aurkibidea aurkibidea

LAN BIZITZA ETA FAMILIA BIZITZA BATERAGARRI EGITEKO NEURRIAK

Azaroaren 18ko 40/2003 Legearen arabera, kotizazioaldia eta lanpostu-erreserbaren aldia luzatu egin dira, seme-alaben zaintzari dagokionez (277. BOE, 2003ko azaroaren 19koa):

- Kategoria orokorra: 15 hilabete.
- Kategoria berezia: 18 hilabete.

Seme-alabak dituen familiari laguntzeko Erakundearteko Planak uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua ere onartu zuen. Dekretu hori, berriz, abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuak indargabetu zuen, honako neurri hauek onartu zituen Dekretuak indargabetu ere (255. EHAA, 2003ko abenduaren 31koa):

LAN BIZITZA ETA FAMILIA BIZITZA BATERAGARRI EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

Eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu nahi duten aita edo/eta ama langileei ematen zaizkien diru-laguntzak dira, euren seme-alabak zaintzeko denbora gehiago izan dezaten. Horretarako, eszedentziak edo lanaldi-murrizketak 30 egunekoa izan behar du gutxienez.

HARTZAILEAK

-0 urtetik 6 urtera bitarteko seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzen edo lanaldia murrizten duten langileak.
Eszedentzia hartzeari dagokionez, haurrak 3 urte izango ditu gehienez. Lanaldia murrizteko, berriz, haurrak gehienez 6 urte izango ditu.
Langiletzat honako hauek hartuko dira: enpresa pribatuan edo Administrazio Publikoetan, edo horien mendeko Erakunde Autonomo, Zuzenbide Pribatuko Ente Publiko eta Enpresa Publikoetan soldatapean diharduten langileak, erakunde horiekin lan-harremanak, funtzionario-harremanak ala estatutupeko harremanak dituztela ere. Kooperatiba-sozietateetako bazkideak ere halakotzat hartuko dira.
-Erakunde pribatuak, edozein forma juridiko dutela ere eta irabazi asmorik izan ala ez, betiere langabe gisa (erabateko langabe edo langabe partzial gisa) inskribatuta dauden langileak kontratatzen badituzte, eszedentziako edo lanaldi-murrizketako egoeran dauden langileen ordez Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak ematearren.

ZUZKIDURA EKONOMIKOA

 ESZEDENTZIAKO EGOERA dela-eta, honako laguntza hauek emango dira:


- 2.400 euro urtean, langilea emakumea bada.
- 3.000 euro urtean, langilea gizona bada.

 LANALDI MURRIZKETA dela-eta, honako laguntza hauek emango dira:

- Lanaldiaren % 45-% 50 murrizten bada:
1.800 euro urtean, langilea emakumea bada.
2.400 euro urtean, langilea gizona bada.

-    Lanaldia % 40tik gora eta % 45etik behera murrizten bada:
1.575 euro urtean, langilea emakumea bada.
2.100 euro urtean, langilea gizona bada.

- Lanaldiaren % 33,33-% 40 murrizten bada:
1.350 euro urtean, langilea emakumea bada.
1.800 euro urtean, langilea gizona bada.

Aipaturiko zenbateko horiek lanaldia murriztu duen lanaldi osoko kontratua duen langileari aplikatuko zaizkion gehieneko zenbatekoak dira. Eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu duen langileak lanaldi txikiagoko kontratua duenean, laguntzen zenbatekoak hein berean murriztuko dira.

Eszedentziako edo lanaldi-murrizketako egoeran ematen den denbora urte osoen araberakoa ez bada, ezarritako zenbatekoak ere hein berean murriztuko dira.
Seme-alabak zaintzeko eszedentziaren nahiz lanaldi-murrizketaren kasuetan, bitarteko lan-kontratuei enpresak gertakizun arruntengatik Gizarte Segurantzan kotizatzen duenaren % 100eko diru-laguntza emango zaie gehienez, Estatuko Administrazioak eman ez duen laguntzaren aldearekiko zenbatekoa, hain zuzen ere.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

 Seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzen duen edo lanaldia murrizten duten LANGILEENTZAKO diru-laguntzak:

- Eskaeraren eredu ofiziala betetzea.
- Eskatzailearen NANaren fotokopia, edo, bestela, haren nortasuna egiaztatzeko agiria.
- Hirugarren interesdunaren datu-altako fitxa, eskatzaileak sinatua eta dagokion banku-erakundeak sinatua eta zigilatua.
- Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean noiztik dagoen erroldatuta egiaztatzeko ziurtagiria. Erkidegoko edozein herritan gutxienez urtebete daramala erroldatuta adierazi behar da.
- Gizarte Segurantzaren baja-agiriaren kopia eszedentziaren kasuan, eta Gizarte Segurantzako datuen aldaketari buruzko agiria, lanaldi-murrizketaren kasuan.

