera mozkortuta heltzen bada, eman iezazkiozu zorionak, helduen munduan sartu da-eta.

5. EZ ITZAZU INOIZ MOTIBATU

Ez zaitez saiatu zure seme-alabak aisialdia osatzeko kirola egitea edo beste antzeko jarduerak egitea interesgarria dela konbentzitzen, telebista edo bideo-jokoak aberasgarriagoak dira.

6. IRAKATS IEZAZKIEZU OHITURA TXARRAK

    Zure seme-alabak ez badu arrainik, frutarik edo barazkirik jan, ez ezazu behartu, beraiek badakite zer komeni zaien.

7. ARDURAK, ZERTARAKO?

    Lixiba eta garbikarien botilak arraskaren azpian edukitzea erosoago bazaizu, jar itzazu hor. Zaude lasai, zure seme-alaba txikiei ez zaie inoiz horiek hartzea bururatuko.

8. AUTOMEDIKA ZAITEZ

    Irakats iezaiozu zure seme-alabari sendagilearengana joatea denbora galtzea besterik ez dela eta etxean edozein larrialdiri aurre egiteko sendagaiak dituztela.

9. EZ EZAZU ZURE SEME-ALABA GOGAITU

    Zure seme-alabaren lagunek piper egiteko konbentzitzen badute, ez zaitez tartean sartu, gaztetxoen gauzak dira.

10. GUZTIAK BERDIN DIO…

Ez ezazu zure seme-alabarentzako portaera-arau garbirik finkatu, familiaren arauak ez dira beharrezkoak. Ez dago zertan zigorrak edo sariak definitu edo finkatu beharrik.

JATORRI NATURALEKO PRODUKTUEK ERAGINDAKO EFEKTU KALTEGARRIAK

Jendeak ez ditu denda espezializatuetan, farmazietan edo azoka ibiltarietan saltzen diren sendabelarrez egindako prestakinak sendagai gisa hartzen. Jendearen ustetan, oro har, jatorri "naturaleko" produktuek farmazietan saltzen diren sendagai erregistratuek baino propietate terapeutiko leunagoak dituzte eta ez dute toxikotasunik. Hortaz, sendabelarrak "light" direla uste da, bai beren jardueraren ikuspuntutik, bai sortzen dituzten aurkako erreakzioen ikuspuntutik. Azken finean, nolabaiteko plazebo-efektua azaltzen du eta produktu horien argibideek ere informazio hori eman nahi dute ezkutuan.

Prestakin hauek asko erabiltzen dira gaixotasunen edo gaitz arinen autotratamendurako eta honetan eragina izan dezake botika konbentzionalen bidezko tratamenduei buruz zabaldu den mesfidantzak (batzuetan besteetan baino esplizituago), nahiz eta botika hauen prospektuetan eragin ditzaketen aurkako erreakzioei buruzko informazio zehatz, garbi eta batzuetan gehiegizkoa ematen den (prospektuetako askotan, botika hori erabiltzearen ondorioz gerta daitezkeen kalteen zerrenda osoak azaltzen dira).

Ildo honetan, sendabelarrez egindako prestakinak saltzen dituen dendak berak edo pazientearen hurbilekoren batek gomendatutako produktuekin sendatu nahi ditu pazienteak maiz osasun-arazo arinak. Nolanahi ere, osasunaren profesional batek eman dezakeen informazioa eta ezjakin batek eman dezakeena oso desberdinak izango dira.

Dena den, publikoak jakin beharko luke produktu naturalak ere toxikoak izan daitezkeela eta gogoan izan behar du, esate baterako, Sokrates astaperrexilez (izenak berak dioen bezala perrexilaren familia bereko landare batez) pozoitu zela edo antzinako kantabriarrek beren arerioek bizirik harrapa ez zitzaten hagina erabiltzen zutela.