- Seme-alabak zaintzeko eszedentziako edo lanaldi-murrizketako egoera egiaztatzeko enpresak emandako agiria. Bertan, honako hauek agerraraziko dira:

• Eskubide hori baliatuko den denbora-tartea.
• Langileak une horretara arte egiten zuen lanaldia, eta lanaldi horren erlazioa lanaldi osoarekiko, betiere aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren arabera.
• Lanaldi-murrizketaren kasuan, murrizketa hori langileak egiten zuen lanaldiarekiko den portzentajea.
- Diru-laguntzarako eskubidea sortzen duten adingabeetakoren batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna aintzat hartua badu, dagokion Foru Aldundiak emandako minusbaliotasun ziurtagiriaren fotokopia.
- Familia Liburuaren fotokopia. Adopzioaren kasuan, berriz, adopzioa gauzatzeko auto judizialaren fotokopia konpultsatua, nazioarteko adopzioen kasuan izan ezik. Horrelakotean, Erregistro Zibil Zentralean inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, adingabeen jatorrizko herrialdeko indarreko legediaren arabera gauzaturiko adopzioa bada, edo, bestela, adopzioari buruz Espainiako Agintaritzak emandako auto judizial irmoaren fotokopia konpultsatua, adingabearen jatorrizko herrialdean adopzio sinplea edo Espainian adoptatzeari begirako tutoretza egin bada.

 ERAKUNDE KONTRATATZAILEENTZAKO laguntzak:

- Eskabidearen eredu ofiziala betetzea.
- Hirugarren interesdunaren datu-altako fitxa, erakunde eskatzaileak sinatua eta dagokion banku erakundeak sinatua eta zigilatua.
- Erakunde kontratatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
- Diruz lagundutako kontrataziorako bide eman duen eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren egiaztagiria. Bertan, honako hauek agerraraziko dira eskubide horiek baliatu dituen langileari dagokionez:

• Eskubide horiek baliatzeko aldia.
• Langileak une horretara arte egiten zuen lanaldia, eta lanaldi horren erlazioa lanaldi osoarekiko, betiere aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren arabera.
• Lanaldi-murrizketaren kasuan, murrizketa hori langileak egiten zuen lanaldiarekiko den portzentajea.

- Seme-alabak zaintzeko eszedentzian dagoen edo lanaldia murriztu duen langilearen ordez jarduteko Enpleguko Zerbitzu Publikoan erregistraturiko bitarteko lan-kontratuaren kopia.
- Kooperatiba-sozietateen kasuan, langile bazkideekin edo lan-bazkideekin egindako sozietate kontratuaren kopia.
- Kontratatuaren enplegu-eskatzailearen txartelaren kopia, edo, bestela, langile hori langabe gisa inskribatuta dagoela ziurtatzeko dagokion Enpleguko Zerbitzu Publikoak emandako agiria. LANGAI Eusko Jaurlaritzaren Lan Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta baldin badago, hori agerraraziko da, eta ez da beharrezkoa izango aipaturiko ziurtagiria aurkeztea.
- Ordezko gisa kontrataturiko langilearen Gizarte Segurantzako alta-agiriaren kopia.
- Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Lurralde Zuzendaritzaren edo, Kooperatiba Sozietateen kasuan, dagokion erakundearen ziurtagiria —eguneratua eta bi aletan—, laguntza eskatu duen erakundeak Zergak eta Gizarte Segurantza ordaindurik dituela ziurtatzen duena. Ziurtagiriaren ordez, idatzi bat aurkeztu ahal izango da, behar bezala zigilaturik, ziurtagiria eskatu izana frogatzeko, baina idatzi horrek eskaera aurkezteko baino ez du balioko. Daukan zorra ordaintzeko luzapena lortu duen erakundeak ordainketak eginak dituela ulertuko da, betiere luzapen hori dokumentu bidez egiaztatzen badu.


ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA ETA TOKIA

Hiru hilabete, lanaldi-murrizketa edo eszedentzia hasten den egunetik zenbatzen hasita.
Eskaerak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.


Argibide gehiagorako:

Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza

Harremanetarako: Idoia Ebro
Tel.-zk.: 945.01.93.44
i-ebro@ej-gv.es
Harremanetarako: Iñigo Gordoa
Tel.-zk.: 945.01.93.44
i-gordoa@ej-gv.es

Arabako Lurralde Ordezkaritza
Tel.-zk.: 945.01.70.05

Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza
Tel.-zk.: 944.03.12.38

Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza
Tel.-zk.: 943.02.32.00

orriaren hasiera orriaren hasiera