Izan ere, ondorio farmakologikoa eta toxikoa duten produktu ugari lortzen dira landareetatik: kukupraka, kurarea, belladonna eta abar. Zergatik onartzen da, ordea, sendagai "light" direneko planteamendu okerra

Medikuntza gaiak aztertzen dituen izen handiko JAMA aldizkariaren (1995eko martxoaren 8koa, 273:502) editorial batean mota honetako prestakin batzuek hepatitis birikoa edo Amanita phalloides perretxikoaren efektu toxikoa gogorarazten duen hepatoxikotasuna dutela eta gaixotasunaren jatorriari buruzko nahasmena sor dezaketela ematen da aditzera.

Gure ingurunean ez dugu sendabide "alternatiboek" izan ditzaketen efektu toxikoei buruzko informazio fidagarririk. Batetik, pazienteek ez dute normalean halakorik hartu dutela onartzen eta, bestetik, osasunaren profesionalak ez dira konturatzen sendabide alternatibo hauen erabilera oso zabalduta dagoela eta batzuetan pazienteek mota honetako sendagai asko bizitza osorako hartzen dituztela.

Ondoko taulan toxikoak izan daitezkeen hainbat landareei, izan dezaketen erabilerari eta eragin ditzaketen aurkako erreakzioei buruzko informazioa azaltzen da.

IZENA

ERABILERA

AURKAKO ERREAKZIOA

Zolda-belarra (Symphytum Officinale) Digestio txarrak Hepatopatia benoklusiboa eta zirrosia (alkaloide pirroliziklinikoengatik)
Ginsenga (Panax ginseng) Nekea, inpotentzia Maiz faltsutu egiten da. Hipertentsioa, ginekomastia, bularrak handitzea, metrorragia. Haurdunaldian erabiltzen bada, jaioberrien androgenizazioa eragin dezake.
Kamomila (Matricaria chamomilla eta beste batzuk) Migrainaren profilaxia Mihi eta ahoaren mukosen hantura. Ageusia.
Mihura (Viscum album) Espasmoen kontrakoa Hepatoxizitatea
Txortaloa (Mentha polegium) Lasaigarria, dispepsiak Nekrosi hepatikoa. Haurdunaldian saihestu behar da
Sasafrasa (Sasafrás albidum) Erreuma Hepatitia eragin dezake. Diaforesia.
Senezioa (Senecio vulgaris) Diuretikoa Hepatopatia (zolda-belarra bezalaxe)

Kontuan izan behar dugu gaineratzen den zerrenda labur honek ez duela adierazi nahi, ez eta gutxiago ere, bertan azaltzen ez diren landareak guztiz ziurrak direnik; zerrenda honetan askotan erabiltzen diren landare-jatorriko produktuetako batzuk besterik ez dira azaltzen.

Azkenik, komeni da osasunaren profesionalak legez kanpo edo osasun-bermerik ez duten bideetatik inportatzen diren eta kontrolik gabe saltzen diren produktuek izan dezaketen kutsadura edo adulterazioaz ohartaraztea. Sendagai "alternatiboetan" printzipio aktibo "ortodoxoak" erabilita (hala nola, bentzodiazepinak, AINEak edo diuretikoak) adulterazioak egin direla frogatzen duten datu asko ditugu eta hauek aurkako egoerak eragin ditzakete.

Egia esan, zaila da produktu hauek gure ingurunean erabiltzeak izan dezakeen garrantzia ebaluatzea; produktuetako batzuk posta bidez saltzeak zaildu egiten du egoeraren kontrola. Hala eta guztiz ere, Europako herrialde askotan gertatzen den moduan, asko erabiltzen dira. Horrenbestez, aurkako egoerak antzematen direnean pazienteei zuzenean produktu alternatiborik hartu duten galdetu beharko zaie eta halakorik egin badute, hartu dituzten substantziak txartel horian jaso beharko dira.

aurrekosaioakhurrengo

aurreko - hurrengo

azal - hirusta - sarrera - helburuak - saioak

metodologia - egileak - eranskin - e-mail